«Jauzia» egiteko prestatu nahian

Txosten politikoarekin batera, antolaketari eta funtzionamenduari zer dagokien ere eztabaidatzen ari dira EH Bilduren kongresu prozesuan. Hartan, «jauzi» bat egitea defendatzen da, prest egoteko gobernu postuetara iristeko aukera suertatzen denerako.

Otegi eta Otxandiano, EH Bilduren Konferentzia Politikoan, irailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Otegi eta Otxandiano, EH Bilduren Konferentzia Politikoan, irailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 2a
05:00
Entzun

EH Bilduren Mahai Politikoak erakundea «lanabes eta erreferentzia politiko estrategiko gisa» indartzeko xedea azaldu du koalizioaren III. Kongresuan eztabaidagai duten oinarrizko txostenean, eta indartze prozesu horretan urratsak egiteko zenbait proposamen egin ditu funtzionamenduari zein antolaketari dagokienez ere. Xedea da EH Bilduren «izaera propioa» indartzea eta koadroak sendotzea, «kudeaketa instituzionalean goi mailako ardurak hartzeko prestatzeko».

Koalizio subiranistako ordezkariek euren adierazpen publikoetan esan izan dute EH Bildu «gobernu alternatiba» dela jada, eta antolaketa eta funtzionamendu txostenean ere ideia horren inguruan hausnartu dute. Are gehiago, botere kuota horiek eskuratzen dituztenerako prestatzeko urratsak jaso dituzte hartan, hiru erronka nagusi identifikatuta: «programa politikoaren zehaztapenean» eta «gobernu koadroen trebakuntzan» sakontzea, eta «ideien lehiarako antolakundearen gaitasuna handitzea».

Lehen bi kontzeptuak eskutik doaz testuan, eta programa politikoen eraketa zein koaliziokideen trebakuntza «sistematizatu» beharra adierazten da. Halere, egungo militantzia indartzeari soilik ez, «profesional kualifikatuak» ezker subiranistaren bide orrira erakartzeari eta hartan inplikatzeari ere egiten zaio erreferentzia. Izan «lankidetza estrategikoak» sustatuz zein programen «zehaztapenetan beste maila bat igotzeko» edo politika publiko zehatzak egiteko «lan prozedura kualifikatu eta espezializatuak» bideratuz. Xedea «jauzi programatiko bat» ematea da, eta aurreikusten dute horrek «ekarpen profesional eta aditu handia» eskatzen duela.

Era berean, goi mailako ardura instituzionalak hartzearekin batera areagotu daitezkeen «establishment politiko, ekonomiko eta mediatikoaren erasoei» aurre egiteko asmotan aipatzen da «ideien lehian» aurrera egiteko beharra. Koalizioak ez du nahi Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatu zutenean jazotakoen antzekorik errepikatzea etorkizunean, eta aurre hartu nahi dio balizko kontrakotasun horri, «komunikabide hegemonikoen babesik» izan gabe, militantziarekin eta, oro har, herritarrekin komunikazio iraunkor bat ezarrita. Horretarako, udalgintza indartu eta kaleko presentzia areagotu nahi dute, baita «militantzia aktibatu» ere. Hain zuzen, txostenaren arabera, arlo horretan ez baitute behar beste aurreratu.

Subjektu propioa

2017an eratu zenetik, EH Bilduk urratsak egin ditu ordura arte ezker subiranistak erabilitako koalizio eredutik —Bildu eta Amaiur— haratago joan eta hura «subjektu politiko» propio bilakatzeko. Estatutuak onartzearekin, «federazio» gisa aurkeztu zen ordura arte Sorturen, EAren, Alternatibaren eta Aralarren —2017ko abenduan desegin zen— arteko hauteskunde koalizioa zena, eta II. Kongresuan «bilkideen» figura sartu zen indarrean; koalizioaren militantzia propioa.

Bide horretan, EH Bildu «hauteskunde makineria ahaltsua» bilakatu dela dio txostenak, baina baita «nortasun propioa» duen «mugimendu politiko» bat ere. Hala, aurrez egindako bideari jarraituz, zuzendaritza ereduan zein hauteskunde prozesuak kudeatzeko moduan aldaketak egitea aurreikusi dute.

Zuzendaritza politikoaren ereduaren aldaketari dagokionez, hori EH Bilduren tamainako erakunde bat kudeatzeko praktikotasunarekin lotu dute koalizioan. Hala, Hegoaldeko Mahai Politikoak lan horretarako organo bakarra izateari utziko dio, eta «bi ganberako» eredu bati heldu: Mahai Politikoa eta Idazkaritza. Hain zuzen, azken hori bilduko da astero, eta, ondorioz, koalizioaren «eguneroko zuzendaritzaz» arduratuko da. Eta Mahai Politikoak «epe erdi-luzera begirako» lanak egingo ditu, normalean, bi hilabetean behin bilduta.

Hala, egunerokotasun horri helduko dion lantaldea II. Kongresuan zehaztutakoa baino murritzagoa izango da. Hartan, lau lurraldeetako eta Hego Euskal Herriko bi parlamentu nagusietako ordezkariez gain, bost idazkari —tartean, idazkari orokorra; egun, koordinatzaile nagusi dena— eta bost arduradun bilduko dira. Lehenen funtzioak, antolaketa, ekintza politikoa, programa eta harremanak izango dira, eta bigarrenenak politika instituzionala, udalgintza, eraketa, nazioarteko harremanak eta komunikazioa.

Beraz, alderdiak ez dira presente egongo hartan. Horiek Mahai Politikoaren jardunei erreparatuko baitiete. Mahai hartan, idazkaritzako kideez eta alderdietako ordezkariez gain, feminismo idazkari bat eta gazte idazkari bat, Madrilgo Gorteetako eta Europarlamentuko eledunak, eta herrialdeko bakoitzeko hiru kide egongo dira.

Alderdiek ez dute egungo pisu bera izango hauteskunde prozesuetan ere. Izan ere, horiek barnean biltzen dituen Alderdien Mahaiak proposatu du jada udal bozetarako baliatzen duten prozedura gainerako hauteskundeetara egokitzea, eta, ondorioz, desagertu egingo dira koalizioa osatzen duten hiru alderdiek —Sortu, EA eta Alternatiba— orain arte zituzten kuotak; egun, Alderdien Mahaiak zerrendetako hautagaien erdia izendatzen ditu. Hala, hemendik aurrera zerrenda boz bakoitzerako propio sortutako batzorde batek proposatuko du, eta bilkideek berretsi beharko dute. Batzorde horretan egongo dira alderdiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.