Jaurlaritzak proposatu du BEC, Ficoba eta halako eraikinak irekitzea selektibitatea egiteko

Arantxa Tapiak ohartarazi du ez duela esan nahi erabiliko dituztenik. Proposatu dute aukera izatea selektibitatea, HABEko azterketaren bat edo oposizioren bat BECen, Ficoban eta antzeko eremuetan egiteko

Ikasleak selektibitate azterketa egiten EHUn, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 19a
16:03
Entzun

Gobernu kontseiluaren ondoren, azalpenak eman ditu Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. Bigarren fasera begira, Espainiako Gobernuarekin «aldebikotasunez» negoziatzen ari diren neurriak azaldu ditu.

Hezkuntzari dagokionez, proposatu dute azokak egiteko erabiltzen diren eraikinak irekitzea, «ez hainbeste orain inongo logikarik ez duten kongresu handiak egiteko», baizik eta zenbait azterketa mota egiteko: esaterako, selektibitatea, HABEkoren bat edo egiteko dagoen oposizioren bat. Tapiaren hitzetan, horrelako eremuetan segurtasuna manten daiteke, pertsonen sarrerak eta irteerak «hobeto» antolatu, eta berme gehiagorekin egin. 

Sailburuak ziurtatu duenez, BEC, Ficoba eta halako erakinak irekitzeko eskatzen dute, baina zehaztu du ez duela esan nahi erabiliko dituztenik, baizik eta «aurreikuspena edukitzea» eskatzen dutela erabili ahal izateko, beharrezkoa izango balitz ere, eta «ez agindu jakin batera jo behar izateko, korrika eta presaka».

Itzulera, «pixkanaka eta mugatuta»

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ikasle astelehenean dira ikasgeletara itzultzekoak. Kristau Eskolak iragarri du maiatzaren 25ean aurrez aurreko jarduerarako itzulera «pixkanaka eta era mugatuan» egingo dela; «ezinbestekoak» diren mailetan –Batxilergoko bigarren mailan, DBH 4n eta Lanbide Heziketan–; eta «ezinbesteko» jardueretarako: errefortzu jarduerak, ikaskuntza telematikoan zailtasunak izan dituzten ikasleen arreta, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa prestatzea, errekuperazioak, aparteko azterketak...

Itzuli baino lehen ikastetxeak garbitu, desinfektatu eta egokituko dituztela azaldu dute, eta ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza plana egingo duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.