Jaurlaritzak lau milioi murriztu du bi urtean ikastolen diru laguntza

Euskal curriculuma 19 ikastolatan probatu ondoren, emaitza «ezin hobeak» izan dituztela jakinarazi dute ikastolek

Ikastolen Elkarteko kideak Isabel Zelaa eta Martin Garitanorekin, atzo, Tolosan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Tolosa
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Euskal eskolaren curriculuma garatzea eta abian jartzea jotzen du Ikastolen Elkarteak belaunaldi honen egiteko eta «balio erantsi». Horratx, aurtengo ikasturteari hasiera emateko atzo Tolosan (Gipuzkoa) egin zuten ekitaldiaren ardatza. Hizkuntza erabakigarria da curriculumean, bai, baina hori baino gehiago ere badela gogorarazi zuten: eskolari dagokion «eduki integrala» da, muga administratiboak gainditzen dituzten hizkuntza, kultura, historia eta «erronka politiko zilegiak» aintzat hartuko dituen eduki integrala.

Bide horretan urratsak egiten segitu dute: azken ikasturtean, 19 ikastolatan esperimentatu dute, eta emaitza «ezin hobeak» erdietsi dituzte. Baina datorren urtean curriculumaren «orbanak zabaltzeko» asmoa dute, Elkar argitaletxearekin elkarlanean sortu duten Ikaselkar edizio enpresaren eskutik. Eta curriculumaz aritzeko ez ezik, azken bi urteetan Jaurlaritzaren diru laguntza publikoak lau milioi murriztu dituztela salatzeko ere baliatu zuten ikastolek ekitaldia. Han izan ziren EAEko Hezkuntza sailburu Isabel Zelaa eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano.

1. Murrizketak

Hezkuntzan izan diren murrizketen larritasuna aitortzen ez jakitea egotzi zien agintariei Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, bere hitzaldian: «Bada gurean hezkuntzan egiten diren murrizketei pisua kentzeko joera». Jaurlaritzak bi urtean lau milioi euro gutxiago eman dituela nabarmendu zuen. Serioski erantzun zioten Zelaak eta Garitanok. Biek ala biek baliatu zuten ekaitzaren metafora, eta krisiaren arriskuan enfasi berezia egin. Herriarentzat «estrategikoak» diren alorrak «ekaitzetik salbu» gorde behar direla adierazi zuen Zelaak. Administrazioak hezkuntza eta ongizatea zaindu eta «ekaitzetik babesteko» konpromiso irmoa hartu behar duela erantsi zuen Garitanok.

2. Euskara

Hezkuntza ez ezik, euskara ere bere gobernuaren ekinbidean lehentasunezkoa dela azaldu zuen ahaldun nagusiak. Kataluniarantz begiratu zuen, berriz, Tellituk: «Zein harrotasunez dioten kataluniarrek hizkuntzaren haritik murgiltze eredua hobetsi zutela haustura sozialik gerta ez zedin, kohesioaren izenean, katalana grabitate zentroan jarriz. Zenbat aldiz esan dugu guk gauza bera euskarari eta euskal jendarteari begira?». Isabel Zelaa, ordea, euskaraz bainoago, hirueletasuna itunpeko sare pribatuan bultzatuko duen jokaera protokoloaren arrakastaz jardun zen atzokoan.

3. Curriculuma

Zelaak euskal curriculumaz esango zuenaren zain zeuden itunpeko hezkuntzako eragileak. Eta Zelaak, curriculumak «hezkuntza komunitate osoaren etxea» izan behar zuela adierazi zien, gizartean existitzen diren «sentsibilitate guztiak», «pluraltasun osoa», bere gain hartzeko gai izan behar zuela. Hala azaldu zuen Hezkuntza sailburuak bere taldeak jaso zituen curriculum proposamenen «egokitze» eta «hobetze» saioa: «Pentsaera eta identitate guztiak gogobeteko zituen curriculuma garatu behar genuen». Eta emaitzarekin kontent gelditu zela erantsi zuen. Garitanok, bestalde, bat egin zuen ikastolek proposatutako curriculumarekin. Edonola ere, ez zuen diputazioaren eskumenetatik kanpo dagoen proiektua bere egin: «Erronkari aurre egingo diozuelakoan nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.