Osakidetzako oposizioak. Irregulartasunak

«Jazarriak sentitu gara»

Osakidetzako oposizioetan izandako irregulartasunak salatu zituztenetik, egoera zailak izan dituzte lanean, eta bik utzia dute lanpostua. Ikerketa bat abian dago Debagoieneko ospitalean; salatu dutenez, haien aurkako «sorgin ehiza bat» da

Manoel Martinez, Marta Macho eta Roberto Sanchez. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
arantxa iraola
Bilbo
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ordura arte inoiz egindako lan eskaintzarik handiena zen: 3.335 postu eskaini zituen Osakidetzak, eta 93.000 pertsonak eman zuten izena. 2018ko udaberria zen, eta etsaminak egiteko prozesua martxan zegoen. Dena garbia ez zen harrabotsa airean zebilen. Zenbait espezialitatetan ospitaleetako medikuak hautatzeko prozesuetan irregulartasunak izan zirela salatu zuten hainbat profesionalek, eta ahots horietako hiru izan ziren Manoel Martinez (Vigo, Galizia, 1980), Marta Macho (Barakaldo, Bizkaia, 1978) eta Roberto Sanchez (Bilbo, 1974) Debagoieneko ospitaleko (Arrasate, Gipuzkoa) anestesiologoak. Irregulartasunen jakitun, etsaminetako bat egin aurretik —Gasteizko erietxeetarako anestesiologoak hautatzekoa—, proba hori nork gaindituko zuen iragarri zuten, eta notario aurrean jaso zen agiria. Asmatu egin zituzten izenak: denak. ESK sindikatuaren eta Elkarrekin Podemosen babesa izan zuten prozesuan; estimutan dute. Zurrunbilo handia eragin zuen albisteak. Salatu dute lanean traba handiak jarri dizkietela ordutik: «Jazarriak sentitu gara».


Erietxe barruan izan dituzten gatazkak argitze aldera abian den ikerketa batean beren aurkako jarrera hori oraindik ere argiago ikusi dute orain, gainera. Macho: «Gu harrapatzera joan dira». Sanchezek eta Martinezek alde egin dute erietxetik, egoera eraman ezinik. Gaixo agiriarekin dago Macho, eroriko baten ondorioz arazo fisiko bat baitu. «Itzultzeko gogoz nago; nire lana gustatzen zait». Baina badu kezka: «Erietxean aurkituko dudana tamalgarria da; gorabeherak daude ia egunero, giroa ez da ona...». Arnasa hartuta mintzo dira bere kideak. Sanchez: «Ikaragarrizko antsietatearekin nengoen. Haserrekorrago ere banenbilen; seme-alabek ere esaten zidaten». Lehen mailako osasun artako espezialitatea ere badu, eta geriatra dabil orain, Gasteizen eta inguruetan. «Lau hilabete daramatzat, pozik». Kantabriako (Espainia) erietxe batean anestesiologo hasi da Martinez. «Presioaren» ondorioz hartu behar izan zuen erabakia: «Alde egitera gonbidatu gaituzte irregulartasunak salatu genituen egunetik».

«Presio» horiek, hein batean, kideek sentiarazi dizkietela onartu dute. Gogoratu dute ospitaleetako medikuak hautatzeko prozesuetan «irregulartasunak» oso zabalduta egon direla urte askoan, eta langile askoren konplizitatearekin ehundutako sare trinkoei esker egin direla. Ospitaleetako zerbitzuburu askoren «boterea» nabarmendu dute.

Lankide horien partetik sentitu dute «ostrazismoa». Baina zuzendaritzakoei sumatu diete, batez ere, aurkako jarrera. «Lan bat egon da gu presionatzeko, presionatzeko, presionatzeko, era ezberdinetan», azaldu du Sanchezek:«Presio isil eta iraunkor bat izan da, harik eta gehiago jasan ezin izan dugun arte». Bat dator Macho: «Jazarpen iraunkorra izan da; bai kontratuen bidez egindako mugimenduekin, bai eta gure eguneroko praxian sentitzen genituen presioekin ere». Gertaera jakinak direla azaldu du Martinezek, eta ondo erregistratuta daudela: «Kontratuak ukatu zaizkigu, ahaleginak egin dira gu banatzeko».

