Eusko Jaurlaritzak abiatu du urte politikoa, Donostiako Miramar jauregian atzo egindako Gobernu Kontseiluaren bidez. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak agerraldia egin zuen bileraren ostean, eta bi gaitan jarri zuen arreta: pandemiaren bilakaeran eta egoera sozioekonomikoan. Eskumenen transferentzien gaia ere aipatu zuen, eta onartu espero duela aurten eskualdatzea beste bederatzi eskumen. Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak atzeratuta dituzte transferentziei lotutako lanak; apirilean, bi gobernuek lau eskumenen inguruko akordioa itxi zuten, nahiz eta martxorako 11 ziren Jaurlaritzaren esku utzi beharreko eskumenak. Urkulluk atzo adierazi zuen itxaro duela egutegiari erreparatzea eta hori betetzea: «Itxaropena da aurten eskualdatuko diren beste bederatzi eskuduntza jorratzea». Gernikako Estatutua betetze aldera diseinatutako egutegiaren arabera, transferentzien hurrengo blokeak urrirako egon beharko luke itxita.
Hain zuzen, urriaren 1etik aurrera Urkulluren gobernuaren esku geratuko da espetxeen eskumena; beraz, hari egokituko zaio Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelak kudeatzea. Horri dagokionez, Jaurlaritzak gogorarazi du gizarteratzeko erakunde propioa sortu duela, eta azaldu asmoa dela hori datorren urteko urtarrilean hastea lanean. Urkulluren esanetan, espetxeetan daudenei lan egiteko aukera eman nahi diete, «betiere gizarteratzeko helburua izanda».
Autogobernu ereduaz eta estatus politikoaz ere aritu zen Urkullu, eta gogoeta sakona egin beharra dagoela esan zuen: «Estatus politikoari dagokionez, legebiltzarrean dago kokatuta eztabaida, eta hari dagokio horri eustea, eta, hala erabakitzen badute, adostasun bat lortzea. Legealdi honetako urte bat igaro da, eta uste dut nabarmenagoa dela eguneratu egin behar dugula aitortutako autogobernua, eta garatu». Azpimarratu zuen Jaurlaritzak autogobernua defendatu behar duela.
Gainera, aipatu zuen Jaurlaritza prest dagoela oposizioko talde parlamentarioekin hitz egiteko.
Lehentasunak
Jaurlaritzak hastekoa den urte politikoan izango dituen lehentasunen artean, izurriaren bilakaera nabarmendu zuten. Urkulluk adierazi zuen «zailtasun eta oztopo askorekin» bada ere joerari buelta ematea lortzen ari direla. Hiru helburu zehaztu zituen datozen asteetara begira: intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 300etik beherakoa izatea, ZIUetako okupazioa murriztea eta 12 urtetik gorako biztanleen % 85ek txertoaren bi dosiak hartuak izatea —%79 inguru dira egun—.
Gainera, lehentasunezkotzat jo dute ikasturtea segurtasun neurri guztiekin hastea. Urkulluk gogorarazi zuen herenegun eguneratu eta zabaldu zutela protokoloa ikastetxe guztietara.
Lehendakariak esan zuen testuinguruak hobera egin duen arren ikasturte berrian «zuhurtziaz» jokatu behar dela: «Gure nahia da hezkuntza hitzarmena sendotzea hezkuntza komunitate osoarekin. Hau aukera bat da etorkizuneko euskal hezkuntza eredua berritzeko eta sendotzeko».
Horrez gain, adierazi zuen egoera sozioekonomikoaren inguruko hausnarketa egin zutela. Urkulluren arabera, euskal ekonomiaren eta enpleguaren bilakaera positiboa «sendotzen» ari da. Halere, merkataritzan, kulturan edo ostalaritzan oraindik ere zailtasunak dituztela onartu zuen. «Dena den, datuek hobekuntzarako bilakaera erakusten dute. Industria indartsu ateratzen ari da krisitik». Susperraldi ekonomikoa «lan merkatura iristen» ari dela dio: «Industriaren eta eraikuntzaren sektoreetan galdutako ia enplegu guztia berreskuratu da». Oraindik 12.000 pertsona daude erregulazio espedienteekin, nahiz eta %90etik gora «normaltasunez integratu» diren beren enpresetan.
«Datu itxaropentsuak dira, baina argi dugu epe luzeko bilakaera bati aurrea hartu behar diogula. Krisian galdutako enplegu guztia berreskuratu behar dugu, eta, aldi berean, gure ekonomia eraldatzeko eta berritzeko faseari ekin behar diogu», esan zuen. Hiru trantsiziori «arrakastaz» heldu nahi diotela argitu zuen: teknologiko-digitalari, energia-ingurumenekoari eta osasun-gizartekoari. «Aurrekontu gidalerroak, Berpiztu programa eta Europako funtsetarako Euskadi Next plana dira eraldaketa berde, digital eta sozialari ekiteko oinarriak», esan zuen Urkulluk.
Urte politikoaren hasiera. Eusko Jaurlaritza
Jaurlaritzak urte amaierarako lortu nahi ditu beste bederatzi eskumen
Eusko Jaurlaritzak urte politikoa abiatzeko lehen Gobernu Kontseilua egin du, Donostiako Miramar jauregian. Pandemiaren bilakaera eta egoera sozioekonomikoa izango dira lehentasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu