Jaurlaritzaren espetxe sistemarekiko «kezka larria» adierazi du ELAk

Proposatutako neurrietan «gabezia larriak» antzeman ditu sindikatuak. Eredu «publikoa, modernoagoa eta gizatiarragoa» aldarrikatu du

ELAren elkarretaratzea atzo, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. J. F. / FOKU.
Oihane Puertas ONA
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Elkarretaratzera deitu zuen atzo ELAk, espetxe eskumenaren transferentziak hartutako norabidearekiko «desadostasuna» adierazteko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak urriaren 1etik aurrera eskuratuko du espetxe eskumena, eta neurri berriek 700 bat langileri eragingo diete. Sindikatuekin bildu zen atzo Jaurlaritza, langileen lan baldintzak negoziatzeko.

ELAk salatu du oraindik ez dakitela zein izango den espetxe sistema eta horren egitura: «Gezurra dirudien arren, eta 40 urte pasatu eta gero, Eusko Jaurlaritzak ez du erakutsi oraindik zein izango den bere Espetxe Eskema Korporatiboa, eta horrek langileengan zein gizartean kezka larria eragiten du».

Sindikatuaren arabera, espetxe ereduak «publikoa, modernoagoa eta gizatiarragoa» izateaz gain, «presoen eskubide guztiak errespetatu» eta «langileen lan baldintza duinak bermatu» beharko ditu. Baina Jaurlaritzak proposatutako neurrietan «gabezia larriak» daudela adierazi du: «Lan osasuna eta segurtasuna bermatzen dituen plangintza zehatza falta da espetxeetako langileentzat, eta plantillaren egoera kontuan hartuko duen euskalduntzeko plana falta da».

Espetxeetako langileen artean nagusi den Acaip-UGT sindikatuak prentsaurreko bat eman zuen asteartean, eta, adierazi zuenez, Jaurlaritzak proposatzen dituen lan baldintzek «ez dituzte betetzen» langile publikoen zenbait eskubide. Gainera, adierazi zuen neurrietan «aurreikuspen falta handia» egoteaz gain espetxeetako beharren inguruan«ezjakintasun handia» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.