Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok esan duenez, Jaurlaritza harremanetan jarri da beste zenbait autonomia erkidegorekin, Zaldibarko hondakindegira bideratzeko zuten zakarra hara bidaltzeko aukera aztertzeko. «Euskadik arazo konplexua du industriak sortzen dituen hondakinekin», esan du Morenok; orain, arazoa areagotu egin da Zaldibarko zabortegia erori ostean.
Ingurumen Sailak bilera egin du Aclimarekin, Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkartearekin. Hondakinen arloan lan egiten duten enpresak biltzen ditu Aclimak, eta han aztertu dute Zaldibarko zabortegian luizia gertatu osteko egoera. Zaldibarkoa zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hondakindegi nagusia: urtero 500.000 tona zabor jasotzen zituen, hau da, hiru lurraldeetan sortzen diren industria jatorriko hondakinen %25. Orain, Zaldibarko hondakindegia itxita, arazo larria sortu da.
Larria eta presazkoa: Ingurumen Sailaren asmoa da, ahal dela, datozen egunetan irtenbideren bat topatzea. Izan ere, industria jatorrikoa zen Zaldibarrera bideratutako zakarra, eta soluziorik topatu ezean, arazoak egon daitezke hondakinak hara bideratzen zituzten enpresetan. Morenok esan duenez, oraingoz zenbait lantegietan ari dira zakarra gordetzen, egoera argitu bitartean. «Oraingoz, inongo enpresak ez du produkzioa eten behar izan», adierazi du sailburuordeak.
Morenok eskerrak eman dizkie horrelako hondakinak hartzen dituzten beste bi zabortegiei, Epele (Bergara, Gipuzkoa) eta Gardelegi (Gasteiz), «erakutsi duten jarrera onagatik», baina nabarmendu du irtenbideak «globalagoa» izan behar duela.
Morenok iragarri du industria hondakinak kanpora bidaltzeak «garestitu» egingo lukeela prozesua, eta horrek «ondorioak» izango lituzkeela ekonomian. Hortaz, «epe laburreko» irtenbidea bilatu nahi dute, baina Ingurumen Sailean badakite «epe erdiko irtenbideez» ere gogoeta egin behar dela, sortutako hondakin kopurua gutxitzeko helburuz.
Eremua egonkortzen jarraitzen dute
Berriro ere, Zaldibarko hondakindegian egiten ari diren lanak zuzentzen dituen mahai teknikoak bilera egin du Zaldibarko udaletxean, eta, amaitutakoan, Ingurumen eta Segurtasun sailetako arduradunek eta teknikariek azalpenak eman dituzte. Esan dutenez, desagertutako langileak topatzea da oraindik ere haien lehentasuna. Hiru eremu zedarritu dituzte, uste dutelako horietan dagoela gorpuak aurkitzeko aukerarik handiena, eta orain lurra egonkortzen ari dira, hiru zona horietara iritsi ahal izateko.
Ertzaintzako erreskate operazioetako kide Asier Urrutiak azaldu ditu orain arte egindako lanak. Esan duenez, ateratzen ari diren hondakin guztiak «eskuz» eta zakurren laguntzaz galbahetzen ari dira, han aztarnaren bat agertuko balitz ere. Egunero 40 bat kamioi zabor ateratzen ari dira, mila tona gutxi gorabehera.
Ingurumen sailburuorde Elena Morenok esan du behin-behineko biltegi bat eraikiko dutela zabortegitik gertu, ateratzen ari diren zaborra oraingoz han gordetzeko. Haren esanetan, biltegi horrek legeak agintzen dituen baldintza guztiak beteko ditu, eta han 100.000 tona inguru gordetzeko lekua egongo da. Horrek esan nahi du hiruzpalau asteko tartea emango diela han ari direnei, lanekin jarraitu ahal izateko.