Udaberri plana

Jaurlaritzak ongietorrien gaitzespena sartu du Udaberri planean

Bizikidetzaren, giza eskubideen eta aniztasunaren planaren behin betiko bertsioa onartu du Gobernu Kontseiluak.

Beatriz Artolazabal sailburua, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko irailaren 21a
12:25
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Udaberri 2021-2024 bizikidetzaren, giza eskubideen eta aniztasunaren plana onartu du. Plan horren zirriborroa joan den maiatzean aurkeztu zuen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, eta orduan iragarri zuen kontraste prozesu bati ekingo ziotela eta, eragileen ekarpenak jaso ostean, irailean emango zutela behin betiko planaren berri. Planaren azken bertsioan presoen ongietorriei buruzko aipamen bat sartu dute, eta argitu nahi izan dute gogoeta kritikoa «ETAren terrorismoa eta indarkeria erabili edo justifikatu dutenei» exijitu behar zaiela bereziki.

Beatriz Artolazabal sailburuak esan duenez, lau printzipio izan dituzte ardatz plana egiterakoan: «Pertsonaren duintasuna, terrorismoaren eta indarkeriaren erabateko deslegitimazioa, giza eskubideen berme eta babes eraginkorra, eta aniztasuna eta dibertsitatea babestu eta garatu beharreko baliotzat hartzea».

Dokumentuaren sarreran «hurbileko testuingurua» aztertu dute, eta hor kezka agertzen da «oraindik gure inguruan sortzen diren indarkeria, intolerantzia eta sektarismo adierazpenak» direla eta. Pintaketak, mehatxuak eta «eraso fisiko eta hitzezkoak» aipatzen dira adierazpen horien adibide gisa, eta hor agertzen dira ongietorrien inguruko aipamenak: «De facto indarkeriaren kultura politikoaren gorespen sinbolikoa eta biktimen bidegabekeria eta birbiktimazioa dira».

Hiru agenda

Sarreraren ostean, hiru agenda zehazten dira planean: Bizikidetzarako Euskal Agenda, Giza Eskubideena eta Aniztasunerakoa. Lehenengoan, indarkeriaren zikloaren bukaeraren osteko egoera aztertu eta etorkizunari begirako eginbeharrak zerrendatzen dira. Lehen zirriborroan zeuden xedeak behin betiko dokumentuan ere agertzen dira: biktimei «aintzatespena» eta «aitortza eta erreparazioa» ematea, iraganari buruzko «gogoeta kritikoa» sustatzea, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea onartzea, «bizikidetzarako aktibo gisa» funtzionatuko duen espetxe politika bat garatzea eta abar.

Arlo horri dagokionez, Beatriz Artolazabalek nabarmendu du, eragileekin hitz egin ostean, aldaketa bat sartu dutela dokumentuan, argiago uzteko gogoeta kritikoaren inguruko interpelazioa batez ere «ETAren terrorismoa erabili edo justifikatu dutenei» egin behar zaiela: «Indarkeria helburu politikoekin erabiltzeak unibertso politiko horren autokritika etiko, politiko eta demokratikoa eragin beharko luke: bidegabea izan zen, erabat bidegabea».

Maiatzetik hizketan

Giza Eskubideen Agendan, «eskubide guztiak pertsona guztientzat» da iparrorratza; Artolazabalek esan duenez, «zailtasun berezia dagoen testuinguru globalean». Aniztasunerako Agendan, berriz, «bizikidetzarako aktibo gisa» hartu dute aniztasuna: «Horrek esan nahi du horren kudeaketa positiboa bultzatu behar dela arlo guztietan, eta diskriminazioaren aurka gogor borrokatu behar dela».

Maiatzetik hona, hogei bat erakunde, biktima elkarte eta gizarte mugimendurekin mintzatu da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, ekarpenak jasotzeko. Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioekin, Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta Eudelekin ere hitz egin dute. Planak ez du legebiltzarraren onespenik behar onartua izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.