Jaurlaritzaren arabera, egunero hamabost andrek salatu dute bortxa matxista

Abuztura arte, %3 areagotu dira delitu molde guztien biktimak eta salaketak. 2.152 emakumek salatu dituzte bikote barruko tratu txarrak

Bilbon, abuztuan bortxaketa baten aurka eginiko protesta bat. M. RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abuztu amaierara arte bildutako datuen arabera, biktima eta biktimizazio gehiago daude indarkeria matxistarekin lotutako delituetan: andre gehiagok erabakitzen dute salaketa jartzea, eta gehiagotan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 3.013 emakumek salatu dute bortxa matxista molderen bat, eta 3.620 salaketa jarri dituzte; iaz garai berean baino %2,17 salaketa gehiago dira. Hortaz, egunero 14,8 salaketa izan dira urteko lehen zortzi hilabeteetan.

Eraso molde guztietan ageri da gorakada, baina nabarmenagoa da familia barruko bortizkeria delituetan —bikotekide edo bikotekide ohiek ez beste senideek egindakoetan—: 607 biktima izan dira (iaz baino %2,36 gehiago), eta 674 eraso salatu dituzte (%5,64 gehiago). Aldiz, bikote barruko tratu txarrek eragin dute biktima gehien: 2.152 emakumek salatu dute erasoren bat (%3,6 gehiagok), eta 2.691 salaketa jarri dituzte (%2 gehiago). Sexu askatasunaren aurkako delituetan izan da igoera apalena: 254 andrek salatu dituzte, %0,4k gehiagok. Atzo ere atxiloketa bat izan zen Mungian (Bizkaia): 45 urteko gizon bat atzeman zuten, goizaldean emakume bat bortxatzea egotzita.

Hain justu, Bizkaian dago biktima gehien (1.592 andre), baina han gertatu da beherakada bakarra: %2,6 biktimizazio gutxiago izan dira. Araban, %6,5 areagotu dira salaketak, eta hazkunde deigarria izan dute familia barruko bortxaren biktimek: 103 dira, %18 gehiago. Gipuzkoan, berriz, %9 gehitu dira salaketak, batez ere askatasun sexualarekin lotuak: 92 andrek salatu dute, ia %11 gehiagok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.