Frantziako Gobernuko Jean Castex lehen ministroarekin eta Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin bildu dira Eskolim hizkuntza gutxituetako murgiltze ereduetako ordezkariak. Bideo konferentziaz egin zuten bilera, herenegun. Kontseilu Konstituzionalak murgiltzearen kontra hartutako erabakiaren harira, Castexek bi diputatu izendatu zituen txosten bat egiteko, murgiltze ereduari «berme» batzuk atzemateko erronkarekin. Castexek orduan hitz eman zuen txostena osatu ondotik murgiltzearen ordezkariekin bilduko zela, egoeraren berri emateko. Bada, «tonu aldaketa positibo bat» izan da Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaren arabera. «Castexek segurtatu digu murgiltze eredua mantentzeko xedea bazutela, eta irtenbideak atzemanen zituztela azkartzeko. Doinu aldaketa preziatu dugu: hizkuntza gutxituen kontra izandako erasoen ondotik, entzun beharra genuen», poztu da.
Hala eta guztiz ere, Jorajuriak zehaztu du ez direla «xehetasun teknikoetan sartu». Murgiltze ereduetako ordezkarien eskaerak «entzun» dituzte Frantziako Gobernuko kideek: murgiltze ereduaren babesa eta sendotzea segurtatzea, eskolako komunikazio hizkuntza euskara dela defendatzea, egoitza publikoak baliatzeko posibilitatea, eta azterketak euskaraz pasatzeko galdea ere. Jorajuriaren arabera, bermeak lortzeko lan juridikoa «zaila» izanen da, eta datozen egun edo asteetan gauzatuko da, zirkular baten bidez. Jorajuria: «Erantzun teknikoak berantago izanen ditugu, zirkular baten bidez. Ez dakigu zein hitz baliatuko dituzten, eta hurbildik zaindu beharko dugu. Bilkuran aipaturiko intentzioak ez dakigu juridikoki nola sartuko diren zirkularrean». Dena den, dosierra Castexen eskuetan izatea baikorki hartu dute murgiltze ereduetako ordezkariek: «Urrats handi bat da, behingoz goi-mailako solaskideak ukan baititugu». Jorajuriaren gogoan «aspaldidanik» ez zuten aukerarik izan zuzenean Frantziako Gobernu buruekin mintzatzeko.
Intentzioetatik bermeetara
Bilkura ongi iraganik ere, ez dute egutegi finkorik jaso, ez baitakite zuzen noiz aterako den zirkularra. Castexek kontzertazio lan bat abiatuko duela segurtatu die, eta horren ondotik helduko dela berme juridikoa. Jorajuriak «mesfidati» segitzen du halere, atzoko bilera «lehen seinale positibo bat»da, baina «ikustekoa da intentzioak nola gauzatuko diren».
Bestalde, Castexek Ipar Euskal Herriko hiru eskola publikotan izandako hiru murgiltze esperimentazioen irekitzea aipatu du. «Segitzeko aukera uzten dutela erakutsi» nahi izan dute, Jorajuriaren aburuz.
Jean Castexek murgiltze ereduei bermeak emanen dizkiela hitz eman du
Murgiltze ereduetako ordezkariekin bildu da Frantziako Gobernuko burua. Xehetasun teknikoak» zirkular baten bidez ateratzekoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu