xabier martin

Jeltzaleen labirintoko irtenbide eskasak

2025eko otsailaren 4a
17:00
Entzun

EBB berritzeko prozesuan, asteon plazaratuko da albiste nagusia: argituko da Andoni Ortuzar eta Aitor Esteban nor baino nor gehiago ariko ote diren EAJko presidente izateko. Baina, horren zain egon gabe, lehen hautespen aldiak eman du ezustekoa, eta ez txikia: EAJren zuzendaritza labirinto batean sartu da, Ortuzar eta Esteban aurrez aurre jarri baitituzte militanteen botoek, eta, orain, hortik nola irten jakin nahiko lukete burukide batzuek, harridura arintzen hasia zaien honetan. Irtenbiderik balego ere —kasurako, bi hautagai nagusietako batek azken lehiari uko egitea—  ondorioak izango lirateke: militanteek narraskeriatzat jotzea, esaterako. Ageriko beste ondorio bat da EAJren Kongresuko eledunak Ortuzarren konfiantza galdu duela jadanik, noiz eta EAJk Madrilen inoiz baino auzi gehiago negoziatu behar dituen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoak.

Beraz, edozein direla ere Esteban alternatiba gisa aurkeztera bultzatu duten arrazoiak edo sentipenak, zer asmo duen jakinarazi beharko du datozen orduetan, hamabi urtez EAJko buru izandakoak bezalaxe. Bigarren itzulia otsailaren 10etik 26ra izango da, eta, hilaren 9rako, Aberri Berme eta Zaingo Batzordeak lehiakideen zerrendak emango ditu. Ordura arte dute Ortuzarrek eta Estebanek egoera tentuz aztertzeko eta arazoari irtenbide bat emateko, edo EAJren barruan inoiz ikusi gabeko norgehiagoka bat pizteko; ez baita sekula gertatu ildo politiko, adin eta lurralde bereko hautagai bi lehian aritzea EBBko gidaritza eskuratzeko.

Alderdiko burukide batzuek uste dute Estebanen jokamoldea EAJren estilotik urruntzen dela, eta ez dute baztertzen azkenerako Andoni Ortuzarrek berak atzera egitea.

Alderdiko burukide batzuek uste dute Estebanen jokamoldea EAJren estilotik urruntzen dela, BERRIAri esan diotenez, eta ez dute baztertzen azkenerako Andoni Ortuzarrek berak atzera egitea. Onartu dute balitekeela nahiak eta errealitatea nahastea, baina Gipuzkoakoan gero eta argiago ikusten dute Bizkaian arduraz aritu behar dutela une honetan. Estebanek atzera egingo zuelako ustea zabaldu zen gidari askoren artean lehen itzuliaren lehen astean, baina uste hori erdia ustel izateko bidean da, berretsi baita Estebanek babes handia lortu duela Bizkaian, Ortuzarren parekoa edo.

Aitor Esteban
Aitor Esteban, hauteskunde kanpaina egiten. JESUS ZORRILLA / EFE

Eta horrek zabaldu du labirintoaren atea: Bizkaiak erabakitzen du EBB nola eratzen den, afiliatu gehien eta batzoki gehien duen lurraldeak. Ortuzarrek irabazi du lehen hautespen aldia, baina, Araban, Nafarroan eta Iparraldean bildutako botoei esker. Gipuzkoan, Markel Olano ahaldun nagusi ohi eta egungo legebiltzarkidea nagusitu da, eta GBBk argi utzi du kohesio sendoa duela lurralde gisa aritzeko, EAJ bide ezezagun batean barneratzen ari den honetan.

Lurraldeak

Ortuzarren eta Estebanen artean elkarrizketak edo negoziazioak izateak eman diezaioke argia, azkenerako, ziurgabetasunez beteriko egoera horri. Oso zaila da jakitea azkenean elkarren artean lehiatuz gero zer emaitza izango den; are, zaila da hautagaientzat ere. Lehen itzulian, batzoki askotan ez zuten ikusi orain argi ikusten den dikotomia. Ortuzarren alde bozkatu zuten Araban eta Nafarroan, baina bigarren itzuliaren emaitzek ez dute zertan bide beretik jo. ABB berritzeko iazko prozesuan, kritikoek babes ugari jaso zituzten, Gorka Urtaran buru zutela. Jone Berriozabal ofizialista gailendu zen, baina ez alde handiz. Ildo kritiko hori aktibatuko litzateke Araban, Ortuzarri gauzak zailtzeko?

Gipuzkoako militanteek, berriz, argi islatu dute Ortuzar ez dela gehienen apustua izan. Olanok aurki argitu beharko du uko egiten ote dion EBBko buruzagitzarako lehian parte hartzeari. Hark ere bai baitu modua bigarren fasean lehiatzeko. Baliteke GBBren ildo subiranistak egoera hori baliatzea EBBko mahaian duen pisua indartzeko, barne prozesua hasi aurretik ere «behintzat egungo ordezkaritzari eusteko» xedea bazutela esan baitzion BERRIAri jeltzaleen iturri batek. Maria Eugenia Arrizabalaga eta Xabier Barandiaran EBBko kide izan dira orain arte, eta Joseba Egibar GBBko buru ohiarekin batera osatu dute hirukoa. EAJren beste arima politikoaren erresuman, hau da, Bizkaian indarrak banatu diren honetan, baliteke Gipuzkoak zeresan handia edukitzea, eta, azkenean Ortuzarren eta Estebanen arteko buruz burukoa izango balitz, baten edo bestearen alde egitea.

Parte hartzea

Finean, aurrez aurreko hori gertatuz gero, beste aliantza sare bat josi beharko litzateke EAJren zuzendaritzan, lurraldeen artean eta ildo politikoen artean ere bai. Eta akordio berri horien isla izango litzateke EBBren mahaiaren osaera. Ikusteko dago, EAJren lema hartzeko hautagai bi baleude, horrek modua emango liekeen edo ez mahai horretan egoteko Arabako kritikoei eta Bizkaikoei —horien hautagai Eneko Lekuek ez du nahikoa babes lortu bigarren itzulirako—.

Bestalde, Uri Erakundeetako parte hartzea ere aldagai garrantzitsua izango da bigarren itzulian. Lehen fasean apala izan baita, oro har. Lurralde zuzendaritzak berritzeko prozesuan ere islatu zen militanteen interesik eza; alderdi askok dute arazo hori gaur egun, ez alferrik. Afiliatu gehienak ez dira joan batzokietara botoa ematera, baina baliteke hori goitik behera aldatzea jokaleku berri honetan. Alderdia bizi-bizirik agertzea, hori da kasik ondorio on bakarra EAJrentzat, egungo ataka kontuan hartuta.

Ez da erraza EAJren mahai gaineko puzzle piezak lotzea, baina, bata bestearekin elkartzen hasi aurretik, ezinbesteko baldintza da jakitea Ortuzar eta Esteban prest ote dauden aurrera egiteko, jakinda horrek higatu egingo lukeela Bizkaiak EAJren zuzendaritzan duen nagusitasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.