Zahar etxeak

Jaurlaritzak zahar etxeen dekretua berritu du, baina eragileak ez ditu ase

Senideen elkarteetako ordezkarien arabera, aurrekoaren «antzekoa» da. Gaueko arreta bermatzeko eta zaintza aringarriak hobetzeko irizpideak badira testu eraberrituan

Adinekoak. Egoitza bateko ataria, artxiboko irudi batean. G. RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburu Nerea Melgosak zahar etxeak arautzeko dekretua moldatzeko agindua onartu zuen atzo. Egin duten testuan, badira aldaketak. Zahar etxeetako moduluek, esaterako, gehienez ere 25 egoiliarrekoak izan beharko dutela jarri dute. Arta zuzena ematen duten langileen ratioa handitu egingo da; hainbat agentziaren arabera, %15. Egoitza berriei ere jarri nahi zaie muga: 150 egoiliar baino gehiago ezingo dituzte hartu. Babestu elkartean Bizkaiko egoiliarren familiartekoak batzen dira. Elkarteko eledun Xabier Monrealek adierazi du irakurri dutela dekretu eraberritua, eta aurrekoaren «antzekoa» iruditu zaiela, hots, eskasa arta on bat bermatzeko, aurrez ere usu salatu baitituzte dekretu horren mugak.

Babestuko kidea minduta dago, era berean, Eusko Jaurlaritzak ez duelako egoiliarren senideengana jo testu hau ontzeko, edota gutxienez iritzia galdetzeko. Hedabideen bidez ezagutu dute, eta guztiz okerra iruditu zaie jokabide hori. «Ez dugu aukerarik izan aurrez testua ikusteko ere; Eusko Jaurlaritza oso urrun dago hainbestetan aipatzen duen gobernantza eredu berritik». Gipuzkoako Senideak elkarteko kidea da Begoña Garate, hedabideen bidez izan du berak ere dekretuak ekarriko dituen aldaketen berri, eta kritikatu du administrazioak orain arte toki txikia eman diela senideen elkarteei: «Ez dakit zeren zain dauden». Hala ere, uste du aspaldi egiten ari diren hainbat eskaeraren inguruan mugimendu batzuk ikusteak hein batean arrazoi eman diela borrokan ari diren senideei: «Egoitzen gaia mugitzen ari da». Modulu bakoitzean 25 egoiliar baino gehiago ez direla onartuko. 150 egoiliar baino gehiagoko egoitzak ere ez. Goiburu horiek atzo behin eta berriz ikusi zituen, baina halakoekin bakarrik ez dira ase. Egoitza bakoitzean, tokian-tokian neurriak hartu behar direla uste du: «Guretzat arazoa ez dira egoiliarren kopuruak, baizik eta egoitzaren barneko antolamendua».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, foru aldundien ardurapean daude zahar etxeak, eta araudietan eta adinekoek jasotzen duten artan badira aldeak herrialdetik herrialdera; egoitzatik egoitzaraere bai sarri. Zaila da ematen den artaren erretratu orokor bat izatea. Jaurlaritzak oinarrizko irizpideak ematen ditu denentzat, eta dekretu honen bidez horiek moldatzea da asmoa.

Izurriaren ondorioz ikusitako hainbat gabezia kontuan hartuta ondu dute dekretuaren zirriborroa. Irizpide berriek «kalitatea eta hobekuntza iraunkorra» ardatz dutela esan dute dekretuan. Xedeen artean, hau ere bai: hobeto koordinatu behar dira osasun sistema eta adinekoen egoitzetako osasun zerbitzuak. Zaintza aringarriei ere erreparatu nahi diete.

Gabeziei aurre egiteko

Egun, badira gabeziak. Apirilean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zaintza aringarrien plan berria aurkeztu zuen, 2027ra arteko asmoekin. Propio jarri du administrazioak planeko xedeen artean zahar etxeekiko koordinazioa hobetzea. Zaintza aringarrien arloko Arinduz elkarteko profesionalek, planaren aurkezpenaren harira, azaldu zuten lan handia egin behar dela horretarako. Hainbat arazo jarri zituzten mahai gainean. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun zerbitzuak eta gizarte zerbitzuak «bereizita» daude sarri; areago, «aparteko bi mundu dira», eta erreminta informatiko igualak ere ez dituzte.Egoitzetako profesional «eskasia» ere, oro har, arazotzat daukate.

