Javier Erize Cano mediku iruindarra hil zen igandean, 96 urte zituela. Iruñeko alkate izan zen trantsizio garaian, 1976ko otsailetik urrira bitartean, Espainiako gobernadore zibilak kargugabetu zuen arte. UNAI Ezkerreko Nafar Batasuna hauteskunde zerrendaren sustatzaileetako bat izan zen Erize, eta sigla horien pean aurkeztu zen 1977ko ekaineko hauteskundeetara, zerrendaburu gisa. Gerora, Euskadiko Ezkerra, Ezker Batua eta PSN alderdietan ere militatu zuen.
«Javier Erize (1928-2024) Iruñeko alkate izan zen asaldura garai betean, eta ezkerrekoa azken unera arte. 80tik gora urte zituela ezagutu nuen, eta, gure arteko distantzia politikoa gorabehera, lagun ona izan zen, beti prest aholku on bat emateko. Agur, alkate adiskide, bidaia ona izan», idatzi du Joseba Asiron Iruñeko alkateak, X sare sozialean. Erize gogoratu du Geroa Baiko zinegotzi Koldo Martinezek ere: «Javier Erize Cano zendu da. Iruñeko frankismopean lehen alkate demokrata eta ezkertiarra, 1976. urtean».
Erize alkatetzara iritsi zen garaian, Espainiako gobernadore zibilak zuzenean izendatu ohi zuen alkatea. Erize izan zen zinegotziek beraiek aukeratutako lehen alkatea Iruñean, negoziazio luze baten ostean. Hala ere, gutxi iraun zuen karguan: izendatua izan eta zortzi hilabetera, aginte makila kendu zion gobernadoreak, erregimen frankistak egin nahi zuen hirigintza lizitazio bati ezezkoa emateagatik. Ustelkeria leporatu zioten, eta kargutik kendu. Alkatetzan izan zen denbora horretan, baina, esanahi politiko handiko keinu ugari egin zituen Erizek: besteak beste, «Gora askatasuna!» oihukatu zuen jendez betetako Udaletxe plazan, uko egin zion galazko frakaz janzteari, eta baita sanferminetako zezenketetan presidente izateari ere.
Ikurrina udaletxeko balkoian zintzilikatzea izan zen haren erabakirik ezagunena. Alkate kargua utzi eta hilabete gutxira izan zen hori: 1977ko urtarrilean. Ordurako, Tomas Caballero zen alkate, eta proposamenak polemika bizia eragin zuen udalbatzan. Zinegotzi batzuek eskatu zuten ikurrina hor uzteko, beste banderekin batera; beste batzuentzat, berriz, unean uneko keinu sinbolikoa besterik ez zen. Azkenerako, Caballerok onartu zuen ikurrina jartzea, denbora batez soilik. Erizek berak igo zuen bandera. Garai hartan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeen batasuna aldarrikatzen zuen UNAIko kideak, Euskadiko Ezkerrak eta PSEk bezala —PSN sortu gabea zen—.
Mediku lanetan ere, mugimendu antifrankista ugaritan parte hartu zuen. Potasas de Navarra enpresan aritu zen familia mediku gisa, langileek itxialdiak eta lanuzteak egin zituzten garaian, eta Montejurrako 1976ko istiluetan ere lanean izan zen, zaurituak artatzen.