Martxoak 8: greba feminista. Izaskun Landaida. Emakundeko zuzendaria

«Jaurlaritzak hausnarketa egin beharko du; lezio bat izan da guztiontzat»

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Aurtengo Martxoaren 8ak ekarri duenarekin «pozik» dago Izaskun Landaida (Ugao, Bizkaia, 1969), Emakundeko zuzendaria. Haren esanetan, osteguneko mobilizazioekin pauso bat aurrera eman zuten emakumeek beren aldarrikapenetan, eta uste du mobilizazioek jarraipena izango dutela datozen urteetan.

Zer-nolako balorazioa egiten duzu aurtengo Martxoaren 8az?

Egun benetan hunkigarria eta historikoa izan zen ostegunekoa. Alde horretatik, iruditzen zait mugimendu feministari eman behar zaiola protagonismo guztia. Plurala, zabala izan zen Martxoaren 8a, eta mota askotako emakumeak batzea lortu zuen. Txalogarria da hori. Horrez gain, uste dut eskerrak eman behar zaizkiela era batera edo bestera parte hartu zuten emakume guztiei; benetan adierazi dute emakumeek duten indarra, eta argi geratu da emakumeak direla gizartean berdintasunik eza pairatzen dutenak. Lanean jarraitu behar dugu horri dagokion erantzuna eman ahal izateko.

Pertsonalki, zerk hunkitu zintuen?

Ez dut hitzik bizitakoa deskribatzeko. Belaunaldi ezberdinetako jendea bildu zen mobilizazioetara; ni ere amarekin eta alabarekin joan nintzen. Aukera ederra izan zen belaunaldi guztietako emakumeak batzeko, eta, era berean, arraza askotako eta egoera ezberdinetan dauden emakumeak biltzeko. Uste dut ostegunekoa feminismoak emandako irakaspen bat dela. Emakumeok erakutsi dugu gisa horretako helburu garrantzitsu bat jopuntuan dugunean badakigula gure arteko ezberdintasunak baztertzen eta bidea batera egiten, berdintasunean eta indarkeria gabezian oinarritutako gizarte bat lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak ez zuen deialdirik egin. Zer iruditu zaizu hori?

Jaurlaritzak hausnarketa egin beharko du. Edonola ere, uste dut ostegunekoa lezio bat izan dela guztiontzat, eta, gainera, egia da gobernuak berdintasunaren aldeko konpromiso sendoa duela. Halaber, egia da mugimendu sozialetatik sortutako ekimen bat izan dela; alde batetik, erakundeak daude, eta, bestetik, ekimen sozialak. Bakoitzak bere eginkizuna du, bere estrategiak eta egiteko moduak. Halere, uste dut bateragarriak izan behar dutela rol horiek, eta helburu amankomun batzuengatik lanean jarraitu behar dugula, bakoitzak bere arlotik.

Kargudun publiko batzuek planto egin zuten, eta beste batzuek ez. Nola ikusten duzu hori?

Tira, mugimendu feministaren proposamenean aukera zabala zegoen aldarrikapenetara era batean edo bestean gehitzeko. Adibidez, batzuek erabaki genuen agenda publikorik ez izatea eta mobilizazioetan parte hartzea, baina norberaren erabakia da hori. Halere, uste dut modu batean edo bestean guztiok parte hartu dugula. Bat egiteko aukera ugari egon dira; hiriburuetan, herri txikietan... Modu asko egon dira aldarrikapen horien alde gaudela adierazteko.

Hala ere, deigarria da kargudun publikoen artean halako jarrera ezberdinak ikustea...

Ez dut datua. Ez dakit nortzuek egin zituzten geldialdiak eta nortzuek ez. Esan dudan eran, uste dut ikasteko aukera bat izan dela aurtengoa, eta alde horretatik uste dut proposamen hau ez dela aurten bakarrik egingo; iaz Argentinan sortu zen, aurten mundu osoan planteatu da (177 herrialdetan egin da), eta ez da hemen bukatuko. Ziurrenik, datorren urtean ere zerbait antzekoa proposatuko da, eta orduan ere aukera izango dugu. Kasu batzuetan, aldarrikapenak hobeto ulertzeko, eta, besteetan, haien aldeko jarrera hobeto adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.