Jazarpena dela eta, BERRIAk babesa adierazi dio Enbeitari

BERRIAko zutabegilearen aurka irainak egin dituzte sare sozialetan, eta pankartak jarri. BERRIAko langileek «onartezintzat» jo dute jarrera hori

Onintza Enbeita bertsolaria eta BERRIAko zutabegilea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Jazarpena jasaten ari da Onintza Enbeita bertsolaria eta BERRIAko kolaboratzailea, egunkari honetan argitaratutako iritzi artikulu batzuk direla eta. Sare sozialetan haren aurkako irainak zabaldu dituzte, eta pankarta batzuk agertu dira Algortan (Getxo, Bizkaia). Hain justu ere, atzo iluntzean Enbeitak bertso saioa zuen Algortan, eta boikoterako deia egin zuten. Horren aurrean, BERRIA Taldeak eta langile batzordeak erabateko babesa eman diote Enbeitari, eta «onartezintzat» jo dute artikulu baten egilea hala jazartzea.

Ez da lehen aldia; udazkenean ere pintaketa batzuk egin zituzten. Enbeita eguneroko iritzi emailea da BERRIAko Bira atalean, eta joan den urrian argitaratutako artikulu baten harira ari zaizkio jazartzen. Ernesto Guevara Che hil zuteneko urteurrenean, hari buruzko gogoeta bat egin zuen, emakumeekin izan zezakeen rola hizpide hartuta. «Ez diot haren lanari ezer kendu nahi, baina ez dakizkigun datuek kezkatu egiten naute. Hala ere, ez dakit ezkutatu digutena jakin nahi dudan ala ez».

Iritzi artikulu haren ondotik, Enbeitaren aurkako mezuak zabaldu zituzten, eta aste honetan berdin egin dute, Algortan bertso saioa duela baliatuz. Besteak beste, «inperialismoaren zerbitzaria» izatea egotzi diote, eta Posmofeministak, inperialismoaren zerbitzariak eta halako leloak zabaldu. Are, Onintza, alde hemendik dioten kartelak ipini dituzte.

BERRIA Taldeak eta langile batzordeak «babesa eta elkartasuna» adierazi dizkiote Enbeitari, eta jazarpena salatu dute. «Begi onez hartzen dugu eztabaidatzea, desadostasunak plazaratzea. Baina gauza bat da iritziaren aurka jotzea argudioekin; oso bestelako bat, aitzakia hori baliatuta pertsonen aurka jotzea. Onartezina da». Irainen «karga sexista nabarmenaz» ere ohartarazi dute.

Balkoitik balkoira saioa zuen Algortan atzo Enbeitak. Dozenaka herritarren babesa jaso zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.