Eusko Jaurlaritzak Itzuli+ aurkeztu du, Itzuli itzultzaile automatikorako tresna berri bat. Orain arteko aukerak zabaltzen ditu: webguneetatik euskarazko eta gaztelaniazko testuak itzultzen ditu berehala, eta itzulitako testuak irakurtzen ditu. Horrez gain, aukera ematen du itzulitako testua eta jatorrizkoa irakurtzeko. Atzo aurkeztu zuten erreminta berria, Donostian, eta han izan ziren Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea eta Xabier Arrieta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendaria. Dagoeneko 3.700 erabiltzaile inguruk deskargatu dute Itzuli+.
Ohar bidez nabarmendu dutenez, Itzuli+ «oso tresna gomendagarria» da testuak idazteko eta itzultzeko: «Ikasleek eta gurasoek maiz erabiltzen dute itzulpenetarako, eta, halaber, oso erabilgarria izan daiteke esparru akademikoetan eta erakunde publikoekiko komunikazioetan». Gainera, uste dute testuen itzulpena eta jatorrizkoa irakurtzeko modua ematea «aukera interesgarria» dela interprete lanetarako eta ikusmen urritasuna edo dislexia dutenentzat.
Azaldu dute tresna berriak Interneten dauden hainbat tresna bildu dituela: Itzuli itzultzaile neuronala; Elhuyar, Morris eta Collins hiztegiak; euskarazko Wikipedia; eta ahotsaren sintesia. «Automatikoki lotzen da Itzuli itzultzailearekin, eta aukera ematen du hainbat hiztegirekin —baita alemanezkoarekin ere— eta Wikipediarekin ere konektatzeko». «Erraz eta intuizioz» erabiltzen dela ziurtatu dute: webgune batean paragrafo bat edo gehiago aukeratzen dute erabiltzaileek, eta, itzuli ikonoan zapaldu ondoren, itzulpen automatikoa ematen du; beta aukera sakatuz gero, berriz, testua itzulita entzun dezakete. Gaur-gaurkoz, Firefoxen eta Chromen dago eskuragarri.
'Itzuli' itzultzailea oinarrian
Itzuli itzultzaile neuronalean du jatorria aurkeztu berri duten tresnak. Itzultzaile horrek dagoeneko aukera ematen du itzulpenak egiteko euskaratik gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera, baita alderantziz ere. Iazko urrian jarri zuten martxan, eta ordutik «erabilera zabala» izan duela azpimarratu dute. Datu bat eman dute horren erakusgarri: 41.158.630 itzulpen edo kontsulta izan ditu 2019ko urritik 2020ko azarora.
Nabarmendu dute itzultzaile neuronal hori hainbat urteko lanaren emaitza dela, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hogei urtean bildutako itzulpen memoriak erabiliz ezarritakoa dela ziurtatu dute: «Itzulpengintzan, batez ere euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara egindako itzulpengintzan pilatutako eskarmentu handiari esker, oso datu base terminologiko eta linguistiko zabala lortu da». Horri esker, nabarmendu dutenez, Itzuli-k «kalitate handia» izatea lortu dute.
Jaurlaritzak itzultzaile neuronalaren beste tresna bat aurkeztu du
'Itzuli+' tresnak euskarazko eta gaztelaniazko testuak itzultzen ditu webguneetatik berehala, eta itzulitako testuak irakurtzen ditu. Dagoeneko 3.700 lagunek deskargatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu