Jauzi baten sukalde lana

Etorkizun politikoa erabakitzeaz galdeketa egingo dute igandean; tartean, Donostia. Aurretik 204 herritan egin badituzte ere, aparteko erronka izango da etzidamukoa, lehen aldiz hiriburu batean prestatu baitute. Talde sustatzaileko lau kidek antolaketa lanak xehatu dituzte BERRIArentzat.

Jauzi baten sukalde lana.
jon olano
Donostia
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Argi daukagu: igerilekua ez dago hutsik. Ura dago. Donostian, oro har, erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera sumatzen dugu». 2017ko ekainaren 19an, hitz horiekin aurkeztu zuen bere burua Gipuzkoako hiriburuan estatus politikoari lotutako galdeketa bat egiteko asmoa zuen lantaldeak. Hilabeteak zeramatzaten lanean, baina, funtsean, bide baten hasiera zen. Urte eta erdi geroago, sinadurak bildu, galdera adostu eta kontsulta logistikoki bideragarri egiteko pausoak eman ondoren, igerilekura jauzi egiteko garaia heldu zaie; igandean, kalera aterako dituzte hautetsontziak.

2014az geroztik 204 herritan galdeketak egin badituzte ere, datorren igandekoa ez da bat gehiago, aurreneko aldiz hiriburu batean egingo denez gero. Gure Esku Dago-ren gerizpeko plataformek antolatu izan dituzte kontsultak egun berean dozenaka herritan, milaka herritarri etorkizun politikoaz erabakitzeko aukera emanez, baina Donostiakoa beste neurri bateko erronka izango da dinamikarentzat; besteak beste, giza baliabideei, ekonomikoei eta teknikoei dagokienez.

Urte eta erdian zehar eginiko lanaren protagonista eta lekuko dira Eva Esnal, Dani Goñi, Ibon Rosales eta Maite Salaberria, eta, azaroaren 18rako lau egun eskasfalta direla, ilusioa antzematen zaie. Izan ere, urriaren 29an ekin zioten aurretiazko botoak jasotzeari, eta zeregin hori auzo guztietara zabaldu dute joan den asteburuan. Horrek «erabat lasaitu» du Esnal. Kezkatuta egon izan da, baina «oso lagungarria» egin zaio aurretiazko botoa: «Probatu duzu zer den, ordenagailua, entxufeak...». Laurek antzeman dute aurrez botoa eman dutenak ilusioz joan direla. Batzuek badaezpada aurreratu zuten botoa, datorren igandean zer eguraldi egingo, baina giro eguzkitsua espero da etzidamuko.

Hain justu, auzoetan gorpuztu da kontsulta, nabarmendu dutenez. Esnalek gogoan du «hasieran Donostia mailako talde txiki bat» zirela, baina «errazago» jardun dutela auzoetan, «beste animo batekin». Horrek egin du «posible» galdeketa, Goñiren hitzetan: «Hasi ginenean, hogei bat lagun elkartzen ginenean eta aipatzen zenean 37 bozkaleku jarri behar zirela, mila lagun behar zirela hauteslekuetarako... Esaten genuen: nondik aterako ditugu? Ezinezkoa zirudien».

1.000 boluntario lanean

Giza baliabide andanak ahalbidetuko du igandeko galdeketa. Kalkulu baterako: mahai bakoitzean egon beharko dute informatikari batek, segurtasunaz eta harrera egiteaz arduratu behar duten bi lagunek, argazkilari batek, mahaikideek eta Jarraipen Batzordeko bi kidek. Azken horiek izango dira mahai bakoitzaren arduradunak. Mahaikideak hiru izango dira une oro, eta hiru txandatan banatuko dute eguna; hortaz, bederatzi lagunek osatuko dute mahai bakoitza. Hori, 37 mahaitan. Mila bat lagun.

Baliabide informatikoek aparteko garrantzia dute galdeketa gauza dadin. Batetik, sistema informatikoak ahalbidetuko duelako herritarrek edozein mahaitan botoa eman ahal izatea, eta, bestetik, sistema horrek berak bermatuko duelako herritarrek behin baino ez dutela bozkatzen. Asteburuan frogatu zuten ongi funtzionatzen duen, antzematen ote duen norbait «ziria sartzen» saiatzen bada, eta ez zuen hutsik egin. «Guri horrek ziurtasun bat ematen digu», dio Goñik. Baliabide informatikoen atzean ere beharrezkoak izango dira herritarrak, ordea. Bozkaleku bakoitzean egongo da informatikari bat, —37 guztira; bozkalekuak adina— arazoren bat sortuz gero berehala konpontzeko, eta egin dute formakuntza saio bat ere, sistema bera aurretik ezagutzeko.

