Jaurlaritzak moldatu egin du Lanbide Heziketako lehen sarbidea

Izena aldatu dio; 'Oinarrizko Lanbide Heziketa' zen lehen, eta 'Hasierako Lanbide Heziketa' orain; arreta jarri nahi die, besteak beste, elbarritasunen baten eta migrazio prozesuen ondorioz zailtasunak dituzten ikasleen premiei.

(ID_13583886) (Endika Portillo/@FOKU) 2024-02-09, Gasteiz. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako...
Jorge Arevalo eta Jokin Bildarratz, Gasteizko Mendizabala lanbide heziketako ikastetxean, gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko otsailaren 9a
14:55
Entzun

Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketako hastapenerako eredu berri bat diseinatu du: Hasierako Lanbide Heziketa. Orain arte Oinarrizko Lanbide Heziketa deitu izan dena ordezkatuko du. Izena ez ezik hainbat egitura ere aldatuta, eredu «malguagoa, egokituagoa, irekiagoa, irisgarriagoa eta eraginkorragoa» izatea espero dute. 2024-2025eko ikasturtean jarriko dute martxan, eta, bereziki,  ikasle «zaurgarrienen» premiei erantzuteko bideak aurkitzea izango dute helburu. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak aurkeztu dute eredu hori, gaur, Gasteizko Mendizabala lanbide heziketako ikastetxe integratuan.

Ibilbide berriak eta askotarikoak sortzean jarri dute arreta. Kolektibo «zaurgarrienei» aukera eskaini nahi diete prestakuntza profesionala jasotzeko, eta, horretarako, taldeka sailkatu dituzte: gaitasun praktikoak dituzten ikasleak, ikasteko zailtasunak dituztenak, elbarritasunen bat dutenak, titulaziorik ez baina lan esperientzia dutenak, titulaziorik gabeko langabeak eta migratzaileak. Kolektibo bakoitza aztertu eta gero, askotariko ibilbideak diseinatu dituzte, bakoitzaren ezaugarriei egokituta.

Askotariko ibilbideak egon arren, Bildarratzen hitzetan, guztiek dute helburu bera: «Ikasleek ikasten eta prestatzen jarraitzea, titulazio bat izan ala ez». Izan ere, proiektuaren helburuetako bat da ikasleek eskola goizegi utz dezaten eragoztea, eta DBHk egiaztatzen dituen oinarrizko konpetentziak lortzea. Helburu horiek betetzeko, arreta talde «zaurgarrienegan» jarri dute, Bildarratzek azaldu duenez: «Ikasle horiek bizi dituzten egoerak askotarikoak direnez, askotarikoak izan behar dute ikasle horien prestakuntzarako hasierako baldintzek eta nondik norakoek ere. Kolektibo horiek gizartean ahalik eta lasterren integratzea da da gure helburua, lan egiteko behar duten prestakuntza emanez».

Eredu berri bat

Arevalok azaldu du eredu zaharretik berrira egindako eraldaketa nagusia: «Orain arte, Oinarrizko Lanbide Heziketa DBH amaitu ez zutenentzat zen; erdi mailakoa, DBH zutenentzat; eta goi mailakoa, aurreko hori amaitu zutenentzat. Hemendik aurrera, ez da hala izango». Eredu «erabat malgua» sortu dutela ziurtatu du sailburuordeak, eta ikasleen «egoera» eta «testuingurua» izango direla ardatza.

Horiek horrela, ikasketa maila edo gaitasun desberdinak dituen jendeak konpetentzia berak eskuratu ahalko ditu, bide ezberdinak eginez, erritmo eta maila ezberdinetan. «Eredu integratzailea izango da hasiera-hasieratik, pertsona kualifikatuak eta enpresa lehiakorrak lortzeko asmoz».

Ibilbideak

  • Ikaskuntzako ibilbide integratuak. 

    Helburua da oinarrizko eta erdi mailako graduen tituluak egiaztatzea, lau urteko prestakuntza egituratuaren bidez. Ibilbide horiek, lehentasunez, gizarte berrikuntzako zentro integratuetan egingo dira. Gainera, espezializazio ikastaro eta programekin indartuko dira.

     

  • Ikaskuntzako ibilbide egokituak. Bi edo hiru ikasturte iraungo dute, eta curriculum garapen espezifikoak izango dituzte. Aukera eskainiko dute katalogo modular malguaren bidez egiteko ikaskuntza, eta ikasleek ingurune praktikoetara egokitutako oinarrizko konpetentziak jasoko dituzte.
  • Profesionalentzako ibilbideak. 

    Lanbide edo ofizio espezifikoetarako espezializazioa sustatzen dute, eta, beraz, indartu eta egokitu egiten dute dagokion lanbideari lotutako curriculuma. Teknikari titulua, teknikari espezialistarena, goi mailako teknikariarena eta master profesionalarena lortzeko era emango dute.

  • Hezkuntza indartzeko ibilbideak. Ikasleen lehentasun eta aurreikuspenetan oinarrituta, ingurune praktikoago batean ikasteko eta DBHko konpetentziak lortzeko aukera handiagoak dituzten ikasleentzat izango dira. Baita oinarrizko edo erdi mailako gradu titulua lortu duten eta hezkuntza sistema orokorrera itzultzeko aukerak dituzten ikasleentzat ere.

  • Ikaskuntza ibilbide malguak. Tituluak, ziurtagiriak eta neurrira egindako programak barne hartuko dira, ikaskuntzarako katalogo modular malgua oinarri hartuta. Amaitzean, titulu eta ziurtagiri ofizialak egiaztatuko dira.

     

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.