Udaltzainek pistolak eraman beharko dituzte aurrerantzean

Dekretuaren arabera, udaltzainek su armak erabili beharko dituzte eguneroko jardunetan. Udalek udaltzainen egoitzak erreformatu beharko dituzte, armategiak ezartzeko.

UDALTZAINGOA
Udaltzainak, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 5a
14:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak jakinarazi du gobernu kontseiluak onartu duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaltzainen «baliabide tekniko eta defentsakoen erabilerari eta motari» buruzko araudia. Beraz, su armak udaltzainen ohiko tresna bilakatuko dira aurreratzean.

EAEko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeko lantalde batek ondu du araudia, eta haren xede nagusietako bat da, testuaren beraren arabera, «armamentua eta beste baliabide tekniko eta defentsa baliabide batzuk ezartzea eta homogeneizatzea». Zehazki, araudiko 15. artikuluak egiten dio erreferentzia armak erabiltzeari, eta zehazten du «beren [udaltzainen] edo beste norbaiten bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arrisku larria dagoen» kasuetan bakarrik erabil daitezkeela, betiere «egokitasun, premia eta proportzionaltasun printzipioekin» bat eginez: «Su armak erabiltzea muturreko neurritzat hartuko da».

Halere, dekretuaren ondorio nagusietako bat izango da su armen erabilera zabaltzea. Izan ere, dekretuko 8. artikuluak zehazten du udaltzainek «armak eta bestelako baliabide teknikoak eta defentsakoak» eramateko betebeharra dutela. Eta hauek dira, besteak beste: su arma laburra —9 milimetroko parabellum kalibrekoa—, armaren zorroa, munizioa, balen aurkako txalekoa, girgiluak, defentsa pertsonala —esaterako, borra bat—, txilibitua eta ebakien aurkako eskularruak.

Hala, zehazten da «bide publikoko segurtasuneko polizia zerbitzuak eta segurtasun eta zaintza zerbitzuak» armekin egin beharko dituztela udaltzainek, eta horiek ez erabiltzeko salbuespen liratekeela bulegoko lanak, irakaskuntza funtzioak, hitzaldiak, ikastaroak eta antzeko eginbeharrak. Ezingo dituzte horiek soinean eraman zerbitzutik kanpo daudenean ere, baldin eta ez badute «udaltzainburuaren berariazko baimenik».

Hortik aurrera, dekretuak ezartzen du alkateek erabaki ahalko dutela zein diren armak erabiltzetik salbuetsita dauden lanak, betiere udaltzainburuaren aldeko txostena eta «funtzionarioen edo beste norbaiten bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arrisku larririk ez» dagoen kasuetan. Horretarako, armak erabiltzea debekatzeko eman daitezkeen argudio batzuk ere zerrendatzen ditu; hala nola «egiaztatzea urte anitzetan egoki murriztu direla delinkuentzia indizea eta istiluak sortzeko arrisku potentziala» eta «pertsonak kontrolatzeko material osagarria» ezarri izana lan horietarako.

Udalen betebeharra izango da su armak eta gainerako tresnak udaltzainen esku uztea. Era berean, horien lana izango da armak eta munizioa gordetzeko leku bat prestatzea ere: «Gordailu horiek halakoetarako aurreikusitako segurtasun neurriak izango dituzte, bai eta bideozaintzako kamera bat ere, etengabe grabatzen jardungo duena». Horrekin batera, udaltzaingo bakoitzak ezinbestekoa izango du «segurtasuneko zona hotz» bat ere, armen egoera egiaztatzeko eta horiek garbitzeko. Eremu horiek zenbait ezaugarri izan behar dituzte: «Lokalak material batez estalitako hormak, zorua eta sabaiak izango ditu. Material horrek, ustekabean tiro eginez gero, jaurtigaia xurgatuko du, eta, hartara, jaurtigaiak errebotatzea, zatitzea edo lokaletik irtetea eragotziko du».

Horrek polizia etxeetan erreformak egitera behartuko ditu zenbait udal. Hala nola Ondarroako udaltzainburuak aurreko udan jakinarazi zion BERRIAri justizia errestauratiboko prozesuak egiteko atontzen ari zirela udaltzaingoaren egoitzako biltegi bat, eta litekeena zela hura armategi bilakatzea behin dekretua indarrean sartuta.

Udaltzaingoen ibilgailuei dagokienez, berriz, horietan zer-nolako «oinarrizko segurtasun ekipamendua» eraman behar den zehazten du araudiak: suaren kontrako manta eta eskularruak, manta termikoa, su itzalgailua, linternak, botika kutxa, trafikoa seinaleztatzeko konoak, zinta balizatzailea, eskularruak eta maskarak...

Dekretua EAEko aldizkari ofizialean argitaratu ostean jarriko da indarrean. Halere, udalek urtebeteko epea izango dute armen erabilera ezartzeko eta armategiak eta segurtasun guneak prestatzeko. Udaltzaingoa izan baina 5.000 biztanletik behera dituzten udalerriek, berriz, bost urteko epea izango dute egokitzeko.

Auzitegien agindua

Udaltzain guztiek armak erabili ahal izateko oinarria EAEko Auzitegi Nagusiak 2019an emandako epai batek ezarri zuen. Eibarko (Gipuzkoa) udaltzain batzuek baimena eskatu zioten udalari pistolak erabiltzeko, baina, udalaren ezezkoa jaso ondotik, auzitara jo zuten. Hala, 2022ko apirilean Donostiako auzitegi batek ebatzi zuen udalerri hartako udaltzainek pistolak erabili behar dituztela egunerokoan. Gerora, gauza bera ebatzi zuten auzitegiek Tolosako eta Zarauzko (Gipuzkoa) udaltzainen kasuetan ere. Azken kasu horretan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen azken ebazpena.

Hiriburuetako udaltzainek pistolak erabiltzen badituzte ere, herri txiki askotan debekatua izan dute su armak erabiltzea, baina, 2019ko epaiaz geroztik, armak erabiltzeari jarritako mugak justifikatu egin behar izan dituzte udalek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzainen %80k daramate pistola —2.750 udaltzain inguruk—. Udalerri kopuruari dagokionez, berriz, 42tan jada erabiltzen dituzte pistolak, eta beste berrogeitan ez. Udaltzainek armarik erabiltzen ez duten udalerri gehienak Gipuzkoan daude, eta 15.000 biztanle baino gutxiago dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.