Javier del Castillo Zangozako alkate izandakoa eta trantsizio garaian nabarmendutako politikaria hil da. Zangozako Udalak oharra atera du esanez demokraziaren garaiko lehen alkatea zendu dela. Txilo goitizenarekin zen ezaguna herrian. Irakaslea izan zen urte askotan, eta bost legealditan agindu zuen herrian. Kargua hartu eta gutxira herriko festetan botatako txupinazoaren argazkiarekin gogoratu dute.
1938ko azaroaren 16an jaio zen Del Castillo. Trantsizioaren garaian nabarmendu zen politikan. Eskuinean, UCD alderdiaren inguruan militatu zuen, baina gerora UPN alderdia sortu zutenetako bat izan zen, Konstituzioaren eztabaidan Jaime Ignacio del Burgo UCDko buruak EAErekin batzeko aukera zabalik utzi zuela iritzita. 1979an, lehen parlamentu hartako legebiltzarkide izan zen Zangozaldeko ordezkari gisa. Gainera, urte hartan AISS udal taldearekin Zangozako alkate aukeratu zuten —ordutik AISS taldea aurkeztu da Zangozan, eskuineko alderdi nagusi gisa—.
Udal politikan aritu zen batik bat. Bi salbuespen handirekin. 1989an, UPNko senatari izan zen. 1994an, berriz, Juan Cruz Alli garaiko lehendakariak UPN utzi behar izan zuen alderdiak bultzatuta. Del Castillok hari jarraitu zion, eta 1995-1996 epean, PSNren, CDNren eta EAren arteko koalizio gobernuan parte hartu zuen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu kontseilari gisa. Alta, Suitzako kontuen aferak leherrarazi zuen gobernu hura, eta CDNk gobernua utzi zuen, PSNrekiko mesfidantzak eraginda.