Eskola jangeletako ordezkapenetarako enpresa pribatuetako sukaldariak hartzea egotzi diote Jaurlaritzari

LAB sindikatuak egin du salaketa, eta esan du hartutako bidearen ordez hezkuntza publikoko inbertsioa handitu behar litzatekeela, eta kolektiboaren lan baldintzak hobetu.

Eskoletako jangeletako eta garbiketetako langileen protesta, lehengo astean, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Eskoletako jangeletako eta garbiketetako langileen protesta, lehengo astean, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
arantxa iraola
2025eko otsailaren 28a
14:00
Entzun

Mobilizazio betean daude sindikatuak, iritzita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez diela behar adinako jaramonik egiten eskola publikoei, eta eskola jangeletako erabaki baten harira etorri da gaur kexua: LAB sindikatuak salatu du Hezkuntza Sailak enpresa pribatuetako langileak kontratatu dituela sukaldarien ordezkapenak egiteko.

Ordezkapen horien gaineko aldarriak lehendik ere maiz ozendu dituztela gogoratu dute sindikatuko ordezkariek. «Behin eta berriro, zerrendak irekitzea eskatu eta ordezkoak falta direnerako protokolo baten beharra mahai gainean jarri dugu», gogora ekarri dute. Halako erabakirik ez dela hartu esan dute, ordea, eta beren «harridurarako» oso bestelako neurria hartu duela administrazioak, enpresa pribatuetako sukaldariak kontratatuta.

Bide okerra dela uste dute LABen. «Ordezkapenak betetzeko arazoa ez da konpontzen ordezkapenak ere pribatizatuz; kontrako bidea hartu behar du Hezkuntza Sailak: hezkuntza publikoan inbertsioa handitu eta kolektiboaren lan baldintzak hobetu behar ditu». Sindikatuak zerrendatu egin ditu bide horretan egin behar diren hobekuntza batzuk: besteak beste, lanaldi partzialek desagertu egin behar dutela esan du, ordezkoen araudia negoziatzeko urratsak egin behar direla, eta premiazkoa dela soldata igotzea eta funtzioak zehaztea ere.

Atzo bukatu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko langileek grebaz betetako aldi bat, hamabi egunekoa; propio horren barruan lau greba egun egin dituzte sukaldeetako langileek, garbiketakoekin batera, eta mobilizatzen jarraitzea ezinbestekoa dela gogoratu du gaur LABek: «Gero eta arrazoi gehiago ematen dizkigute mobilizatzen jarraitzeko». Gainerako sindikatuek ere atzo, grebaldiaren amaieraren harira, esan zuten badutela «grebekin jarraitzeko indarra», eta zuztarreko aldaketak eskatu zizkioten administrazioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.