Jaurlaritzaren esku geratu dira itsasertzaren kudeaketa eta zinematografia

Gaur sinatu dute eskumenen eskualdatzea. Migratzaileen lan baimenen kudeaketa «datorren asteetan» transferitzea espero dute.

Jaurlaritzaren esku geratu dira itsasertzaren kudeaketa eta zinematografia. Irudian, Gasteizko eta Madrilgo ordezkariak, akordioaren ostean. EUSKO JAURLARITZA
Jaurlaritzaren esku geratu dira itsasertzaren kudeaketa eta zinematografia. Irudian, Gasteizko eta Madrilgo ordezkariak, eskualdaketaren ostean. EUSKO JAURLARITZA
Jone Bastida Alzuru.
2024ko abenduaren 16a
14:30
Entzun

Beste bi eskumen geratu dira Eusko Jaurlaritzaren esku: itsasertzaren kudeaketa eta zinematografia babesteko funtsa. Transferentzien Batzorde Mistoak bilera egin du Madrilen, eta bertan sinatu dute eskumenak eskualdatzea.

Horrez gain, beste urrats bat ere egin dute bi gobernuek: etorkinen lan baimenen kudeaketa eskualdatzekoa. Datorren astean batzartuko dira «azken detaileak» adosteko, abenduaren 26an.

Kostaldearen ordenamenduari dagokionez, transferentzia eginda, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren esku egongo da kostaldeko bideen, eraikinen eta bestelako azpiegituren eraikuntzei baimen administratiboak ematea eta zigor prozedurak irekitzea.

Zinematografiaren eta ikus-entzunezkoen eskumenak, berriz, sektorea babesteko funtsak kudeatzeko modua emango dio Jaurlaritzari. Haren esku geratu dira, esaterako, euskarazko ikus-entzunezko lanak ekoizteko eta banatzeko diru laguntzak.

Jaurlaritzaren izenean, bileran izan dira Maria Ubarretxena Gobernantza Administrazio eta Autogobernu sailburua eta Jaurlaritzako bozeramailea, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Noel D’Anjou Ogasun sailburua, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua eta Begoña Perez de Eulate Autogobernu zuzendaria. Madrilgo gobernuaren ordezkari gisa, berriz, Angel Victor Torres Lurralde Politikarako eta Memoria Demokratikorako ministroa izan da bilerako buru.

Ubarretxenak balioa eman nahi izan die lortutako azken bi eskumenei. Haren hitzetan, itsasertzaren kudeaketak aukera emango die EAEko kostarekin zerikusia duten proiektuen eta azpiegituren inguruan erabakitzeko eta, beraz, «itsasertza ere lurraldea antolatzeko estrategian integratzeko».

Halaber, Jaurlaritzak ohar bidez nabarmendu duenez, eskumen horri esker, besteak beste, trantsizio energetikorako «funtsezkoak» diren azpiegiturak bultzatu ahal izango dituzte, hala nola aerosorgailuak eta linea elektrikoak; arrantza proiektu berriak abiatu ahal izango dituzte.

«Hizkuntza propioa duen herrialde txiki batentzat lehentasunezkoa da sektore honetan baliabide gehiago izateat»

MARIA UBARRETXENAEusko Jaurlaritzako elduna

Zinematografia babesteko funtsarekin, berriz, kulturgintzan Gernikako Estatutua bete dela esan du Jaurlaritzak. Ubarretxena: «Hizkuntza propioa duen herrialde txiki batentzat lehentasunezkoa da sektore honetan baliabide gehiago izatea».

27 eskumen falta

Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak azaroaren 27an adostu zuten kostaldearen kudeaketa eta zinemaren babeserako funtsa eskualdatzea. Orduan, erronkei aurre egiteko «autogobernuan sakondu» beharra dagoela azpimarratu zuen lehendakariak.

Hain justu, bi eskumenak eskualdatzeko akordioa sinatzeko bileraren aurretik, beste batzar bat ere egin dute gaur, falta diren eskumenen transferentziak bizkortzeko asmoz. Ubarretxena bera eta Arcadi España Lurralde Politikako estatu idazkaria elkartu dira, eta bilera lehen blokeko lau eskualdatzetan ardaztu da: meteorologia, itsas salbamendua, Bizkaiko Makineria Egiaztatzeko Zentroaren kudeaketa eta migratzaileen lan baimenen kudeaketa.

Azken horretan jarri du arreta batez ere Jaurlaritzak, eta gaurko bilerak eman du fruitua. Azaldu dutenez, uste dute eskualdaketa «datorren asteetan» egingo dela. Detaileak adostea falta zaie. Ubarretxenaren arabera, akordio politikoaren ostean, espero dute 2025ean hastea lan baimenak tramitatzen. Bi gobernuek duten «konpromisoa» berretsi du sailburuak, eta ontzat jo du izandako azken bilera, «sintonia onean» ari direla eta «borondatea» badutela azpimarratuta.

«Autogobernu gehiago daukagunean, estatu gehiago daukagu, eta hori baikorra da deszentralizazioaren alde egiten duen gobernu batentzat»

ANGEL VICTOR TORRESEspainiako Lurralde politikarako ministroa

Era berean, Torresek esan du Espainiarentzat «positiboa» dela autogobernuan sakontzea: «Autogobernu gehiago daukagunean, estatu gehiago daukagu, eta hori baikorra da deszentralizazioaren alde egiten duen gobernu batentzat». 

Oraindik 27 eskumen daude Espainiako Gobernutik Eusko Jaurlaritzaren eskuetara igaro gabe. Bada, EAJk PSOErekin egindako inbestidura akordioari jarraikiz, 2025eko amaierarako transferentzia guztiek eginak beharko lukete.

Gaur jakinarazi dutenez, lehen blokea ixteko lanak azkartuko dituzte, eta hori lortu eta gero ekingo diote gainerako eskumenen transferentziari. Itxura guztien arabera, migratzaileen lan baimenen kudeaketa izango da erdiesten hurrengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.