Jaurlaritzak «inbertsiotzat» jo du EAJ-PSE ituna luzatzea

Gobernu formula «eraginkorra» dela nabarmendu du Josu Erkorekak

Morales, Mendia, Urkullu eta Ortuzar, 2016ko urrian, EAJren egoitzan. L. J. / FOKU.
jon olano
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
EAJk eta PSE-EEk iragarri eta gero aurreakordio bat erdietsi dutela udal eta foru erakundeetan elkar babesteko, hitzarmen hori ontzat jo zuen atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Uste du bi alderdiak ados jartzea «berri ona» dela, «erakusten duelako jarraitutasuna eman ahal izango zaiola azken lau urteetan indarrean egon den gobernu formula bati». Erkorekaren esanetan, eredu hori «eraginkortasun handiz» ari zaie erantzuten «euskal herritarren beharrei» eta «Euskadiren erronkei». Gobernu kontseilu osteko agerraldian mintzatu zen Erkoreka, atzo. Prentsaurreko horretan, «inbertsiotzat» jo zuen akordiorako oinarria «egonkortasunaren, ongizatearen, fidagarritasunaren eta etorkizunaren ikuspuntutik».

Jeltzaleek eta sozialistek herenegun zabaldu zuten aurreakordio bat egin zutela, bi alderdietako bat indar nagusia izan den udaletan, babesik txikiena duenak bazkidea babesteko. Beste kasubatzuetan, bien artean boto gehien izan duen alderdiak erabaki behar du alkategairik aurkeztuko duen.

«Iragarritako amaiera»

EAJren eta PSE-EEren arteko akordioaz beste era batera jardun zuen atzo Andeka Larrea Ahal Dugu-ko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Komunikazio idazkariak. Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean, esan zuen EAJ-PSE ituna «iragarritako amaiera» bat dela: «Errespetatzen dugu PSEk EAJrekiko aliantzari eutsi nahi izatea, baina gustatuko litzaiguke ausartuko balitz gehiengo aurrerakoiak osatzen; Elkarrekin Podemosek beti izango du eskua luzatuta horretarako». Halaber, jakinarazi zuen EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek akordioak egingo dituztela Elorrion, Durangon (Bizkaia) eta Errenterian (Gipuzkoa), indar subiranistak horietan alkatetza lor dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.