Kontratuen erabilera

«Errepresioa» hitza erabiltzeko beldurrik ez du Sanchezek bizi izan dituzten egoera askoren atzean zer dagoen azaltzeko. Aditzera eman dutenez, erietxeko zuzendari medikoa aldatu zuten irregulartasunak ezagutarazi eta denbora batera, eta orduan gordindu ziren arazoak: «Joera gogorreko zuzendari bat jarri zuten erietxean. Ahalik eta deserosoen sentiarazi gaitu, alde egin dugun arte». Gertaera ugari dituzte adibide gisa. Macho: «Aldi baterako lan bat atera zen, eta ni lehena nintzen zerrendan. Deitu zidaten, eta esan zidaten nuen behin-behineko kontratua eten egin behar nuela, eta gero ikusiko zutela niri hots egiten zidaten». Gogoratu egin behar izan zien egoera: «Ni naiz zerrendako lehena». ESKren bidez «alarmak piztu» zituzten, eta uste du horri esker bideratu zela egoera.

Martinezek gogoan du aukera sortu zitzaiola gaixo zegoen langile bat ordezkatzeko, eta bazegokiola lanpostu hori, ordura arte zuena baino ordu gehiagokoa. «Zerrendetara atera behar zuten, baina ez zuten atera, eta ez zidaten eman». Orduan abiatu zuen lehen aldiz gatazka protokolo bat zuzendaritzaren kontra, eta ebazpena haren aldekoa izan zen: «Arrazoi eman zidaten. Lanaldi osoan egon izan banintz jasoko nuen diru guztia pagatu zidaten». Halako gertaerak izan dira haien nekearen motiboetako bat. Macho: «Etengabe aritu dira kontratuekin jolasean».

Guardiak, «arma» bat

Zuzendari berria, propio, erietxeko anestesiologia zerbitzua «itotzera» joan zelako uste osoa dute. Eta, diotenez, haien aurkako jarrera argia izan zuen beti. Macho: «Aurkeztu zen egunean berean, argi utzi zituen distantziak. Erietxeko zuzendaria zela esan zuen, ospitalea harena balitz bezala, eta gu hari obeditu behar genionak». Taldean beti jendez justu ibili izan direla adierazi dute, eta zuzendari berriak muturrera eraman zuela egoera. Sanchez: «Iritsi orduko, argi utzi zuen ez zuela jendea kontratatzeko asmorik. Hara zer esaldi bota zuen: 'Anestesiologoak sobran ditut'». Bide batez, argi dute «guardien» antolaketa okerra haien kalterako erabili zela; «arma» gisa erabili ditu zuzendaritzak, taldea «estutzeko».

«Hilean sei guardia egiten ari ginen. Eta udan, akaso, zortzi ziren», gogora ekarri du Martinezek. «Lan akordioak argi eta garbi dio, ordea, hilean hiru guardia egitera behartuta gaudela, eta taldeek horren arabera antolatuta egon behar dutela. Laugarren guardiak hautazkoa izan behar du». Guardien antolaketa, gainera, anabasa hutsa zela salatu du. «Urtebete bazen guardiak jasotzen genituena zenbait eguneko aurrerapenarekin. Egunetakoarekin», nabarmendu du. «Nola antolatuko duzu familiarekin plan egoki bat era horretan? 24 ordu egingo dituzu larunbat batean erietxe batean sartuta. Nola antola zaitezke hain denbora gutxirekin?». Legez, txandak «bi hilabeteko aurrerapenarekin» jakinarazi behar direla gogoratu du. Eta jokabide hori ezin dela onartu. «Gaitasun faltaren ondoriozko arduragabekeria bada, horrek esan nahi du batere gaitasunik ez dutela. Horrenbesteko arduragabekeria ez da posible. Fede txarra ikusten dut hor».

