Eusko Jaurlaritzak abiatu du jada euskaltegietako 2024-2025eko ikasturteko matrikulazio kanpaina. Bilboko Bilbo Zaharra euskaltegian egin dute ekitaldia, eta han izan da Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Euskara ikastera animatu ditu herritarrak: «800 ordu baino ez dituzu behar euskara ikasteko, eta bizitza aldatuko duzu betirako. Euskaraz bizi ahal izango zara, eta harreman berriak egingo dituzu».
Euskara ikasteko bidea errazagoa izan dadin, Eusko Jaurlaritzak zenbait diru laguntza eskainiko dizkie ikasleei: «Ia zortzi milioi euro jarriko ditugu, euskaltegietara etortzeko aukera guztion eskura egon dadin». Espero dute urtea amaitzerako 7.000 ikaslek eskatzea laguntzaren bat. Gaur egun, maila guztietan dago laguntzak eskatzeko aukera.
Jaurlaritzak dioenez, helburu gisa jarri dute egoera ekonomikoa oztopo ez izatea euskara ikasteko: «Ateak ireki nahi dizkiegu adiskide eta aukera berriei, mundu berri bati. Bereizten gaituzten elementuak alde batera utzi, eta batzen gaituenaren alde —hots, euskararen alde— lan egin nahi dugu».
diru laguntzak
A1 mailarako laguntza. Ikasleek matrikularen laurdena ordaindu beharko dute, eta aukera izango dute ikasturte amaieran berreskuratzeko. Aurten lehenengo aldiz jarriko dute diru laguntzen lerro hori.
C1 mailarako laguntza. 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzako eskaintza da; «matrikula sinboliko bat» ordaindu beharko dute, eta, gero, aukera izango dute berreskuratzeko.
A1etik C1 mailara arteko laguntza. 16 eta 30 urte bitarteko ikasleek modua izango dute ikasturtearen hasieran ordaindutakoa berreskuratzeko baldin eta maila gainditzen edo egiaztatzen badute. Gainerako ikasleek ere laguntza izango dute, C1 edo C2 maila egiaztatzen badute.