Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria izango da beste sei urtez

Gaur egin dute lehen biltzarra Ipar Euskal Herriko erakundean. Etxegarai izan da hautagai bakarra.

Jean Rene Etxegarai, biltzarrean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko uztailaren 17a
10:07
Entzun

Ez da sorpresarik izan Euskal Hirigune Elkargoko lehen biltzarrean. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza hautagai bakarra izan da lehendakaritzarako, eta bera izendatu dute lehendakari ondoko sei urteetarako Ipar Euskal Herriko erakundea zuzentzeko.

Baionako Lauga kirol gelan egiten ari dira biltzarra, koronabirusaren krisia dela eta. 232 hautetsi ditu elkargoak, baina 214 agertu dira. Lehendakaria izendatu aitzin, Louis Labadot Mauleko auzapezak zuzendu du saioa, bera baita elkargoko hautetsirik adinekoena. Sarrera gisa hitza hartu du, eta ainerako hautetsiei mintzatu zaie: «Badu hamahiru egun Mauleko auzapeza naizela, eta segurtatzen dizuet, Maulek Euskal Herrian segitzen du». Maule espartinaren erakusleiho huts bihurtzetik tokiko industria bultzatzeko eskatu dio Euskal Elkargoari.

«Hautagai naiz, Hirigune Elkargoaren oinarriak sendotu nahi ditudalako. Frantziako handiena da, ez da ariketa erraza», adierazi du Etxegaraik. «Umiltasunez eta determinazioz» aurkezten dela erran du. Hamar lurralde poloen itzulia egin du azken egunetan bere hautagaitza esplikatzeko. «Kartsuki nahi izan dugun elkargo hau ez da osoki osatua», adierazi du. «Erakundea administratiboki eta juridikoki ezarria izan bada ere, ez da osoki instalatua. Aitzineko agintaldian, urrats garrantzitsuak eman genituen, besteak beste, 21 politika publiko onartzearekin. Beharrezkoak ziren». Antzeman dituzten «disfuntzionamenduak» ere aipatu ditu. «Gobernantza paktu berri baten alde egin dugu, oreka gehiago lortzeko lurralde poloen artean».

Hautetsiek banan-banan bozkatu dute. Koronabirusagatik neurri bereziak hartu dituzte: bi bozkaleku jarri dituzte, eta lerroka altxatu dira bozkatzeko.

Euskal Elkargoko hautetsiei euskara hutsezko irakaskuntza esperimentaziorako proiektuak sostengatzeko mozio bat izenpetzea proposatu die Etxegaraik. Saioaren bukaeran onartuko dute. Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek aste honetan salatu dute Frantziako Gobernuak euskarazko irakaskuntza trabatu nahi duela.

Bozka elektronikoa onartzea bozkatu dute ondoren. Hautetsi kopurua ikusita, biltzarrak arintzea ahalbidetzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.