Euskal Herriko gatazkari lotutako afera anitzetan parte hartu izan du Jean Fraçois Blanco abokatuak, euskal militanteen defentsan. Apirilaren 2an eta 3an Jean Noel Etxeberri Txetx bakegilea lagunduko du Parisko Zigor Auzitegian. Luhusoko Operazioa goretsi, eta eragin zituen ondorioak nabarmendu ditu. Euskal gatazkaren konponbideari dagokionez, azpimarratu du presoen auzia konpondu beharra dela.
Ikusi gehiago
Zer ikuspegi duzu bakegileen auziaren inguruan?
ETAren armagabetzea epaituko da, eta horretara iristeko gizarte zibilak eramandako ekintza; Luhuson hasi zen, 2017ko apirilaren 8an segitu zuen, eta, azkenean, ETAren desegitea izan zen 2018an. Inportantea da historiarako. Txetxen defentsa daramat nik. Armak eta lehergaiak eramatea leporatzen diote, talde terrorista batekin lotuta; kasu honetan, ETArekin. Frantziako legediari begira, kartzelara bidal dezakete, baina juridikoki ez luke halako arriskurik izan behar. Izan ere, oroitu behar da 2016ko abenduan instrukzio epailearen aitzinetik iragan zela Txetx, eta aske utzi zutela, justiziaren kontrolpean. Ez zuten kartzelatu.
Errugabetzea galdeginen duzue.
Bai. Armagabetzera iristeko izan zuten rol aktibo eta erabakigarriak esker ona piztu beharko luke, eta ez jurisdikzio penal batean auzipetzea eragin.
Nola oroitzen duzu 2016ko abenduko gau hura?
Txetxek anitzetan erran izan didan bezala, Mixel Berhokoirigoin eta Mixel Bergouignanen memoria goretsi behar da; oso ausartak ziren. Bazekiten arriskua bazela polizia informatua izateko, atxilotuak izateko, eta auzipetuak izateko. Baina engaiatzea hautatu zuten, egoera blokeatua baitzen. ETAren armagabetzera iristeko saiakerak ez ziren ongi bururatu, eta, beraz, ekintza indartsu bat behar zen armagabetzea abiarazteko eta gatazka armatu horren bukaerara iristeko, behin betiko.
«Estatuen gezurra izan zen hasieran, bakegileen intentzioak argi baitziren, eta atxilotu bezain laster jakinarazi baitzituzten; inork ezin zezakeen sinetsi ETAko militanteak zirenik»
Nehoiz ikusi gabea zen gizarte zibileko pertsona batzuek erakunde armatu baten armak bere gain hartu eta estatuekin bitartekaritza egitea.
Euskal Herrian ez da modurik izan gatazkatik ateratzeko negoziazioak abiatzeko Frantziako Estatuarekin, zergatik-eta Espainiako Estatuak jarrera erabat itxia eta zurruna zuelako. Esku hartze hori ezinbestekoa bilakatua zen, ez baitzen beste aterabiderik. Nehoiz ikusi gabeko gertakari bat da. Bakerako nahikundea biziki indartsua zen, eta tenorea iritsia zen Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko aldarrikapenak soilik bide politikoetatik defendatzeko.
Luhusoko gertakarien gauean, Madril eta Paris mintzatu ziren lehenik, baina kontakizuna aldatuz joan zen pixkanaka.
Estatuen gezurra izan zen hasieran, bakegileen intentzioak argi baitziren, eta atxilotu bezain laster jakinarazi baitzituzten; inork ezin zezakeen sinetsi ETAko militanteak zirenik. Baina gizarte zibilak kausa hori bere egin izanak ere aldatu zuen kontakizuna. Ordu hartan Parisen nengoen, bakegileekin, atxiloaldian lehenik eta instrukzio epailearen aitzinean ondoren. Sortu zen elkartasuna zinez deigarria izan zen: bai eman zitzaien izena —bakegileak—, eta bai berehalako kontzientzia hori, egin zuten ekintza onuragarria zela, zilegi zela, ezinbestekoa zela. Oroitzapen hunkigarria da. Bakegileak Euskal Herrira itzuli zirelarik, Miarritzeko aireportura, Baionako geltokira, merezitako harrera egin zieten.
