GHK-k dioxina eta metal astunak dituzten urak Zurriolara isurtzeko baimena bertan behera geratu da oraingz. Izan ere, ingurumen baimen horri errekurtsoa aurkeztu zion GuraSOSek, eta, horrekin batera, eskatu zuen ebazpen horren efektuak kautelaz eteteko, Jaurlaritzak errekurtsoa onartu edo ezeztatu arte. Baimen hori eteteko eskaeraren gainean hilabetean Jaurlaritzak erantzunik eman ez duenez, automatikoki baliogabetuko dira ebazpenaren ondorioak oraingoz.
Hain zuzen, azaroan eskatu zion Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak baimena Uraren Euskal Agentziari, Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara isurtzen diren urak ponpatu eta saneamendu sistemarekin konektatzeko, Añarbeko hodi biltzailearen bidez. Loiolako Hondakin Uren Araztegitik igaroko litzateke ur hori lehenengo. Hala ere, GuraSOSek momentu hartan jada ohartarazi zuen araztegi horretan ezarritako sistema ez zela egokia elementu horiek uretatik kentzeko. Horrez gain, gaur kaleratu duten komunikatu batean azaldu dute Jaurlaritzak baimen hori emateko, Añarbeko mankomunitateak txosten bat osatu beharko lukeela bere oniritzia emanez —derrigorrezkoa eta bete beharrekoa da baldintza hori—, eta Tapiaren sailak txosten hori gabe eman diola baimena GHKri.
Plataformak azaldu duenez, 2023ko urtarrilaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak jakinarazi zien eskatutako Ingurumen Eragineko Baimena emango ziola GHKri, ponpaketa eta saneamendu sistema hori eraikitzeko «etorkizuneko larrialdien aurreko prebentzio neurri gisa». Hilabete geroago erabaki horri errekurtsoa aurkeztu zion GuraSOSek Tapiari.
«Eteteko eskaera administrazio edo erakunde eskudunaren erregistro elektronikoan sartu zenetik, sailburuak hilabeteko epea zuen eteteko eskaera berariaz ebazteko eta errekurtsogileei jakinarazteko», azaldu du plataformak. Esan duenez, epe hori igarota Sailburuaren erantzunik ez izatea «baiespen isiltasuntzat» hartzen da. Ondorioz, ebazpen horren efektuak eten egingo dira. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak hiru hilabeteko epea dauka errekurtso horri erantzuteko.