EH Bilduk akordio bateratu bat eskaini die EAJri eta PSEri aurrekontuen inguruan. Koalizio subiranista prest dago Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien 2025eko aurrekontuak babesteko, baldin eta erakunde horiek koalizio subiranistaren proposamenak «nahikotasunez» aintzat hartzen badituzte. Eusko Legebiltzarrean egindako kontrolerako osoko bilkuran egin dio proposamena Pello Otxandianok Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.
Alderdi politikoen eta hiru lurraldeetako erakunde nagusien artean «benetako lankidetza» garatzeko garaia dela iritzi dio Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak, eta, beraz, aurrekontuen inguruko akordio hori lortzeko negoziazioei ekiteko deia egin die jeltzaleei eta sozialistei: «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da. Etxebizitzan, lanbide arteko gutxieneko soldata propioan, zaintzan, gizarte zerbitzuetan, trantsizio ekosozialean eta fiskalitatean aurrepausoak emateko momentua da».
Otxandianoren hitzetan, ez da egia EAJren eta EH Bilduren proiektu politikoak «antagonikoak» edo «bateraezinak» direnik. Aitzitik, esan du elkarren artean «eremu semantiko komun bat» dagoela, eta uste du hori «inportantea» dela, esan nahi baitu «analisi partekatu baterako oinarriak» badaudela. «Urrats handia da dialektika hori gainditu izana», esan du EH Bilduren bozeramaileak.
Bi alderdiek darabilten diskurtsoak jarri ditu horren adibide gisa, hain zuzen ere. «Biok mintzo gara komunitate zentzua indartzearen beharraz, identitate nazionalaren inportantziaz, momentu honek eskatzen duen ausardiaz, herri ikuspegiaz, kooperazioaz, Espainiarekiko aldebikotasun eraginkorraz, Europako herrialde sozialki aurreratuenak hartzeaz erreferentziatzat, Osakidetzaren gainbeheraz, kontratu sozial berri baten beharraz», gogorarazi du EH Bilduren bozeramaileak.
Bada, Otxandianoren arabera, horrek erakusten du badagoela elkarren arteko lankidetzan sakontzeko tartea. «Badago kooperaziorako esparru zabal bat, etorkizunerako herri proiektu berdinzale bat formulatu ahal izateko». Azpimarratu duenez, aurrekontuen inguruko proposamena «beste urrats bat» da norabide horretan.
Lehendakaria, errezeloz
Lehendakariak errezeloz hartu du EH Bilduren proposamena, ordea, «herri erantzukizunez» baino gehiago «taktika politikoz» egina diolakoan. Pradalesek Otxandianori aurpegiratu dio kontrolerako osoko bilkura baliatu izana proposamena helarazteko, eta gogorarazi dio uztailean Ajuriaenean bildu zirenean dokumentu bat eman ziola EH Bilduk orain mahai gainean jarri dituen gai guztiak biltzen dituena: «Zure mahaiaren gainean hiru hilabete daramatzaten gaiak jarri dizkidazu orain nirean».
Halaber, Eusko Legebiltzarrean akordio «bertikal bat inposatuta» erakundeen autonomia urratu nahi izatea ere egotzi dio lehendakariak EH Bilduren bozeramaileari. «Herri honen egitura instituzionalaren inguruko ezjakintasuna edo errespetu txikia erakusten du zuen proposamenak», leporatu dio Pradalesek Otxandianori. Eta aurrekontuen eztabaida «zabaldu aurretik itxi» nahi ote duen ere galdetu dio, baita eskakizun horiek Pedro Sanchezi helarazi ote dizkioten ere, Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestearen truke. «Erantzuna aurreratuko dizut», esan dio Pradalesek. «Aurrekontuak onartuko dituzue, beste behin, zein diren jakin aurretik».
Edonola ere, elkarrizketarako prest azaldu da Pradales: «Zuen planteamendua zintzoa bada, herri ikuspegiarekin egindakoa bada, eta ardura politikoa taktika politikoaren gainetik jartzen baduzue, Ajuriaeneko ateak irekita izango dituzue». Hori bai, gogorarazi dio hurrengo asteetan aukera izango dutela elkarlanerako borondate hori adierazteko, Jaurlaritzak proposatu dituen itunekin eta aurrekontuen negoziazioekin.