Jauzi Ekosozialak gaitzetsi egin du EHUren Leioako campuserako errepidea handitzeko proiektua

Talde ekologistak salatu du egitasmoak auto pribatuen erabilera sustatuko duela, noiz-eta klima larrialdi betean. Garraio eredu jasangarri batean inbertitzeko eskatu dio aldundiari.

BI-647 errepidea handitzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektuaren plano bat, egitasmoaren hasierako dokumentutik hartua.
BI-647 errepidea handitzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektuaren plano bat, egitasmoaren hasierako dokumentutik hartua. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko apirilaren 22a
13:28
Entzun 00:00:0000:00:00

EHUren Leioako campusa (Bizkaia) Artatzako errepidearekin lotzen duen bidea zabaltzeko proiektua sustatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia. BI-647 errepidea handitu nahi du, segurtasuna hobetzeko eta trafikoa arintzeko. Foru gobernuak bide bat gehitu nahi du noranzko bakoitzean, eta sarbide zuzen bat eraiki campuserako errepidearen eta Artatzako zuzengunearen artean. Jauzi Ekosozialak egitasmoa gaitzetsi du, iritzita autoa erabiltzea bultzatuko duela.

«Aurkakotasuna adierazi nahi dugu proiektu honen harira, eta gogor salatu nahi dugu klima larrialdiaren garaian foru aldundiak autoaren erabilera bultzatuko duen azpiegitura bat bultzatzea: ez da onargarria. Ezin dugu ahaztu garraioa dela gaur egun berotegi efektuko gasen isuri gehien eragiten dituen sektorea EAEn, eta, beraz, ezinbestekoa dela mugikortasun eredua aldatu eta autoa gutxiago erabiltzea, garraio publikoa eta bizikleta bultzatuz» adierazi du ohar bidez.

Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuaren hasierako dokumentua plazaratu zuen martxoaren amaieran, ingurumen eraginari buruzko adierazpena eskatzeko. Gaur-gaurkoz, proiektuak eragiten dien erakundeentzako eta interesa duten herritarrentzako kontsulta fasean da, maiatzaren hasierara arte.

Jauzi Ekosozialak nabarmendu du hasierako txosten horretan jasotzen direla errepidearen handitzeak izango lituzkeen «ondorio ekologiko nabarmenak». Besteak beste, salatu du 50.000 metro karratu berdegune suntsituko direla. «Hariztiei, sahatsei eta larreei eragingo lieke, diputazioak asfaltoz estaliko bailituzke abeltzaintzarako eta nekazaritzarako balio estrategiko handiko lur moduan sailkatuta dauzkan 36.000 metro karratu».

Talde ekologistak gehitu du BI-647 errepidearen handitzeaz gain Bizkaiko aldundia errepide gehiago egiteko egitasmoak bultzatzen ari dela Uribe Kosta eskualdean: Ibaizabal itsasadarraren azpiko autobidea —Getxo eta Portugalete lotuko lituzkeena— eta Iparraldeko Bidea —EHUren Leioako campusa Uribe Kostako igarobidearekin lotuko lukeena—. Errepide berriak eraiki edo daudenak handitu beharrean «garraio publikoaren eta bizikletaren alde egiteko» eskatu dio Jauzik Bizkaiko aldundiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.