Jaurlaritzak hiru lehentasun jarri ditu ikasleen emaitzak hobetzeko: ebaluazioa, funtsezko konpetentziak indartzea eta bizikidetza

'Emaitzak hobetzeko 2025-2028 aldiko estrategia integrala' aurkeztu du Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarrean.

Begoña Pedrosa Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Begoña Pedrosa Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko apirilaren 14a
14:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza sistema «sendo» dago, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren irudiko. Alta, aitortu du sistema «egokitu eta eraldatu» beharra dagoela, testuingurua dela eta —migrazioak, aldaketa demografikoa...—. Egungo erronka horiei hezkuntzan erantzuteko, Emaitzak hobetzeko 2025-2028 aldiko estrategia integrala aurkeztu du sailburuak Eusko Legebiltzarrean, berak hala eskatuta.

Estrategiak hiru zutabe nagusi ditu. Bat: ebaluazio sistema integrala. Pedrosaren esanetan, ebaluaziorako adituen foroa jarri zuten martxan iaz, esaterako. Zenbait proiektu diseinatzen dihardute: «Diseinatzen dituzten proiektuak erabilgarriak dira ikastetxeentzat, eta haien testuingurura egokitzen dira». Bi: ikasleen funtsezko konpetentziak indartzea. Bereziki matematika, irakurketa eta gaitasun zientifikoa aipatu ditu sailburuak. «Planak errefortzu programa espezifikoak eta egitura komun eta sistematizatua konbinatzen ditu. Batzorde teknikoak eratu dira programa bakoitza gainbegiratzeko; aholkularitza taldeak aktibatu dira, estrategiak ikastetxeetara egokitzeko; testuinguruan kokatutako baliabide didaktikoak garatu dira, eta irakasleei prestakuntza praktikoa eskaintzen ari gara». Eta hiru: bizikidetza positiboa eta ongizate emozionala. «Estrategiak irakasleak kudeaketa emozionalean prestatzea du helburu, esku hartzeko programa espezifikoen bidez».

Gainera, Pedrosaren arabera, estrategia bat ekarriko dute Hezkuntza Sailaren «lehentasunezko ardatzek» —ikasleen protagonismoa, irakasleen lidergoa, familien inplikazioa, aniztasunarekiko arreta, euskara, digitalizazioa...—, eta xedeak ezarrita dituzte 2028rako: oinarrizko konpetentziak hobetzea, eskola uzten duten ikasleek kopurua murriztea, ikasleen ongizatea hobetzea, euskararen erabilera eta «ikuspegi eleaniztuna» garatzea... Gaur-gaurkoz, lanean hasiak dira, eta, sailak nabarmendu duenez, estrategia 24.000 ikaslerengan eragiten ari da, eta, horretarako, berrehun irakasle gehiago sartu dituzte sistemara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.