Ana Beltran ez da aurrerantzean Nafarroako PPko presidentea izanen. Atzo eman zuen bere erabakiaren berri, eta, handik ordu gutxira, lehen hautagaitza aurkeztu dute alderdi barruan: Javier Garcia legebiltzarkideak eta Amelia Salanueva senatariak osatuko dute, besteak beste. «Batasuneko hautagaitza» izanen dela adierazi dute. Abenduaren 4an eginen duten kongresuan nahikoa babes lortuko balute, Garcia izanen litzateke alderdiko presidente berria Nafarroan.
Salanueva eta Garcia, biak azaldu dira hedabideen aurrera, hautagaitza aurkezteko. Legebiltzarkidearen esanetan, helburutzat dute «PP indartsu bat eraikitzea», eta herrialdean «alternatiba baten inguruan ilusioa piztea». Horretarako, baina, «militantziaren babesa» beharko dutela gaineratu du: «Talde indartsua, batua eta kohesionatua osatu dugu, elkarrekin baizik ez baitugu dagozkigun tokia eta lidergoa berreskuratuko».
Garciak azaldu duenez, PPren Espainiako zuzendaritza «jakinaren gainean dago» aurkeztu berri duten hautagaitzaz, baina ez du zehaztu nahi izan Genovako buruen babesa duen ala ez: «Afiliatuek erabakiko dute». Esker ona adierazi dio Ana Beltrani, kargua utziko baitu, «urte zailetan Nafarroaren ahotsa izateagatik eta alderdi honen eta gure balioen ordezkari fidel izateagatik».
UPNtik kanporatutako Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero PPren zerrendetan sartzeko aukeraz eta Navarra Suma koalizioari segida emateaz galdetuta, erantzun lausoa eman du hautagaiak: «Gure lehentasuna, orain, alderdia berritzea da, eta protagonismo osoa dagokie afiliatuei».
Beltranen agurra
Nafarroako PPk abenduaren 4an eginen du VIII. kongresua. Atzo eman zuen horren berri Ana Beltranek, alderdiaren egungo presidenteak. Beltranek iragarri zuen ez duela asmorik kargura berriz aurkezteko, baina alderdiari lotuta segituko duela: «Alderdiak eskatzen didan tokian egonen naiz. Ez dut politika uzteko asmorik. Alderdiaren zuzendaritzak, Feijoo buru duela, konfiantza adierazi dit». Beltranek «arrazoi pertsonalak» argudiatu ditu bere erabakia justifikatzeko: «Zuzendaritza berri bati bidea emateko eta indarra hartzeko garaia da, sozialismoa eta nazionalismoa gobernutik ateratzeko xedez».