Izan ditu antzeko esperientziak Sanchezek. «Nik gatazketarako protokolo bat jarri nuen, esaterako, zuzendari medikoak hots egin zidalako, egun batetik bestera, eta hurrengo eguneko guardia nik egingo nuela esan. Seme-alaba adingabeak ditut, eta, hala ere, halaxe adierazi zidan: nik egin behar nuela guardia hori, eta ez zidan argibiderik eman horren zergatiaz. Eta xantaia ere egin zidan; izan ere, Martari idatzi zion esateko ni agertzen ez banintzen berak lanean geratu behar zuela, 48 orduko guardia bat egiten. Azkenean, egin nuen guardia hori, eta kexa bat jarri nuen». Eta izan ziren gehiago ere: «Izan ere, jaiegunetako guardia guztiak niri jartzen zizkidan. Sei guardia segidan egin nituen jaiegunetan, eta banekien niri jarriko zizkidala denak, horren gaineko zergatirik inoiz azaldu gabe».

Maiz sentitu dute ez dietela utzi beren lanerako «irizpideak» betetzen, edota auzitan jarri dituztela. «Irizpideak produktibitatea handitzeko izan dira, pazienteen segurtasunaren kontra», salatu du Sanchezek. «Egin nuen gatazketarako protokoloetako batean zehaztu behar izan nuen prozedura jakin bati jarraitu behar izan niola hala agindu zidatelako, baina nire lan egiteko irizpideen kontra zihoala». Machok ere baditu tankerako motiboengatik abiatutako protokoloak.

Onartu dute, tamalez, lankideek eta Debagoieneko erietxeko pazienteek ere «pairatu» dutela hori guztia. «Jakina, albo ondorioak daude. Gu izan gara lantaldea itotzeko motiboa, baina lantalde osoak pairatu du egoera hau. Eta talde ia osoa desegin da», azaldu du Martinezek. Eta arta mehartu egin da horren ondorioz. «Debagoieneko erietxeko osasun arta txarragoa da gaur egun, anestesiologia zerbitzua deuseztatu egin baitute», salatu du. «Mendekuagatik», ohartarazi du Machok: «Izugarria da hori».

«Sare sozialez» galdezka

Aipatu dute jada kontzeptua: gatazketarako protokoloa. Bizi izan dituzten egoera horiek guztiak tarteko, langileek hilabeteotan kexa moduan abiatu dituzten tramiteak dira, zuzendari medikoaren kontrakoak. Diotenez, pilatu egin dira horietako asko erietxean, Osakidetzako zuzendaritzara jo zuten horien gaineko kezka agertzeko, eta ikerketa bat abian da zer gertatzen den argitzeko. Ikuskatzaile baten esku utzi du Osakidetzak. Hortxe ere sentitu dute, ordea, beren kontrako jarrera argia berriro hiru medikuek. Ikuskatzaile horrekin izan dituzten elkarrizketak, esaterako, haien aurkako«galdeketak» izan dira. Deigarria egin zaie jendeari deitzeko erabili zuten ordena ere.«Gu hirurok deitu gintuzten aurrena», gogoratu du Martinezek. «Eta galdeketak sorgin ehiza hutsa izan dira. Etengabe galdetzen jardun dute ikusteko hanka non sartu ote dugun, zer egin ote dugun gaizki», esan du Machok.

Hari deitu zioten lehenengo elkarrizketara, eta ezuste handia hartu zuen: «Galdeketaren amaieran nire sare sozialei buruz galdetu zidaten». Zur eta lur geratu zen. Elkarrizketetan ikusi zuten, gainera, ikuskatzaileak eskura zituela hirurek sare sozialetan egin duten jardunari buruzko txostenak, pantailen irudiekin-eta, propio ikerketarako prestatuta. Guztiz sumindu ditu jokatzeko era horrek. «Robertok alde egin zuenean, Osakidetzak esan zuen berdin tratatzen dituela bere 38.000 langileak. Ulertzen dut, beraz, gela oso bat izango dutela 38.000 langile horiek sare sozialetan duten jardunari buruzko txostenekin. Eta pentsatu nahi dut bostehun pertsona izango dituela langile bakoitzaren sare sozialak aztertzen... ezta? Langile guztiak berdin tratatzen baditu...», salatu du Martinezek. Portaera horien atzean «disidentzia» isilarazteko borondatea besterik ez dagoela uste du.

