Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak 325 ertzain liberatu zituen 2020tik 2023ra, euskara ikas zezaten. Horietatik, berrehun inguruk euskara eskakizunen bat akreditatu dute. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eman ditu datu horiek, PPko legebiltzarkide Ainhoa Domaikak egindako galdera bati erantzunez.
2024an, berriz, beste 21 ertzain sartu dira Ertzaintza euskalduntzeko programa horretan. Ertzaintzak 8.000 kide inguru ditu. Zupiriak zehaztu duenez, liberazioa duten ertzainek lanaldi osoa ematen dute euskara ikasten.
Liberazio horien kostua 15,8 milioi euro izan zen 2020tik 2023ra. Gutxi gorabehera, Segurtasun Sailak 1,2 milioi euro erabili zituen horretan 2020an, 5,3 milioi 2021ean, 3,8 milioi 2022an eta 5,3 milioi 2023an. Kopuru horietan sartuta daude euskara ikasten ari diren ertzainen batez besteko urteroko soldatak.