Horiek horrela, dekretuaren bidez, Jaurlaritzak plan bat ondu nahi du propio egoitzetan ere zaintza aringarrien arloan aurrera egiteko, eta trebatu egin nahi ditu profesionalak halakoetan arta ona emateko. Heriotzako orduan ez ezik, egoitzako bizialdi osoan hartu beharko dira aintzat pertsona bakoitzaren nahiak eta desioak, eta horren araberako planak ondu beharko dira. Hobetu egin nahi dute egoiliarren senideekin hartu-emanak izateko bidea ere. Dekretu honetan, ordea, alde horretatik berrikuntzarik ez datorrela salatu du Monrealek, kritiko. Nora begiratua badagoela uste du, inguruetan badirela esperientzia interesgarriak, baina ez zaiela jaramonik egin. «Beste zenbait erkidegotan, ari dira urratsak egiten; hemen, ez».

Dekretuko xedeen artean jarri dute egoiliarrak ez lotzea ere. Egun, adinekoak ez lotzeko konpromisoarekin ari dira hainbat egoitza; geldirik egonarazteko bide fisiko eta kimikoak saihesten dituzte. Baina zentro denek era horretan jarduteko bermeak ezarri nahi dituzte araudiarekin. Salbuespen egoeretan bakarrik onartuko da egoiliarrak lotzea.

24 orduko arta

Egoitzetan, arta zuzenak eguneko 24 orduetan bermatuta egon beharko du, Jaurlaritzak ondu duen dekretu zirriborroaren arabera. Gauean, arta asistentzial teknikoa emateko gaitutako langile bat bermatu beharko da 50 egoiliarrerainoko egoitzetan. 51-100 egoiliar dituztenetan, bi izango dira. 100-150 artekoetan, hiru. Hortik gorakoetan, lau. Ratioak handitzeari buruz, Monrealek esan du beraiek batez ere zaintzaileen arta zuzenari erreparatzen diotela, eta horretan ez dutela ikusi igoerarik. Testua goitik behera begiratuta ere, aldaketa gutxi ikusi dituzte. Propio zirriborroan «gaueko arta» aipatzen dela onartu du, senitartekoen aspaldiko eskea dela, baina ezarri diren ratioak oso-oso apalak iruditzen zaizkio. «Zaintzaile bat 50 egoiliarreko? Hori zer da!». Egoitza bakoitzaren ezaugarrien arabera hartu beharreko neurria dela uste du Garatek ere. Ratioen inguruko datuekin-eta senitartekoak usu nahasi egiten direla ere kritikatu du: «Haiek modu batean egiten dituzte kontuak, baina guri ez zaizkigu ateratzen».

Osasun artak beti aurrez aurrekoa izan behar duenik ez du bermatzen dekretuak; atea irekita utzi du zenbait kasutan gailu telematikoen bidezko arreta emateko. Zahar etxeetako egoiliarren familien beste eskeetako bat da osasun arta presentzial osoagoa bermatzea; izan ere, haien salaketetako bat da egun erizainen 24 orduko arta ez dela bermatzen egoitza askotan. Monrealen arabera, hori aldatzeko biderik ez da irekiko dekretu berriarekin: «Erizainik gabe egon daitezke».

Ebaluazio eta koordinazio batzorde bat ere eratu nahi da testu berriarekin. Aurreko dekretua ez da indargabetuko; berrian egindako aldaketekin ordezkatuko da. Berri hau onartzeko prozesuan, hainbat urrats falta dira oraindik. Behin dekretua onartuta, egoitzek sei urte izango dituzte aldaketetara egokitzeko.Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak jakinarazi du testua ondu dutela foru aldundiekin batera elkarlanean egindako prozesu batean.

ELAren eta LABen kritika

Zahar etxeetako langileek, urteotan, askotan azaldu dute ezinegona ematen duten artaren kalitatearengatik. Lan baldintzak hobetzeko eskatzen ari dira, eta ratioetan ere aldaketak nahi dituzte, argudiatuta orain ez dutela izaten aski astirik egoiliarrak ondo artatzeko. Jaurlaritzaren dekretuaren albistearen harira, ohar bat plazaratu du ELA sindikatuak. Oso kritikoak dira sindikatuko ordezkariak ere. Batetik, haiek ere gaitzetsi dute «hedabideen» bidez izan dutela testuaren berri. Horiek horrela, zer dioen aztertzeko denbora behar dute sindikatuan, eta adierazi dute azterketa sakon baten ondorenean baloratuko dutela xeheki edukia. Baina dekretua egiteko bidean sindikatuari galderarik egin ez izana, esaterako, jokamolde kaskarra dela adierazi dute.

Dekretu eraberritua «propagandarako titular bat» da ELA sindikatuarentzat. Babestu elkartearen iritzi bera dute: «Jasotzen diren gauza asko jada jasota daude dekretuaren egungo testuan». Proposatu diren aldaketak, halaber, «hobekuntza arkitektonikoetara» bideratuta daudela esan du ELAk. LABek, berriz, uste du dekretua ez dela «nahikoa sektorean dauden beharrak asetzeko», eta Jaurlaritzak «alde batera» utzi dituela «langileen aldarrikapen historikoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.