Buruan iltzatua du Sanchezek bere «galdeketaren» hasiera ere. Lehen galdera, bereziki: «'Errespetatzen al duzu zuzendari medikoaren autoritatea?'. Horixe izan zen lehen galdera. Eta gero zer-eta gainerako galdera guztietan ikusi nahi zuten hanka sartzeren bat egin dudan, ni errudun bihurtzeko. Jazarpen kasuak aztertzen ari bagara, hori ez da ustez sufritzen ari den norbait errespetatzea. Akaso dena da faltsua, baina uste dut errespetua merezi dudala. Eta, egoera horretan zure sare sozialetako irudiak erakusten hasten bazaizkizu, zertan ari gara?».

«Tonua» eta «galderak»

Arbuiagarritzat daukate ikerketa hori egiteko prozesuan ikusi duten guztia. «Ikerketak ez zuen izan behar gure alde edo kontra. Objektiboa izan behar zuen. Baliteke gu gezurretan ibiltzea, baliteke. Baina hasiera-hasieratik sentitu gara akusatuak», deitoratu du Sanchezek. Izan ere, «objektibotasunetik» urrun sentitu dituzte «tonua eta galderak». Hirurek. «Ehizatua sentitu naiz», salatu du Machok. «Sentitu dut adibide gisara erabili nahi dutela gure kasua, jendeak ez dezan kexarik egin, eta ez dezan hitz egin Osakidetzan dauden arazoei buruz». Arbuiagarritzat dauka. «Lehendik ere antolaketa estamental hertsia du Osakidetzak, zeinean baitirudi medikuak jainkoak direla, eta haien pribilegioak babestu behar direla, eta gainerakoek irentsi egin behar dutela». Argi du gatazka protokoloek zirrikitu bat izan behar luketela hor. «Baina langileak arrastoan sartzeko bide bat da hau, antzeko egoeretan egon daitezkeen langileei ateak ixteko».

Ikusitakoak ikusita, beste ondoriorik ezin dutela atera uste du Martinezek. «Itxura guztia du ikerketa honekin gu zigortzeko espediente bat ireki nahi dutela». Ikerketa osoa xede horren inguruan ardaztua dagoela uste dute. «Guri egotzi nahi zizkiguten kontuak berresteko deitu dituzte gainerako elkarrizketatuak ere». Ezina ikusten dute atzean, osasun sistemak dituen zailtasunei aurre egiteko begirada laburregia. «Osakidetzako kudeatzaileak ihesbiderik gabeko piztiaren gisan jokatzen ari dira», salatu du Sanchezek.

Ahotsa ozentzeko kapaz

Ez dute irregulartasunak salatzeko egin zuten urratsaren damurik. «Lehenago edo geroago», ondorioak espero zituztela onartu du Sanchezek. Baina uste dute beren ezaugarri profesionalek «pribilegiatu» egiten dituztela, eta beste langile askok baino aukera gehiago izan dituztela ahotsa ozentzeko: «Horretarako era izan dugu badakigulako, era batera edo bestera, lana izango dugula».

Eta iruditzen zaie agerrarazi beharrekoak zirela Osakidetzan, erietxeen eremuan, lanpostu publikoak banatzeko egon diren arauz kanpoko zenbait jardunbide. «Ez da justua, eta legez kanpokoa da, gainera. Eta norbaitek egin behar zuen», adierazi du Martinezek. «Eta izan ziren aurrez beste salaketa batzuk ere», nabarmendu du Sanchezek.

Izan ere, arauz kanpoko jardunbidea praktika errotua izan da urte askoan. Proba jakin bat nork gaindituko zuen esateko egin zuten keinuaz gain, bestelakoak ere egin zituzten. Espezialitateko arduradunaren bulegoan oroitzen du bere burua, adibidez, Machok, izerditan, grabagailu bat eskuetan zuela, urduri. «Lanpostua eskatzera joan nintzen. Halakoetan esaten dena esan nion: 'Kaixo, erietxe honetako alaba naiz, eta postua lortzen lagun diezadakezun ikustera nator'. Ez zidan ezezkorik esan. Epaimahaiak eratzeko zeudela esan zidan, joateko aurrerago. Baina inondik inora ere ez zidaten erantzun 'Baina zer ari zara eskatzen!'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.