Euskara

Jaurlaritzak lan poltsetarako ezarritako hizkuntza irizpideak atzera bota ditu justiziak

Agerraldia egin du gaur arratsaldean Gobernantza Pulbikoko sailburu Olatz Garamendik eta epaiaren aurkako helegitea jarriko dutela jakinarazi du; euskararen aurkako ebazpen judizialen «gorakadarekin» lotu du ebazpen judiziala

Olatz Garamendi, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
arantxa iraola
2023ko uztailaren 13a
17:55
Entzun

Euskararen aldeko neurrien kontrako «oldarraldi judiziala» salatzeko agerraldi jendetsua egin dute gaur goizean Bilbon, Kontseiluak deituta, eta arratsaldean euskararen kontrako epai sorta horren beste ale baten berri eman du Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik, agerraldi batean. Aditzera eman duenez, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1. zenbakiko epaitegiak emandako sententzia bat da, eta atzera bota ditu Garamendik tokiko erakundeetarako idazkarien eta kontu hartzaileen lan poltsak osatzeko emandako agindu bateko hainbat irizpide; tartean daude hizkuntza irizpideak. Epaiaren sorburua Bizkaiko idazkari, kontu-hartzaile eta diruzainen elkargo ofizialak aginduaren kontra jarritako helegite bat da. Epaiarekin desadostasuna azaldu du sailburuak eta helegitea jarriko dutela jakinarazi du; EAEko Justizia Auzitegi Nagusira joko dute, eta bitartean epaia etenda geratzen dela esan du.

Epaiak aginduaen sei manu baliogabetu ditu, eta Garamendik berak onartu duenez, auzitan jarri du Eusko Jaurlaritzak lan poltsak eratzeko duen gaitasuna, hautaketa prozesuen egokitasuna eta hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko ahalmena. «Azken hilabeteotan euskararen normalizazioaren aurkako ebazpen judizialen gorakada oso kezkagarrian gaude, eta, gainera, euskal erakundeen autoantolaketarako eskumena arintzen eta euskal autogobernua urratzen dute», azaldu du. Epaiak ukatu egiten du, besteak beste, euskararen 3. edo 4. hizkuntza eskakizuna egiaztatzea eska daitekeenik lan poltsak eratzeko prozesuan.

Horren aurrean, Jaurlaritzak defendatu du «toki erakunde bakoitzaren hizkuntza plangintzak hala eskatzen duenean» legez era badela euskara «baldintza» gisara eskatzeko. Areago uste du toki entitateen funtzionamendurako «hain garrantzitsuak» diren lanpostu horiek euskara maila egiaztatzen duten profesionalez bete behar direla. Garamendiren iritziz soilik horrela «berma» daitezke herritarren hizkuntza eskubideak.

«Hori bermatzea oso zaila da Estatuak Administrazio Publikoaren Institutu Nazionalaren bidez igorritako poltsen bidez», adierazi dute gaurko agerraldirako Gobernantza Publikoko Saileko informazio iturriek prestatu duten prentsa oharrean. Epai honek ere euskal autogobernua «higatzen» duela esan du Garamendik, eta Jaurlaritzak toki administrazioko idazkarien, kontu hartzaileen eta idazkari kontu hartzaileen kidegoak kontratatzeko «ahalmena» duela defendatu du.

Justiziak ezeztatu duen agindua 2021eko apirilekoa da. Hautaketa prozesu baterako deialdia egin zen zeinaren bidez lan poltsa bat eratu nahi zen toki erakundeetarako idazkaritza eta kontu hartzailetza eskalarako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeko.

Berehala erantzun dio Kontseiluak epaiari. Idurre Eskisabel idazkari nagusiaren esanetan, goizean adierazitako kezka larritu besterik ez zaie egin: «Oso-oso kezkagarria da». Irizten zaio hizkuntza eskubideak auzitan jartzen dituela, eta gainera, epaileak «irrazionaltzat» jo duela hizkuntza eskakizunak ezartzea bera. «Balorazio horiek oso larriak iruditzen zaizkigu». Horiek horrela, nabarmendu du «oso garrantzitsua» dela Kontseiluak azaroaren 4rako deituta duen manifestazioan parte hartzea.

Foru araudia

Jaurlaritzaren arabera, ebazpen judizialak zalantzan jartzen du lan poltsetan sartzeko «foru araudia ezagutzeko» eskea ezartzea ere. «Baloratu beharreko jakintza» da, hala ere, Gobernantza Publikoko Saileko arduradunen arabera: «Euskadiko foru berezitasuna dela eta». Garamendiren iritziz, langile horien «berariazko prestakuntzaren» parte izan behar du jakintza arlo horrek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.