Jazarpen sexista eta arrazisten salaketak bikoiztu egin dira EAEn

Artolazabalek aitortu du poliziek ez daukatela prestakuntza nahikorik gorroto delituei aurre egiteko. Iruñeko LGTBI gunea zabaldu dute

Iruñeko udal ordezkariak, atzo, Harrotu LGTBI gunea ezagutzen. BERRIA.
Ion Orzaiz.
2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Urtebetean, jatorri, etnia, genero eta sexu identitatearekin lotutako jazarpen salaketak bikoiztu egin dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eraberean sareak 25 salaketa erregistratu zituen 2015ean, eta 49, berriz, 2016an. Horietatik, arrazakeria eta xenofobiarekin lotutako jazarpen kasuak izan ziren %53 inguru, Enplegu eta Gizarte Politika sailburu Beatriz Artolazabalek atzo azaldu zuenez.

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuen Artolazabalek, Eraberean sarearen urteko jardunaren berri emateko. Aitortu zuen poliziek eta epaileek «zailtasunak» dituztela gorroto delituak identifikatzeko: «Kasu gehienetan, biktimek ez dute sentitzen justiziak ordaina eman dienik». Horren oinarrian, «prestakuntzarik eza» dago, sailburuaren esanetan. «Batzuetan, Poliziak ez du instrukzioa behar bezala egiten, edo ez du prestakuntza nahikorik salaketei bidea emateko eta eraso edo delitu arinei aurre egiteko». Artolazabalek gaineratu zuen Ertzaintzaren ikastegian berdintasun formakuntza saioak eskaintzen hasiak direla arazoa konpontzeko.

Udal LGTBI gunea, zabalik

Harrotu LGTBI gune berria zabalduko du gaur Iruñeko Udalak, San Gregorio kalean. Atzo, bisita ofiziala egin zuten udaleko zinegotziek, azpiegitura berria ezagutzeko. Informazioa, arreta, babesa eta sentsibilizazioa eskainiko ditu guneak: arreta sexologiko eta psikosoziala emateaz gain, LGTBI gaiei buruzko funts dokumentala ere izanen du eskuragai, eta sentsibilizazio nahiz informazio kanpainak antolatzeaz arduratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.