Jaurlaritzak Joxi Zabala biktima gisa aitortuko du Kursaaleko ekitaldian

GALek bahitu, torturatu eta hil zuen gaztearen arreba Pili Zabalak eman du ezagutzera Jaurlaritzak giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa aitortuko duela urriaren 31n egin behar duen oroimen ekitaldi batean, Donostiako Kursaalean.

Pili Zabala, artxiboko argazki batean. J.DANAE / FOKU
xabier martin
2023ko urriaren 16a
11:38
Entzun

Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hil zituzteneko 40. urteurrena bete den honetan, Zabalaren arreba Pili Zabalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortuko duela anaia urriaren 31n, Donostiako Kursaalean egingo duen oroimenerako ekitaldian. EITBri egindako adierazpenetan, Zabalak azaldu du amaren izenean espediente bat aurkeztu ziola Jaurlaritzari gobernuak Joxi Zabala anaia aitor zezan giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa, motibazio politikoko testuinguru batean, 1979 eta 1999 bitartean, 12/16 legearen barruan.

Zabalak helarazi du «albiste handia» jaso duela, Joxi Zabala izango dela urriaren 31ko ekitaldian aitortuko dituzten biktimetako bat. Biktima aitortu horien familiei emango diete irizpen hori, euren senitartekoak giza eskubideen urraketa larrien biktimak direla ezartzen duena. Ekitaldi hori «oso garrantzitsua» izango da, Zabalaren arabera, haren anaiaren «errugabetasun presuntzioa, memoria, giza duintasuna, ohorea eta izen ona» gordetzeko.

Jaurlaritzak berak berretsi du Joxi Zabalaren espedientea bukatu duela, eta azken erabakiaren zain dagoela, baina biktima gisa aitortua izan dadin Balorazio Batzordearen baiezko balorazioa duela.

Eusko Jaurlaritza bere 12/16 legearen bidez ematekoa den aitortza «oso garrantzitsua» da, Zabalarentzat, baina ez da anaiaren aldeko aitormen lanean azken urratsa. Izan ere, Espainiako Estatuak ez ditu Lasa eta Zabala biktima gisa aitortu oraindik. Zabalaren arrebak sarritan esan du «injustizia baten biktimak» direla familia biak, eta Espainiako Estatuaren aitortzaren bila jarraituko duela.

Urriaren 31ko ekitaldia

Urriaren 31ko memoria eta erreparaziorako ekitaldian, Jaurlaritzak beste 66 biktima aitortuko ditu, motibazio politikoaren alorrean; horietako 49 torturatu gisa aitortuko ditu. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuk gidatuko du ekitaldia.

Poliziari eta arrazoi politikoei lotutako indarkeria eta tortura kasuak baloratzeko legebiltzarreko batzordeak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokien lehen txostena plazaratu zuen 2021eko ekainean. Agiri horrek 35 biktimaren berri eman zuen, eta haiei aitortza egin zitzaien Bilboko Euskalduna jauregian. 1.017 eskaera jaso zituen batzorde horrek, nolanahi ere, eta batzordeak 55 aztertu zituen, xehetasunez. Horien artean, 35 biktima aitortu zituen; 28 biktimaren estatus horiek egiaztatzen dituzten agiriak jaso zituzten Euskaldunan, biktimek eurek edo euren senitartekoek; beste zazpik uko egin zioten agiri hori jasotzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.