Jaurlaritzak ingurumen baldintzak ezarri dizkio Larragorri zentral eolikoari

Egitasmoa gauzatu ahal izateko, enpresa sustatzaileak neurriak hartu beharko ditu Laudio, Amurrio eta Orozko inguruan habia egiten duten zenbait hegazti espezie babesteko, besteak beste.

Hegazti multzo bat haize errota baten ondotik igarotzen, Baztanen.
Hegazti multzo bat haize errota baten ondotik igarotzen, Baztanen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko martxoaren 24a
13:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Larragorri zentral eolikoa martxan jartzeko, ingurumena babesteko zenbait neurri zuzentzaile bete beharko dituzte. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak baldintza sorta bat ezarri dio Green Capital Development 147 enpresa sustatzaileari. Proiektuak Laudioko, Amurrioko (Araba) eta Orozkoko (Bizkaia) lurrak hartzea da asmoa. Neurriak inguru horretan habia egiten duten hegazti espezie batzuk babesteari begirakoak dira, besteak beste.

Proiektuaren ingurumen eraginaren gaineko adierazpenean zehaztu ditu neurri horiek Jaurlaritzak, eta adierazpena gaur argitaratu da EAEko aldizkari ofizialean. Egitasmoa gauzatuz gero, Larragorri parke eolikoak bost haize errota izango ditu, 25 megawatteko potentzia, eta Laudioko azpiestazioarekin lotuko da ebakuazio linea baten bitartez.

Azpiegiturak faunan eta floran zer eragin izango lukeen aztertuta, Jaurlaritzak uste du «arrisku egoerak» sortuko liratekeela inguru horretan habia egiten duten eta ugaltzen diren hegazti espezie batzuentzat. Espezie horien artean dira miru gorria, sai arrea, sai zuria, zapelatz arrunta, belatza eta erle txoria.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzuak ere ohartarazi zuen Jaurlaritzak aipatzen dituen arriskuez, baina aldundiko zerbitzu horrek adierazi zuen egitasmoaren kontra zegoela, «argiki bideraezina» zela iritzita. Argudiatu zuen ez zegoela nahikoa bermerik hegazti espezieak hiltzea edo nahastea eragozteko.

Arabako Foru Aldundiak ere ohartarazi zuen arriskuez, haren Ingurumen Zuzendaritzak aurkeztutako txostenean, baina proiektua ez zuen bideraezintzat jo. Neurri zuzentzaileak proposatu zituen, Eusko Jaurlaritzak egin duen bezala.

Egitasmoa gauzatu ahal izateko Jaurlaritzak ezarri dituen baldintzen artean dira, besteak beste, fauna aditu batek azpiegituraren eraikuntza osoa zaintzea eta haize errota guztiek hegaztiak atzemateko eta soinuen bidez uxatzeko sistemak izatea, baita beharrezkoa denean errotak gelditzeko sistema automatiko bat izatea ere.

Zentral eolikoak saguzarrentzako arriskuak eragingo lituzkeela ere jaso du Jaurlaritzak ingurumen eraginari buruzko adierazpenean. Proiektuak aurrera egin dezan, enpresa sustatzaileak haize errotak gelditu beharko ditu maiatzaren 1etik irailaren 31ra bitartean, eguzkia sartu baino ordubete lehenagotik eguzkia sartzen denetik lau ordu igaro arte.

Jaurlaritzak ezarritakoen osagarri, Bizkaiko eta Arabako aldundiek neurri zuzengarri gehiago proposatzeko aukera izango dute. Green Capitalek lau urte izango ditu egitasmoa gauzatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.