«Barregarri» geratzea eta «gehiegizko antzezpena» egitea leporatu dio Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak PPri, Parot doktrina indargabetu ondoren aske geratu diren euskal presoei egin zaizkien harreren inguruan izan duen jarreragatik. PPko Borja Semperren galdera bati erantzunez esan ditu hitzok Erkorekak, Eusko Legebiltzarrean. Semperrek salatu du preso ohiei egindako «omenaldi publikoetan» Jaurlaritzak «azaleko» jarrera agertu duela. Hori hala izan dela ukatu du Ekorekak, eta gogoratu dio espetxe zigorra bete duten preso ohiak «herritar askeak» direla.
«Ezberdindu behar dira 20-25 urte preso egon eta bere zigorra bete duen lagun bati egiten zaion harrera eta terrorismoa goratzea», azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Eta ezberdintasun hori agerian uzteko, Gurtell auziari aipatu du —Valentziako eta Madrilgo PPko hainbat buruzagi daude lotuta ustelkeria auzi horretan, eta EAEko PPkoek hainbatetan agertu diete babesa—. Horrek legebiltzarkideak haserretu ditu, eta Semperrek Erkorekari erantzun dio haiek ez daudela inorekin «zorretan».
Erkorekaren eta Semperren arteko ika-mika ez ezik, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren eta UPDko Gorka Maneiroren artekoa ere izan da. Erkorekak bezala, Beltran de Herediak ere azpimarratu «herritar askeak» direla preso ohi horiek, eta gaineratu du Ertzaintzak badakiela ezberdintzen lagun eta senitartekoek egindako harrerak eta «terrorismoa goratzeko ekitaldiak». Maneirok, berriz, eztabaida «saihestea» leporatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, galderak hari eginakak baitziren eta ez sailburuei. Horrekin batera, kale indarkeriari «irmo» erantzuteko eskatu dio Maneirok Urkulluri, bereziki ezker abertzalearen aurka, haren arabera talde hori dagoelako kale eraso horien atzean. Era berean, lehendakariari galdegin dio Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuarekin espetxe politikari buruz egindako bileren berri ematea. Maneiroren ustez, «susmagarria» da Urkulluren «sekretismoa».
Horri erantzunez, lehendakariak zehaztu du Rajoyri ez diola inoiz proposatu presoak «libre uzteko» planik, baina bai, ordea, «bake plan orokor bat»; lehendakariak gaineratu du plan hori «behar den guztietan» proposatuko diola. Urkulluk azaldu duenez,Rajoyri «agiri ugari» eman dizkio,eta horien artean dago Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren zirriborroa. Lehendakariak espero du hurrengo bilera batean ematea Rajoyri behin betiko testua. Plan horretako zortzigarren puntuak espetxe politika du hizpide, baina Urkulluk argitu du ez duela presoak askatzeko proposamenik egin.
Bilerak Etxerat-ekin
Era berean, Eusko Legebiltzarrean izan zen atzo Etxerat-eko ordezkaritza bat, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko legebiltzarkideekin biltzeko. Elkarteak azaldu du PPk eta UPDk ez diotela erantzun eskaerari, eta horregatik ez direla alderdi horiekin bildu.
Euskal presoen sakabanaketa politika indargabetzeko eta presoen eskubideak errespetatzeko eskaerak helarazi dizkie Etxerat-ek hiru alderdi horiei. Elkarteak jakinarazi duenez, EAJren eta EH Bilduren babesa jaso dute eta sozialistekin ere «elkarrizketa bideak» irekita dauzkate.
Jaurlaritzarentzat, PP «barregarri» geratzen ari da presoen auzian
Urkulluk esan du «beharrezkoa den guztietan» aurkeztuko diola bere gobernuaren bake plana Rajoyri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu