Jaurlaritzak kurtso erdiko matrikulak arautuko ditu, eskolen artean orekatzeko

Gurasoen nahia ez ezik, eskola planifikazioa ere kontuan hartuko dute. Irailetik 3.000 ikasle sartu dira hezkuntza sisteman epe ofizialetik at

Maite Asensio Lozano.
2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Ikasturtea hasita dagoela hezkuntza sisteman sartzen diren ikasleen matrikulazioa arautzeko, dekretu bat prestatzen ari da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila; zirriborroa Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen atzo Cristina Uriarte sailburuak, EH Bilduk eskatutako agerraldi batean. Gurasoen nahia ez ezik, «eskola planifikazioarekin» eta ikastetxeen arteko orekarekin lotutako irizpideak ere txertatuko dituzte. Datorren ikasturterako nahi dute indarrean araua.

Matrikula bizia deitutako horren barruan, 3.000 ikasle inguru sartu dira irailetik hona Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan matrikulazio epe ofizialetik kanpo. Oro har, beste herrialdeetatik etorritakoen seme-alabak izaten dira, eta sare publikora jotzen dute. Kopurua handitzen ari da, eta Uriartek adierazi du «arazo serioak» eragiten hasi dela auzia, besteak beste, curriculumetan talkak daudelako, edo ez dituztelako beti bertako hizkuntzak ezagutzen. «Horregatik arautu behar da, eta prozedura bat ezarri».

Dekretuak zehaztuko du zein irizpide hartu behar duen kontuan administrazioak. Gurasoen eskaerak eta eskoletan libre dauden tokiak aipatzen dira dokumentuan, baina ez dira izango aldagai bakarrak. «Eskola planifikazioa» ere kontuan hartuko dute, eta «aniztasuna zentroetan banatzean orekari» eusten saiatuko dira. Kanpotik iritsitako ikasleak ikastetxe jakin batzuetan «pilatzea» eragotzi nahi du Uriartek neurri horien bidez.

Izatez, Jaurlaritzak martxan duen Ikasle Immigranteen Hezkuntza Arretarako II. Planaren abiapuntuetako bat da ikastetxe batzuetan kanpotarren seme-alabek pisu handia dutela, eta beste zentro batzuetan, aldiz, halako ikasle gutxi dituztela. Hortaz, planaren helburua da «eskolatze inklusibo eta orekatua» bultzatzea, eta ikasle etorkinak hezkuntza sare guztietan sartzea. Egitasmo horren barruan dago dekretua.

Baina, Jaurlaritzan ez ezik, hezkuntza eragileen artean ere piztu da desoreka horren gaineko kezka: eskola segregazioaren aurkako herri ekinbide legegile bat aurkeztua du legebiltzarrean Zubiak Eraikiz plataformak, eta tramiterako onartuta dago. Ikasleen jatorriari ez ezik, maila ekonomikoari ere erreparatu nahi dio. Gasteizko haur eta lehen hezkuntzako eskola publikoetako gurasoek ere eginak dituzte halako salaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.