Jaurlaritzak plan bat onduko du 2027rako Ertzaintzak 8.000 agente izan ditzan

Bide orri hori datorren urteko martxorako aurkeztea hitzartu du PPrekin. EH Bilduk eskuinaren eta eskuin muturraren jokalekua ez onartzeko eskatu dio.

Ertzain batzuk errepide kontrol batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ertzain batzuk errepide kontrol batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 10a
12:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren helburua da legealdia amaitu baino lehen Ertzaintzako lantaldea «osatzea», alegia, 8.000 kideren langara gerturatzea. Hala adierazi zuen Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean, legealdirako asmoen berri eman zuenean. Helburu horretara iristeko, ordea, plan bat egin beharko du datozen hilabeteetan, jeltzaleek eta sozialistek popularrekin Eusko Legebiltzarrean adostu duten moduan. Plan horrek egutegi zehatz bat jaso beharko luke, 8.000 agenteren langa 2027rako bermatzeko.

Ertzain kopuruaren gaineko eztabaida ez da berria: urteak dira Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Ertzaintzak 8.000 kideko taldea izatea adostu zutela. Zehazki, 2011n hitzartu zuten, Patxi Lopez lehendakari zela, eta Rodolfo Ares Segurtasun sailburu. Harrezkero, ordea, helburu hori ez da guztiz bete, eta gaur egun kopuru hori baino nabarmen txikiagoa da ertzain kopurua. Segurtasun Sailak berak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.412 ertzain daude gaur egun.

Horrek esan nahi du datozen hiru urteetan 600 agente inguru batu beharko liratekeela adostutako kopurura heltzeko. Horrez gainera, aintzat hartu beharko dituzte epe horretan erretiroa hartuko duten ertzainak ere: 1.256 dira, Ainhoa Domaika PPko legebiltzarkidearen arabera. Horregatik, «konpromiso eta zehaztasun handiagoa» eskatu dio Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen mozio baten bidez.

Popularren mozio hori Voxen beste mozio batekin eztabaidatu dute legebiltzarrean, gaur goizeko osoko bilkuran. Baina eskuin muturreko alderdiak aurkeztu duena ezetsi egin dute. PPren mozioari dagokionez, berriz, erdibideko zuzenketa bat onartu dute, EAJren, PSE-EEren eta PPren babesarekin, eta bertan dago jasoa, hain justu ere, datorren urteko martxorako egutegi zehatz bat aurkezteko eskakizuna. EH Bilduk eta Sumarrek abstentziora jo dute.

Eskuinaren jokalekua

EAJk eta PSE-EEk goraipatu egin dute PPrekin egindako akordioa. Jon Andoni Atutxa legebiltzarkide jeltzaleak adierazi du lehendakariaren legealdiko helburuen artean dagoela ertzain kopurua 8.000ra iristea, baina gogorarazi du azken sei urteetan 3.000 ertzain hartzeko lan eskaintza publikoak antolatu dituela Jaurlaritzak, talde osoaren %35. «Beraz, lana ez da gaur hasiko, ez da legegintzaldi honetan hasiko», esan du Atutxak. Halaber, azpimarratu du ezinbestekoa izango dela segurtasun plan berri bat garatzea, Ertzaintza egungo beharretara egokitzeko.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, ordea, eskuinaren eta eskuin muturraren jokalekua ez onartzeko eskatu die EAJri eta PSEri. Arzuagaren hitzetan, PPk eta Voxek «beldurra areagotu» nahi dute, «alarma egoera piztu», eta gizartean segurtasunik ezaren irudipena hedatu, ondoren polizia gehiago eta baliabide gehiago eskatzeko, herritarrek eskubide eta askatasun gutxiago izan ditzaten. «Kontuz obsesio horiek onartzearekin», ohartarazi du.

Arzuagak gogorarazi du 8.000 ertzainen kopurua langa bat dela, derrigorrez bete behar ez den helburu bat. Eta adierazi du ezen, «zenbaki magiko» horretara helduta ere, ez direla «arazo guztiak konponduko». «Zenbakiak baino gehiago, zerak kezkatzen gaitu: zertarako behar ditugun eta, batez ere, nolako ertzainak behar ditugun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.