Emisio gutxiko guneak

Jauzik salatu du «klasista» dela Bilboko emisio gutxiko gunearen neurria

Larunbatean sartuko dira indarrean lehen murrizketak, eta «dirudunek» autoa erabiltzeko «pribilegioa» izango dutela nabarmendu dute.

Jauzi Ekosozialak elkarretaratzea egin du arratsaldean, Bilboko emisio gutxiko eremuan hartutako neurriak salatzeko. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jauzi Ekosozialak elkarretaratzea egin du arratsaldean, Bilboko emisio gutxiko eremuan hartutako neurriak salatzeko. MONIKA DEL VALLE / FOKU
inaut matauko rada
2024ko ekainaren 13a
19:30
Entzun

Espainiako Klima Aldaketaren Legea betetzeko, etzi indarrean sartuko da Bilboko Udalak urte hasieran onartutako emisio gutxiko gunea, eta, progresiboki, autorik zaharrenei erdigunean sartzea debekatuko diete. Bada, Jauzi Ekosoziala eratu berriak protesta bat egin du gaur Bilboko udaletxearen atarian, neurri hori salatzeko. Diotenez, murrizketa horien helburua, «teorian», berotegi gas gutxiago isurtzea da, baina, praktikan, neurri «klasista» dela nabarmendu dute.

Izan ere, autoak, aurrerantzean, erabiltzen duten erregaiaren arabera eta duten adinaren arabera sailkatuko dira. Orokorrean, auto zaharrek izango dituzte murrizketarik handienak; badira erregai asko kontsumitzen duten luxuzko auto modernoak, baina horiei ez diete eragingo murrizketa horiek. «Auto zahar baten jabea Bilboko erdigunera garraio publikoz hurbildu ahal bada, zergatik ezin da Iberdrolako exekutibo bat ere garraio publikoz hurbildu Iberdrola dorrera? Bada, gure ustez, biek hurbildu beharko lukete erdialdera garraio publikoz, baina, Bilboko Udalak aurkeztu berri duen emisio gutxiko eremuaren ondorioz, aberatsek zentrora autoz joateko pribilegioa izango dute. Klasismo hutsa», azaldu dute.

Horrez gain, neurriaren kontraesan batzuk nabarmendu dituzte. Lehenik eta behin, galdetu dute ea zergatik murrizten den erdigunean soilik auto zaharren sarrera: «Neurri honek erabat ahaztu ditu periferiako auzoak; ez al dute bertako bizilagunek ere merezi aire garbiagoa arnastea?». Gainera, salatu dute erakundeek auto pribatuaren erabilera sustatzen jarraitzen dutela, «hiriko erdialdean aparkalekuak handituz, eta ibai azpiko autobidea bultzatuz. Gehiegi al da gure agintariei koherentzia apur bat eskatzea?».

Hori dela eta, emisio gutxiko gune horren aurka daudela adierazi dute Jauziko kideek, eta eskatu dute horren ordez garraio publikoa, bizikletaren erabilera eta bestelakoak sustatzeko. Azkenik, Bilbobuseko autobus gidariei eta langileei babesa adierazi diete; izan ere, greban daude lan baldintza hobeak lortzeko. Ibai azpiko errepidearen proiektuaren aurka dauden kideei ere elkartasuna adierazi diete, eta dei egin dute larunbatean egitekoak diren manifestaziora bertaratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.