Jaurlaritzak iragarri du %5,3 igo dela Lanbide Heziketako matrikulazioa

49.000 ikasleetatik %52,7 arituko dira B edo D ereduan. Hamar ikasletik lau modalitate dualean arituko dira, ikasten eta lanean

Ikasle bat, atzean Urkullu, Bildarratz eta Arevalo dituela. AITOR KARASATORRE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
«Lanbide Heziketak eraldaketa handia izan du sorreratik, eta, bereziki, azken urte hauetan». Lanbide Heziketak dituen abantailak goraipatu zituen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, ikasturte hasieraren harira Donostiako Easo politeknikoa ikastetxera egin zuten bisitan. Ikasketa horiek «prestigioa» irabazi dutela nabarmendu zuen, eta, ondorioz, gero eta ikasle gehiagok aukeratzen dituztela. Behin-behineko datuak eskuan—urriaren 13an amaituko da matrikulazioa—, aurreko ikasturtean baino %5,3 ikasle gehiagok aukeratu dituzte ikasketa horiek. Urkullurekin batera, Easo politeknikoan izan ziren Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea.

Zenbait gela eta tailer bisitatu ostean, Urkulluk hitz egin du komunikabideen aurrean. Lanbide Heziketaren inguruko hainbat datu emateko baliatu du saioa. Hasteko, argazki orokorra egin du: 2023-2024ko ikasturtean, 49.200 ikaslek ikasiko dute Lanbide Heziketa —ez da behin betiko datua—, joan den ikasturtean baino %5,3 gehiagok. Lehenengo mailako ikasleei soilik erreparatuta, igoera %9,1ekoa da. Etengabe hazteko joera erakusten ari dira: duela zortzi urtetik, %30,1 igo da zikloen eskaria.

Datu orokorretatik harago, xehetasunetara ere jo dute. 49.000 ikasle horietatik %65 dira gizonak, eta %35 emakumeak. Aldea dago sektore batetik bestera: osasunean eta arlo soziosanitarioan, %77,8 dira emakumeak; aldiz, industria arloan, %12. Halere, azaldu duenez, azken bost urteetan %34,6 igo da emakumeen matrikulazioa azken sektore horretan.

Hizkuntzari dagokionez, %52,7k B eta D ereduetan ikasiko dute, aurreko ikasturtean baino %7,3 gehiagok; aldiz, %47,3 gazteleraz arituko dira, A ereduan. Ez dago modurik jakiteko euskara hutsezko D ereduan zenbat ikaslek ikasiko duten, ez baitituzte datuak banatuta eman.

Eta, ikasketa ereduari erreparatuta, pisua irabazten ari da modalitate duala. Hau da, ikasleek ordu batzuk eskolan pasatzen dituzte, eta beste batzuk, enpresa batean. Aurten, ikasleen %40,3 arituko dira modalitate horretan.

Halaber, «bultzada» eman asmo diote moduluen eskaintza malguari. Horren bidez, ikasle batzuek modu zatikatuan egiten dituzte ikasketak, moduluka edo are unitate txikiagoetan.

Emaitzak, agerian

Azken urteetan Lanbide Heziketan egiten ari diren lana fruitua ematen ari da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasketa horien enplegagarritasuna %89koa da batez beste, eta ziklo «askotan» %100era iristen dira.

Unibertsitatearekiko lotura ere ari dira bultzatzen: «Lanbide Heziketaren eta unibertsitate graduen arteko konbinazioa sustatzen jarraitzen da». Azaldu dutenez, goi mailako 75 heziketa ziklok unibertsitateko 59 gradutarako «lotura bideak» eskaintzen dituzte. Lotura horien bidez, ikasketak dituztenei unibertsitateko kredituak aitortzen dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.