«Jazarpen politikoa» eten dadin eskatu dute D3M eta Askatasunako auzipetuek

Hainbat legebiltzarkide eta legebiltzarkide ohiren elkartasuna jaso dute hamahiru auzipetuek, agerraldi publiko bateanApirilaren 3oean hasiko den epaiketa «ilegalizazio politiken luzapena» dela diote

Hainbat legebiltzarkide eta legebiltzarkide ohik elkartasuna adierazi zieten D3M plataformako eta Askatasuna alderdiko auzipetuei. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Duela hiru urte, atzoko egunez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezterik ez zuten izan D3M plataformak eta Askatasuna alderdiak, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituelako hauteskunde zerrendak. Auzi horretan hamahiru lagun auziperatuta daude, ETAko kide izatea edo talde armatuari laguntzea leporatuta, eta apirilaren 30ean epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean. Auziperatuek hainbat legebiltzarkide eta legebiltzarkide ohiren babesa jaso zuten atzo, agerraldi publiko batean. Zehazki, Javier Madrazo, Oskar Matute, Rafa Larreina, Iñaki Ruiz de Pinedo, Tasio Erkizia, Oxel Erostarbe, Mikel Basabe eta Jesus Perez de Viñaspre parlamentario eta parlamentario ohiak izan ziren prentsaurrekoan, D3M eta Askatasunako auziperatuei elkartasuna adierazteko.

Agerraldian zeudenen izenean agiria irakurri zuten Amparo Lasheras eta Zuriñe Zorrozuaauziperatuek. Espainiako estatuari eskaera zehatza luzatu zioten: «Salbuespen neurriak» bertan behera uzteko, «jazarpen politikoa» eteteko eta legez kanporatutako antolakunde politikoak legeztatzeko. Izan ere, azpimarratu zuten Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoak ere estatuari galdegiten diola gatazka politikoaren konponbiderako aukera historikoaren aurrean «jarrera eraikitzailea» har dezan. «Politika egiteko» garaia dela eta eskubideen urraketa etengabeak ezin duela argudio politikoa izan ohartarazi zioten estatuari, halaber.

ETAk armak utzi ostean Euskal Herrian ireki den aro berriari Espainiako estatuak «blokeo estrategiarekin» erantzuten diola gaitzetsi zuten auziperatu, legebiltzarkide eta legebiltzarkide ohiek: «Eutsi egiten diote immobilismoari eta errepresio errezeta zaharkituei, temati, itsu eta gor jarduera politikoen kontrako jazarpen polizial eta judizialari ekinez». D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa horren adibide dela azpimarratu zuten.

Lasherasek eta Zorrozuak gogoratu zuten 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak «salbuespen egoera» batean egin zirela, gaur egun auziperatuta daudenek aurkeztu nahi zuten eskaintza politikoa legez kanpo utzi zutelako. Hala, boz horien ostean eratu zen Eusko Legebiltzarrak ez dituela aukera politiko guztiak ordezkatzen argi utzi nahi izan zuten.

Haien ustetan, «oso larria da» hamahiru euskal herritar epaitzea, euskal gizarteari hauteskundeetarako eskaintza bat egin izana leporatuta. Hauteskunde eskaintza horrek euskal herritar guztientzat «esparru demokratiko bat» eratzeko helburua zuela azpimarratu zuten: «Euskal Herriko hiru milioi biztanleentzako demokrazia aldarrikatzen zuen hauteskunde eskaintza bat da epaituko dena». Horrez gain, salatu zuten Auzitegi Nazionalean burutuko den epaiketa «ilegalizazio politiken luzapena» dela: «Hain justu ere, euskal gizarteak behin betiko gainditzea eskatzen duen politikaren jarraipena da».

Zazpi eta bederatzi urte

Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak abiatu zuen auzia, 2009ko urtarrilean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin baino bi hilabete goizago. D3M plataforma ETAren aginduz sortu izana eta erakunde armatuko kide izatea leporatzen die fiskalak bederatzi herritarri, eta beste lauri, berriz, ETAren aginduz Askatasuna alderdia sortuz erakunde armatua lagundu izana. Zazpi eta bederatzi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu fiskalak euskal herritar hauentzat: Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta, Zuriñe Zorrozua, Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Liguerzana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.