Bestalde, izan da zereginik azaroaren 18a baino lehen ere. Nagusiki, galdeketa bera ezagutaraztea. 88.000 gutun azal prestatu eta banatu zituzten etxez etxe, herritarrei botopaperak eta informazioa jasotzen duen esku orria helarazteko. Baita egitasmoa ekonomikoki bideragarri egitea ere, prozesu osoak eta galdeketa egunak berak kostuak dituenez gero: Donostiakoaren kasuan, 55.000 euro inguru. «Galdeketa honetan inor ez da soldatarik jasotzen ari, baina lanetako batzuk kontratatu egin behar dira», dio Rosalesek. Megafonia, materiala, karpak, mahaiak, plastikoa... Jendearen ekarpenekin, merchandising salmentarekin eta gisa horretako diru sarrerekin bete ahal izango dituzte gastuak.

Ez ziren hutsetik hasten. 204 galdeketatan pilatutako ezagutza jaso dute, «asko» lagundu baitiete beste herri batzuetako galdeketen antolaketan parte hartu dutenek nahiz Gure Esku Dago-koGipuzkoako arduradunek. Salaberriaren hitzetan, «gauza handia da horrelako zerbait antolatzea, eta ez dakizu nondik hasi ere»; horregatik, «segurtasuna» eman zien aurretik esperientzia zutenen laguntzak. Harago doa Rosales: uste du aurreko galdeketa guztiak «ezinbestekoak» izan direla Donostian galdeketa planteatu ahal izateko: «Horiek gabe, hemengoa ez zatekeen posible. Hemen ez ditugu hainbat gauza planteatu behar izan ere, aurretik egindakoak ekarri besterik ez dugulako egin behar izan».

160.457 donostiarrek izango dute botoa emateko aukera. Botopaperean, galdera bat: «Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?». Baziren aukera gehiago, eta aukeratutakoa ez zen Esnalek gogokoen zuena, baina aukeratutakoa babesten du, «ariketa demokratiko» baten bidez hautatu denez gero. Haren hitzetan, galdera erabakitzeko prozesua lagungarri izan zaie jendea kontsultara erakartzeko, eta balio izan du hainbat herritarrek kontsulta «bere» egiteko. Herri guztietan eginiko galderak aztertu, eta lau multzotan banatu zituzten; hortik abiatuta, lau proposamen egin, eta iturri ugaritatik iritziak bildu zituzten.

Zenbat boto bilduko dituzten, igande iluntzean jakingo da. Bada helburu kuantitatiborik? Rosalesentzat, galdeketa gauzatzeak berak du balioa: «Sinadurekin, jendearen onespena bilatzen genuen. Nahi hori jaso genuen. Orain, agindu hori hartu eta aurrera eraman dugu». 9.545 sinadura jaso zituzten, kontsulta babestuz. GEDek ondutako protokoloaren arabera, hiriko biztanleen %2ren sinadura behar zuten prozesuarekin aurrera egiteko, baina antolatzaileek %5era igo zuten langa hori, udalak galdeketei buruz onartutako ordenantzak eskatzen zuenarekin bat eginez. Gainditu zuten.

Zer aldatuko du Donostiako galdeketak? edo zer nahi dute aldatzea antolatzaileek? bi eskala bereizten ditu Rosalesek: «Hiri mailan, norbaitek esaten badu ezin dela galdeketarik egin, ikusiko da gezurra dela, egin dela. Egin daiteke, egin delako; ez soilik estatus politikoaren inguruko gaiei dagokienez».

Bestetik, azpimarratu du erabakitzeko eskubidea jasota dagoela Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak estatus berrirako adostutako oinarrietan, eta uste du horren atzean herritarren bultzada dagoela. Horregatik, uste du Donostiako kontsulta «prozesu baten parte» dela: 2014ko giza katea, estadioak (2015), galdeketak (2016-2018)... «Bide horretan, orain gehiago izango gara erabakitzeko eskubidearen aldeko hautua egin dugunok. Orain arteko 189.544 herritarrei beste kopuru bat gehituko zaie». Goñik ere uste du ez dela «alferrik» izango, jendeak «praktikara» eramango duelako erabakitzeko eskubidea: «Zergatik ezin dut hurrengoa egin, bete beharrekoa? Aurreko urratsa egin ez balitz, urrutiago legoke hurrengoa».

Ez alferrik; ez politikoki, ezta sozialki ere. Auzoz auzoko lanketa balioetsi du Rosalesek, Antigua adibide jarrita: bileretako bat batzokian egin zuten, eta, ezker abertzaleko jende ugarirentzat, lehen aldia zuten batzoki batean. Berdin beste norabidean: ezker abertzalearen Antiguotarrak elkartean prestatu zituzten gutun azalak, EAJko kideak bertan zeudela.

Zalantzatiei, iritzia emateko eskatu diete laurek. «Zer du txarrik?», galdetu du Salaberriak. Kritikoei eta galdeketek zatiketa eragiten dutela diotenei, ordea, Rosalesek erantzun die hausturak «beti» daudela: «Bestela ez legoke alderdirik. Baina, jakin nahi dituzu ala ez?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.