Koronabirusa

Jaurlaritzak haur eta nerabeen arta psikiatrikoa lehenetsiko du osasun mentaleko estrategia berrian

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri du osasun mentalaren estrategia berria garatuko duela «pandemia osteko premiei» erantzuteko .

Gotzone Sagardui sailburua, gaurko agerraldian. IREKIA
edurne begiristain
2022ko apirilaren 4a
14:31
Entzun

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak bisita egin du gaur Zabalburuko nerabeentzako osasun mentaleko eguneko ospitalera, eta han iragarri du haur eta gazteen arreta psikiatrikoa lehenetsiko dutela osasun mentaleko estrategia berrian. Estrategia berri horren helbururik behinena izango da «pandemia osteko osasun mentalari arreta jartzea», eta arlo horretan sortzen diren premiei erantzutea. Haur eta gazteen arta psikiatrikoa estrategia berriaren lehentasunetako bat izango da. Sagarduik esan du beste urrats bat egingo dela arlo horretan; besteak beste, aurretik dauden programak sendotuta, ekintza berriak abian jarrita, eremu guztietan «prebentzioa» eta «postbentzioa» sendotuta, eta suizidioa prebenitzeko estrategia garatuta. Aurki helduko dio estrategia berriari Osasun Mentalari buruzko Aholku Batzordeak.

Haur eta gazteen buru osasuna indartzeko, zenbait neurri hartu ditu Osasun Sailak azken urteotan, Sagarduik azpimarratu duenez: besteak beste, osasun mentalaren inguruko gastua eta inbertsioa areagotu ditu, haur eta gazteen esparrurako giza baliabideak eta materialak bikoiztu ditu, langile espezializatuen ratioa handitu du, eta paziente, familia eta profesionalei laguntza emateko programak ezarri ditu.

Osasun sailburuak azaldu du bere departamentuak haur eta gazteen arreta psikiatrikoa indartzen jarraitu nahi duela, orain arte martxan jarritako baliabideak sendotuta. Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 85 plaza daude horretara bideratuta: Zabalburuko nerabeentzako eguneko zentroan 30 leku daude; Galdakao-Usansolo ospitalean (Bizkaia), hamasei; Saralegiko (Bizkaia) osasun zentroan, hamabost; Gasteizko haur eta gazteentzako eguneko ospitalean, hamar; eta Gipuzkoan, arreta goiztiarreko unitatea dago Donostian, hamalau plazarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.