Robert McBride. Bake prozesuetan eta desarmatzean aditua

«Jazartzen segituta, estatuak ezin du desarmatzeko eskatu»

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Hegoafrikako apartheid-aren aurka borrokatu zen Robert McBride, Umkhonto we Sizwe (MK) taldean, ANC Afrikako Kongresu Nazionalaren adar armatuan. Heriotza zigorra jaso zuen, eta ondoren, indultua. Bake prozesuan parte hartu du ordutik.

Zergatik erabaki zenuten MKn borroka armatua uztea?

Gure helburuen alde bide alternatiboetatik borrokatzeko aukera sortu zelako. Bestelako aukerarik gabeko abagunera mugatutako metodoa zen borroka armatua, 50 urtez egindako protesta baketsua baztertu egin zuelako gobernuak. Baina 30 urteko borroka armatuaren ostean, gobernuak hitz egiteko borondatea agertu zuen, eta indarkeria amaitzeko eta armarik gabeko prozesu politikoa abiatzeko unea iritsi zen. Une hartan armak ez uztea arduragabekeria zatekeen gure aldetik.

Nolakoa izan zen desarmatzea?

Bake prozesuaren parte esanguratsua da, bi aldeen artean konfiantza garatzen duelako. Baina armak entregatzeko prozesua formalizatu egin behar da, egiaztatu; negoziazioetan agente neutro zintzoa edukitzeak laguntzen du.

Zein baldintza izan zenuten desarmatzean?

ANCren eta gobernuaren arteko lehen negoziazio publikoan, adierazpen bat adostu zuten, konpromisoa agertzeko bakearekin, preso politikoen askapenarekin, jardun politiko libreekin... Bi aldeek borondate politiko hura agertu eta gero, desarmatzeari buruzko lantaldea sortu zen; hark jarri zituen baldintzak: bake prozesuan zehar ezin zen filtraziorik egon, ezin zen egitura klandestinorik sortu, ezin zen indarkeria bultzatu edo mehatxatu, eta segurtasun indarrek MK-ko kideen aurkako jazarpena gelditu behar zuten. Era berean, ANCren adar militarra legezko bihurtzea onartu zen: erakundeak funtzionatzen jarraitu zuen, baina armarik gabe.

Orduan, adibidez, armak entregatzera joatean, atxilotuak ez izateko bermea zenuten, ezta?

Bai. Arma kopuru garrantzitsu bat Hegoafrikatik kanpo zegoen, inguruko herrialdeetan; lege batzuk aldatu behar izan zituen gobernuak, aldi baterako bermeak ezartzeko, ekintzaileak atzerritik etorri ahal izateko, atxilotuak izan gabe. Baina halako gauzak isilpean egin ziren.

Nolakoa izan zen bake prozesua?

Luzea eta zaila izan zen; frustrazio uneak egon ziren, negoziazioak hausteraino. Baina borondate politikoa zegoelako izan zen posible. Uste dut gobernua gurekin hitz egiten hasi zenean ez zela kontziente prozesuak ekarriko zituen emaitzez; kontrolean pentsatzen zuen batik bat. Baina negoziazioek bilakaera jakin bat daukate, eta hori funtsezkoa da.

Zein irakaspen utzi zuen Hegoafrikako prozesuak?

Bake prozesuetan arriskatu behar dela. Frustrazio uneak egon arren, alde guztiek aitortu behar dute gatazka armatua baino alternatiba hobeak daudela. Borondate politikoa ezinbestekoa da, baita politikan libreki jarduteko aukera ere: armak ekuaziotik atera behar dira, baita errepresioa ere; jazartzen segituta, estatuak ezin du desarmatzeko eskatu.

Espainiako eta Frantziako gobernuak ez dira ETAren desarmatzea negoziatzen ari. Gobernurik gabe aurrera egin dezake bake prozesuak?

Bide alternatiboak bila daitezke; adibidez, gobernu erregionala, zentralaren ordez. Alderdi batzuek ez dute bake prozesuan parte hartu nahi, baina prozesua ezin da gelditu. Indarkeria utzi nahi dutenek konponbide politikoa bilatzean parte hartu behar dute. Oro har, arazo politiko batek eragiten du gatazka, eta armatu bihurtzen da arazoari aurre egiten ez zaionean; su etenak ez du bakea ekarriko, jatorrizko arazoa konpontzen ez bada.

Egiaren Batzordea beharrezkoa al litzateke hemen?

Jendeak behar duenaren araberakoa da; gatazka batzuk egiaren batzorderik gabe konpondu dira. Baina plataforma formal ofizial bat egon behar da, alde guztietako biktima guztiei ahotsa emateko, haiei gertatutakoa azal dezaten, euren saminaz mintza daitezen. Bestela, biktimak bake prozesuaren aurka ager daitezke. Aitortza jasotzeaz gain, alde guztietako minaz hitz egitean, elkar ezagutzea eta ulertzea errazagoa izango da, batzuek besteen gizatasuna ikusiko dutelako. Horrek onura baino ez dio ekarriko bake prozesuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.