EH Baik sare sozialen bidez jakinarazi du zer gertatu zen atzo Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseiluko bilkuran EH Baiko ordezkari Iker Elizaldek euskarazko hitzartzea egin zuenean: «moztu» egin zuen Kontseiluko presidente Jean Jacques Lasserrek.
«Euskararen ezagupena defendatu zuen Iker Elizaldek», azaldu du EH Baik. «Frantsesez hitza hartu ondotik, euskaraz ere eman nahi izan zuen Ikerrek gure aldarrikapenen berri». Zehazki, azken asteotan euskara, katalana eta galiziera EB Europako Batasunean ofizial egite aldera egin diren urratsak hizpide hartu zituen, euskaraz, Elizaldek, gai horren harira prestatu duten mozioa aurkezte aldera.
Konseiluko presidentearen jarrera, ordea, kontrakoa izan zen, eta ez segitzeko eskatu zion. Euskara ulertzen ez dutenak «trabatu» egiten zituela egotzi zion Elizalderi. Egindako hautuaren aldeko argudioak eman zituen koalizio abertzaleko ordezkariak, baina «Errepublikaren hizkuntzan» aritzeko esan zion orduan Lasserrek.
Bideo bat zabaldu dute zer gertatu zen erakusteko.
🗣ï¸Euskararen ezagupena defendatu zuen Iker Elizaldek atzoko departamenduko kontseiluko bilkuran.
— EHBai Departamendua (@ehbaidep) October 21, 2023
Frantsesez hitza hartu ondotik, euskaraz ere eman nahi izan zuen Ikerrek gure aldarrikapenen berri... entzun Jean-Jacques Lasserreko presindenteak nola moztu zuen orduan: 👇👇 pic.twitter.com/KQMmxlasoE
Hona hitzez hitz jasota Elizalderen hitzartzea eta Lasserrek izan zuen jarrera:
Lasserre: Barkatu, euskaraz egiten duzun erabilerak ez dio deus ekartzen eztabaidari, zuen iritzia ezagutzen dugu. Ulertzen ez zaituztenak trabatzen ditu, besterik ez
Elizalde: Orain irakurri dudanaren itzulpena da, besterik ez.
Lasserre: Zure buruari baizik ez zira ari. Itzul gaitezen eztabaidaren mamira, eta adostu ditugun ideietara, denen eskura den Errepublikaren hizkuntzan
Elizalde: Entzun zaitut Presidente jauna, baina zure erreakzioak harritzen nau. Ados, aurkeztuko dugun mozioa irakurriko dut.
Lasserre: Aspalditxo pasa nuen nire buruari plazer egiteko kultura, diziplina kolektibo baten zerbitzuko ezartzeko
Elizalde: Bidali dizudan mozioa bi hizkuntzetan bidali dut, eta pentsatzen nuen ez zela arazorik izanen bi hizkuntzetan irakurtzeko