Espainiako Estatuan dauden 210 euskal presoak Euskal Herrira eta ingurura gerturatzeko eskatuko dio Jaurlaritzak Pedro Sanchezen gobernuari. Hain zuzen, lau euskal kartzeletan eta Hego Euskal Herritik hurbilen dauden Espainiako hirutan bildu nahi dituzte guztiak: Martutenen (Gipuzkoa), Basaurin (Bizkaia), Zaballan (Araba), Iruñean (Nafarroa), El Dueson (Kantabria), Logroñon (Errioxa) eta Burgosen (Gaztela eta Leon). Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetzarako idazkari nagusiak eman du berria, EITBk egindako elkarrizketa batean. «Posible da preso guztiak 150 kilometroren bueltan egotea», ziurtatu du.
Gaineratu duenez, «kontzeptu aldaketa bat» ere eskatuko diote gobernu berriari: euskal presoek ez dute gerturatu aurretik hasi beharko «gizarteratze prozesua», baizik eta «gizarteratzeko» gertu egon beharko dute. «Lanean ari gara, eta gure asmoa da kartzela politikaren proposamen gaurkotu bat aurkeztea Espainiako Gobernuari hurrengo egunetan edo asteetan», iragarri du. Fernandezen arabera, bizikidetzaren eta giza eskubideen alorrean Eusko Jaurlaritzak lehentasuntzat du presoak hurbiltzea eta sakabanaketa etetea. Esperantzarekin mintzatu da; izan ere, iruditzen zaio Espainiako gobernu berriarekin «aukerak eta baldintzak» badaudela «legearen espiritua» betetzeko. «Gerturatzea ez da ikusi behar presoentzako sari modura. Senideekin justizia egitea da, jasan behar ez duten sufrimendu bat kentzea», nabarmendu du.
Egun, bestelakoa da egoera. 11 euskal preso daude Fernandezek aipatu dituen zazpi espetxeetan. Hau da, Jaurlaritzaren arabera, Espainian dauden 210 preso horien %5. Zehazki, bost euskal preso daude Logroñon, bi Burgosen, bat El Dueson, bat Iruñean, bat Zaballan eta beste bat Gasteizko harrera etxe batean —azken biak gaixo daude—. Horiez gain, Zaballan, Langraiz bideko bi ere badaude.
Ez da lehen proposamena
Ez da Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari presoak Euskal Herrira gerturatzeko eskatzen dion lehen aldia. 2017ko martxoaren 14an egindako bilera batean, proposamen bat egin zion Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak orduan Espainiako presidente zen Mariano Rajoyri. Jaurlaritzak lehendabiziko proposamena garatu egin zuen Euskal presoak Presondegietan birkokatzeko irizpide proposamena dokumentuan. 2017ko martxoaren 13 arteko datua aintzat hartuz, Espainiako Estatuko kartzeletan ETArekin lotutako kasuetako «Euskadiko nahiz Nafarroako» 267 herritar zeudela zioen, eta 267 euskal presoetatik 234 zeudela Hego Euskal Herritik 300 kilometro baino urrunagoko espetxeetan, eta 195 euskal preso, 500 kilometrotik landa.
Euskal presoak Hego Euskal Herrian eta bertatik 250 kilometro baino gertuago dauden sei kartzeletan kokatzea proposatu zuen Urkulluk. 267 presoetatik 190, euskal espetxeetan izateko proposamena egin zion Jaurlaritzak PPren gobernuari: 100 preso Zaballan (Gasteiz), 40 Iruñean, 25 Basaurin (Bizkaia) eta beste 25 Martutenen (Donostia). Gainerako 77ak, Espainiako lurraldeotako kartzeletan: hogei preso Logroñokoan (137 kilometrora) eta beste hogei Burgoskoan (164 km), hamabost Dueson (Santoña, Kantabria; 175 km), hamar Zuerakoan (Zaragoza; 219 km), zazpi Soriakoan (230 km) eta bost Dueñaskoan (Palentzia; 250 km).
Urkullu 2018ko ekainaren 25ean bildu zen lehen aldiz Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu berriarekin, eta urtebete lehenago Rajoyri emandako «agiri eta proposamen berberak» eman zizkion. PSOEren gobernuak egin ditu mugimendu batzuk, baina espetxe politika aldatu gabe dago.