Alta, zazpi urte geroago, hasierako kontakizunera itzuli da akusazioa.
Ideia da Luhusoko operazioa eta ondoren gertatutakoa bereizi behar direla, hau da, apirilaren 8ko armagabetzea eta ETAren desegitea. Baina Luhusokoa horren abiatzea izan zen. Instrukzioko zazpi urteetan ikerketak biziki arinak izan dira: bakegileak behin baizik ez zituen entzun instrukzio epaileak, 2018an. Auzipetzerik ez zedila izan galdetu nuen, haien intentzioak ez baitzuen zerikusirik kalifikazio penalarekin; errefusatu zuten.
«Egia juridikoa neutralizatu nahi dute, testuinguru politiko eta sozialetik atera. Funtsean, auzipetze hau fikzio bat da. Txetxen kontrako akusazioak ez du zerikusirik egin zuenarekin»
Txetx Etxeberrik behin baino gehiagotan erran du apirilaren 8aren ondotik ere Frantziako autoritateen oniritziarekin garraiatu zituztela armak eta lehergaiak.
Hori izanen da gure defentsa, eta bi lekuko deitu ditugu horretarako: Matthias Fekl, [Frantziako] Barne ministro zena apirilaren 8ko armagabetzea gertatu zenean, eta Eric Morvan, garai hartan Pirinio Atlantikoetako prefeta zena; harekin aipatu eta antolatu zuten armagabetze eguna. Nola posible da Frantziako Estatuak alde batetik parte hartzea eta kooperazioan jardutea, eta beste alde batetik armagabetze horren eragileak penalki auzipetzea? Armak eta lehergaiak edukitzea eta garraiatzea leporatzen diote; baina, normalean, arau hauste penal hori arma eta lehergai horiek erabili nahi dituztenei leporatzen zaie, edo erabiltzea erraztu nahi dutenei. Hemen, kontrakoa da: arma horien erabilpena etetea zen helburua. Kontraerrana begi bistakoa da. Horretan oinarrituko naiz errugabetu dezatela eskatzeko.
Ez ote da erabaki politiko bat auzitegiari hartzeko eskatu zaiona?
Bistan dena. Auzi guziz politikoa da, gisa horretako aferak auzitegietara iristen diren aldi oroz bezala. Baina, hemen, ohi baino nabarmenago: egia juridikoa neutralizatu nahi dute, testuinguru politiko eta sozialetik atera. Funtsean, auzipetze hau fikzio bat da. Txetxen kontrako akusazioak ez du zerikusirik egin zuenarekin. Bakegileek gure aitorpena merezi dute, ez auzipetzea. Gatazkaren amaierari, bakeari, armen erabilera bukatzeari egin dioten ekarpena goretsi behar dugu. Eta, funtsean, goretsi da. Ikusi besterik ez da zenbat sostengu jaso dituzten: euskal gizarte osoak aitortzen du bakegileek izandako rol erabakigarria.
Zerbait gehitu nahiko zenuke?
Nire ikuspegiari buruz galdetu didazu hasieran. Uste dut Euskal Herriko bakeari egindako ekarpen bat dela. Orain, denbora pasatu da, baina konbentzitua naiz azken euskal presoa aske geldituko den egunean gauzatuko dela bakea osoki. Biziki inportantea da. Gatazka hau biziki luzea eta gogorra izan da, eta, beharrik, gaur egun bukatua da, bere alde mingarrienei dagokienez; baina euskal presoen egoeraz arduratu behar da. Denbora pasatu da, eta haien espetxeratzeak ez du justifikaziorik.