Koronabirusa

Jaurlaritzak hilaren 25era atzeratu du ikasleak ikasgelara itzultzea

Itzulera atzeratuko dute, ez dutelako Madrildik «zehaztapen juridikoa» jaso. Sindikatuek «inprobisazioa eta arduragabekeria» salatu dituzte

Langile bat ikastetxe bateko ataria garbitzen, Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Hasieran hezkuntzako jarduera maiatzaren 18an hasiko zela esan bazuen ere, hasierako data hori astebete atzeratzea erabaki du orain Eusko Jaurlaritzak. Beraz, maiatzaren 25etik aitzinera hasiko dira eskolak zabaltzen. Borondatezkoa izango da irekiera, eta eskola bakoitzak erabaki beharko du.

Atzo eman zuen erabakiaren berri Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak: «Eskola komunitatean arazo gehiago ez sortzearren, argitasuna eta segurtasuna emateko helburuarekin, eta kontuan hartuta oraindik ez dugula Madrildik jaso zehaztapen juridikoa, erabaki dugu maiatzaren 25ean hasiko dela eskolara itzultzeko dinamika guztia».

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gutun bat helarazi du ikastetxeetara, erabakiaren berri emateko. BERRIAk dokumentu hori eskuratu du, eta, bertan jasotzen denez, joan den larunbatean Espainiako Gobernuak onartutako proposamen bat lantzen aritu da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza eragileekin. Oharrean, zehaztuta dago Eusko Jaurlaritzak, proposamena onartzeaz gain, Espainiako Gobernuaren arautze juridikoa behar duela, estaldura juridikoa, akordioa aplikatzeko: «Eusko Jaurlaritzak, une honetara iritsita eta Espainiako Gobernuak oraindik hartu ez duen erabaki horren zain, ez du tentsioan eta zain eduki nahi hezkuntza komunitatea datozen egunotan, ezta Hezkuntza Saila egiten ari den elkarrizketa prozesuan maiatzaren 18rako geletara itzultzeko prest dauden hezkuntza sareak ere». Horrenbestez, Hezkuntza Sailak ziurtatu du eragileekin lanean jarraituko duela hurrengo egunetan eta datorren astean, maiatzaren 25ean ikasgeletara itzuli daitezen lehen aurreikusitako mailetako ikasleak.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek ohar bateratu bat kaleratu dute esanez agerian geratu dela«erabateko inprobisazioa eta arduragabekeria» dagoela aurrez aurreko hezkuntzara itzultzeko Hezkuntza Sailaren planaren atzean, «azken egunotan sindikatuok salatu bezala». Berretsi dute ezin dela aurrez aurreko ikasketarik egon, «osasuna bermatuz» itzultzeko neurriak, protokoloak eta baldintzak negoziatzeko «prozesu errealak» abian jarri eta adosten ez diren bitartean.

Eskolen irekiera atzeratzea ez da izan hezkuntzari buruz atzo hartutako erabaki bakarra. Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak bilera izan zuen autonomia erkidegoetako ordezkariekin, eta, ikasturte honetan ikasleak ikasgeletara itzultzeko auke- rari dagokionez, Hezkuntza Ministerioak nabarmendu zuen «gehienen babesa» izan duela bigarren fasean etapa amaieran dauden ikasleei lehentasuna emateko erabakiak, eta erkidegoek baztertu egin dute 0-6 urtekoentzat eskolak irekitzea.

Irailera begira, lanerako talde bat osatzea adostu dute ikasgeletara nola itzuli prestatzeko, pandemiaren eboluzioan hiru egoera izan daitezkeela ikusita: eskola jarduerari normal ekiteko moduan egotea, osasun distantzia bat beharrezkoa izatea edo berragerraldi baten ondorioz ikastetxeak berriro itxi beharra izatea. Uste dute egoera guztietan beharrezkoa izango dela curriculumak eta mailetako, arloetako eta ikasgaietako programazioak egokitzea, arreta berezia emateko «ezinbesteko konpetentziei», eta galerak konpentsatzeko, hots, aurrez aurreko hezkuntza bertan behera gelditu izanak eragindako «aldaketa garrantzitsuen» ondorioz izandako galerak.

Irailean, ez kutsatzeko pertsonen arteko distantzia zaintzea beharrezkoa bada, taldeak banatu beharko dira, eta «ikastetxeko leku guztiak optimizatu, aurrez aurreko jarduera eta urrutitik egindakoa konbinatu, edo ordutegiak egokitu osasun baldintza guztiak betetzeko eta prestakuntzaren jarraipena ziurtatzeko». Hezkuntza Ministerioaren ustez, egoera horretan, beharrezkoa izango da ikastetxeei osasun eta higiene materiala ematea ikasleentzat eta irakasleentzat; higienerako eta osasun kontrolerako neurriak ezartzea; mugikortasunerako protokoloak egitea, ikastetxera sartzeko eta handik ateratzeko; eta osasun alorreko heziketa ematea ikasleei eta irakasleei. Edozein moduz, programatuko dituzten jarduerek eta edukiek egokiak izan beharko dute online eta urrutitik egiteko, eta aurreikuspenak egin beharko dituzte ikasturtearen zatiren bat urrutitik ebaluatu behar badute ere.

Gainera, konpromisoa hartu dute uda baino lehen dokumentu bat egiteko hurrengo ikasturterako orientazioarekin. Espainiako Hezkuntza Ministerioak azaldu duenez, gomendio horiekin, autonomia erkidegoek eta ikastetxeek kontingentzia planak diseinatu beharko dituzte.

Hurrengo ikasturtea hasi aurretik, unibertsitatera sartzeko proba egin beharko dute hainbat ikaslek. Gogorarazi dute autonomia erkidego bakoitzaren ardura dela proba horiek egitea «bertako ikasleentzako eta irakasleentzako baldintza egokienetan».

Nafarroako hezkuntza publikoan zein itunpekoan ordezkaritza duten sindikatu guztiek LAB, Steilas, AFAPNA, ANPE, CCOO, ELA, UGT eta SEPNA-FSIE ohar bat kaleratu dute adieraziz ez dutela «baldintza objektiborik» ikusten 2019/2020 ikasturtean aurrez aurreko hezkuntza jarduerara itzultzeko ikasleen eta irakasleen «osasun segurtasuna» bermatuz. Gaur elkarretaratze bat egingo dute, 11:00etan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Korapiloa askatu ezinda

Gorabeheratsua izaten ari da ikasturte bukaera. Maiatzaren 7an iragarri zuen Cristina Uriartek eskolak maiatzaren 18an irekitzeko asmoa. Batxilergoko bigarren mailako ikasleak ziren hastekoak, baita Lanbide Heziketako hainbat maila ere. Maiatzaren 25ean, espero zuten DBHko laugarren mailakoak, Batxilergoko lehen mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen mailakoak itzultzea. Sindikatuen haserrea eragin zuen erabakiak, eta aurreratu zuten irakasleak ez zirela ikasgelara itzuliko segurtasun baldintzak bete ezean.

Asteartean, ordea, irizpidea aldatu zuen Jaurlaritzak, eta erran zuen ikastetxeek «autonomia» izango zutela itzuleraz erabakitzeko. Hurrengo egunean, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak mezua argia bidali zion Jaurlaritzari: «Lehenengo fasean eskolez esaten den gauza bakarra da irekitzea, desinfektatzea, garbitzea eta prestatzea dela posible, baina ez eskoletako gelak ireki eta bertan haurrak sartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.