2020ko uztailaren 12ko hauteskundeetan, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua eskuratu zuten Eusko Legebiltzarrean; 31 legebiltzarkide jeltzaleek eta hamar sozialistek, guztira aurreko legealdian baino lau gehiago. Horrek aurreko legealdian izan ez zuen gaitasun bat eman zien Jaurlaritza osatzen duten alderdiei: gobernu programa aurrera ateratzeko ziurtasuna, oposizioko taldeen mende egon beharrik gabe. Horixe zen zalantza legealdi hasieran: koalizio gobernuak gehiengo absolutua baliatuko ote zuen alperra pasatzeko, edo oposizioarekin akordioak bilatuko ote zituen. Ikusteko zegoen ere zer jarrera hartuko zuen oposizioak haren botoak beharrezkoak ez ziren testuinguru batean. Bada, legealdi erdia igarota, Jaurlaritzak gobernu programan jasotako 36 legeetatik hamahiru onartu ditu, eta horietatik bederatzitan izan du oposizioko alderdiren baten babesa. Aurrekontu proiektuak aintzat hartuta, hamabost legeetatik bost onartu dituzte EAJren eta PSE-EEren botoei esker.
Jaurlaritzak ezker-eskuin topatu ditu botoak; batez ere, ezkerreko alderdietan. Elkarrekin Podemos-IUk Jaurlaritzaren zazpi lege proiektu babestu ditu, eta beste hainbeste EH Bilduk, aurtengo aurrekontuak kontuan hartuta. PP+C's koalizioak, berriz, bost arauri eman die aldeko botoa. Itun bakarrean egon da Vox, xedapen orokorrak egiteko prozeduraren legean, eta testu horrek legebiltzarreko talde guztien oniritziarekin egin zuen aurrera.
Jaurlaritzak aurkeztutakoak dira lege proiektuak, baina bestelako jarrera sumatzen da lege proposamenekin; alegia, talde parlamentarioek aurkeztutako egitasmoekiko. 23 erregistratu dituzte 2020tik, eta bost baino ez dira lege jada; beste bitan, berriz, parlamentuak oniritzia eman die tramitatzeari, eta batek jaso du Jaurlaritzaren aldeko irizpena, gero legebiltzarrak aintzat hartu edo baztertzeari buruzko bozketa egin dezan. Denera: oposizioaren hemeretzi proposamenetatik hiru daude bidean. Gainerako hamabostetan, nahikoa izan da jeltzaleen eta sozialisten gehiengoa horiek baztertzeko, eta, kasu gehienetan, PP batu zaie ezkerreko taldeen proposamenei bidea mozteko.
Bada beste aldagai bat: onartu diren bost lege proposamenetatik bakarra izan da oposizioko talderen baten ekimenez sortua; Herri Kontuen Auzitegia sortzeari buruzko proposamena aurkeztu zuen PP+C's-ek, eta koalizio horren eta gobernukideen babesarekin egin zuen aurrera. Gainerako lau lege proposamenak EAJren eta PSE-EEren talde parlamentarioek proposatutako arauak izan dira. Orain arte, ezkerreko indarren egitasmo bat ere ez da iritsi arau izatera.
Aitzitik, orain tramitazio fasean dauden bi proposamenek ezkerreko talderen baten babesa daukate: trans legea berritzeko testua EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztu zuten —EH Bilduk ere babestu zuen—, eta indar subiranistak aurkeztutako gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzko legearen erreformak lau indar horiexen oniritzia jaso zuen tramiterako onartzeko bozketan. Gainera, EH Bilduk erregistratua du Autokontsumoaren tramitazioa errazteko eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzeko proposamena, eta, oraindik hura aintzatesteko edo baztertzeko bozketarik egin ez bada ere, jada jasoa du Jaurlaritzaren aldeko irizpena.
Horiez gain, legealdian herri ekimen legegile bat ere aurkeztu zuten, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta baten aldekoa, baina, EAJk, PSE-EEk, PP+C's-ek eta Voxek kontrako botoa emanda, egitasmoa tramitatzea baztertu zuen legebiltzarrak.
«Borondatea»
Atzo, urte politikoaren bilanaz hitz egin zuen Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak Onda Vascan: «Legealdiaren hasieran oposizioak ez zuen atsedenik ematen, eta pandemia erabili zuen; orain, berriz, zentratuago dago, eta lankidetzaren aldekoagoa da». Datuek erakusten dute «elkarlanerako borondatea» dagoela eta EAJk eta PSE-EEk ez dutela gehiengo absolutuaz «abusatu», Iturrateren hitzetan: «Espero dugu taldeek jarrera horri eustea eta hauteskunde haizeek ez bultzatzea». Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea, aldiz, kexu azaldu zen asteazkenean, urte politikoaren errepasoa egiteko zabaldu zuen bideo batean: «Gure lege eta proposamenak tramitatzeari uko egin dio gobernuak; baita eztabaidatzeari ere».
Jaurlaritzaren hiru legetik bi onetsi ditu oposizioak 2020tik
Legebiltzarrak legealdian onartutako hamabost arauetatik bost atera ditu EAJren eta PSEren babes soilarekin. Jarrera bestelakoa da oposizioaren proposamenekin: hemeretzitik hiru ahalbidetu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu