Jaurlaritzako alderdiek 40 milioi euroren zuzenketak onartu dituzte

Jeltzaleek diote horrek erakusten duela aurrekontuak negoziatzeko eskaintza «benetakoa» zela

Aurrekontuen batzordea, atzo, Eusko Legebiltzarrean. L. RICO / EFE.
xabier martin
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuen onarpenaren kontakizunean jarri dituzte ahaleginak Eusko Legebiltzarreko talde politikoek azken asteotan, eta Aurrekontuen Batzordean ekarpen gehiago egin dituzte abenduaren 23ko osoko bilkuraren egunaren atariko errelato hori eraikitzeko. Jaurlaritzako alderdi biek, EAJk eta PSE-EEk, aurreko astean iragarri zuten oposizioaren zuzenketa batzuk onartuko zituztela, baina, azkenerako, 40 milioi eurorenak izan dira, eta ez 30 milioirenak; 12 milioi euro garraio arloko deskontuetarako izango dira, eta beste 11 milioi eta erdi, osasunerako. Bada, horrek erakusten du, EAJko Alaitz Zabala legebiltzarkidearen arabera, gobernuaren «elkarrizketa eskaintza benetakoa zela».

Oposizio osoak joan den ostiralean eskatu zuen aurrekontuak Jaurlaritzari itzultzeko, «errealitateak aurrean eraman dituelako jada aurrekontuak», EH Bilduren kasuan. Orain, Zabalak dio Gasteizko gobernua osatzen duten alderdien «borondate zintzoa» agerian geratu dela, EH Bilduren, Elkarrekin Podemos-IUren eta PPren 40 milioi euro inguruko zuzenketak onartuko dituztela eta. 20,3 milioi EP-IUren zuzenketei dagozkie; 17,06 milioi, PPren zuzenketei; eta soilik 1,5 milioi, EH Bilduk aurkeztutako bi zuzenketa partziali.

Ikusi gehiago:Aurrekontuak aurrera doaz Gasteizen, Elkarrekin taldearen abstentzioaz

Zabala legebiltzarkideak alderdi horien «danbatekoa» azpimarratu du negoziazioei buruz aritzean. Garraiorako eta osasunerako zuzenketekin batera, aurrekontuek zazpi milioi euro jasoko dituzte seme-alabak dituzten familientzako laguntzetarako, eta beste bost milioi Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako obretarako. Gainerakoa banatuko dute alokairuko etxebizitzaren sustapenean eta Lanbideko lan orientatzaileak eta Osalaneko ikuskatzaileak kontratatzeko.

Garraioaren deskontua

«Tamalez, EH Bilduk ateak itxi dizkio berriro elkarrizketari», helarazi du legebiltzarkide jeltzaleak. «Hamabi milioi lor zitzaketen garraiorako laguntzetan, baina ez dute nahi izan». Koalizio abertzaleak Osasun Sailari aurkeztutako milioi eta erdiko bi zuzenketak onartu dituzte Jaurlaritzako alderdi biek, edonola ere; Osasun Mentaleko Planerako da bata, eta Elikadura Nahasmenduaren Arretarako Unitaterako bestea.

Koalizio subiranistaren «anbizio eskasa» nabarmendu du Zabalak, eta haren diskurtsoaren eta zuzenketen bidez eskatutakoaren arteko «koherentzia falta» ere bai. «Osakidetzako egoerari buruzko diskurtso katastrofistarekin bat etorri izan balira, gehiago lortuko zuten».

EH Bilduk azkar erantzun die adierazpen horiei. Ohartarazi du EAJk, PSE-EEk eta EP-IUk atzoko Aurrekontuen Batzordean adostutako hamabi milioi euroko finantzaketa otsailerako amaituko dela, «deskontuak urte osoan luzatzeko kostua 72 milioikoa baita», Iñaki Arriola Garraio sailburuak zehaztu duenez. «EH Bilduk uko egin dio negoziazio horretan sartzeari, neurri hori Eusko Legebiltzarrak onartu zuelako azaroan, eta, hortaz, Jaurlaritzak derrigorrez aplikatu behar duelako, berriro negoziatu gabe», argitu du koalizioak.

Azken argazkiaren itxura

Garraioaren esparruan, dena den, EH Bilduk badu beste proposamen bat zuzenketa partzial gisa: 12 urtez azpiko umeentzat doakoa izatea. Eta aurrekontuen tramitatzera ere eraman du ekinaldi hori; ez dute onartu batzordean, ordea. EH Bilduko legebiltzarkide Leire Pinedok esan du «gehiengoaren alperra pasatzen ari den irudia» galarazi nahi dutela EAJk eta PSEk, eta «beren negoziazio prozesuari zuzenketak» jarri dizkiotela orain. «Argi geratu da ez zutela negoziatu nahi; azken argazkia makilatzen ari dira».

EP-IUko legebiltzarkide David Sotok uste du oposizioaren zuzenketa batzuk onartzean EAJk eta PSEk «jarrera aldaketa bat» izan dutela aurreko urteen aldean. «Taktika hutsagatik» izan dela uste du, «oposizioko talde guztien zuzenketei ezezkoa emateak ez zuelako zentzurik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.