Imanol Pradalesen Eusko Jaurlaritzak ehun egun beteko ditu bihar. Udako oporraldiaren aurretik osatu zuen gobernua, eta, urte politikoa hasi orduko, martxan jarri zituen bere legealdiko egitasmo nagusiak. Horien artean daude, besteak beste, gizarte, politika eta ekonomia arloetako eragileekin egindako bilkurak, eta Osakidetzaren itunerako mahaia eratu izana. Baita politikan «gizalegez» jarduteko itunaren proposamena aurkeztu izana ere. Abiada handian ekin baitio agintaldiari Pradalesek, osasuna, etxebizitza, enplegua eta estatutua lehentasun hartuta.
Jarduera epaitzeko lehendakariari ematen zaion konfiantzazko epea igarota, balorazio positiboa egin du gobernuak berak. Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi du lehentasunak finkatzen ari direla oraindik, baina orain arte egindakoari esker Jaurlaritzak «entzute aktiboaren eta elkarrizketaren bidea» abiatu duela. Horri eusteko nahia agertu du bozeramaileak, hori delakoan helburuak lortzeko modurik egokiena: «Entzute eta elkarrizketa modu horri eustea funtsezkoa da gizarteak ezarri dizkigun lehentasunetan aurrera egiteko».
Legealdiaren hasieran herri akordioen oinarriak finkatu dituztela ere nabarmendu du Ubarretxenak. Eta azpimarra egin du, besteak beste, alderdi hauetan: alokairu publikoko 7.000 etxebizitza eraikitzeko prozedura abiatu izana, euskararen doakotasuna bermatzeko emandako pausoak, hezkuntzan eta Osakidetzan iragarritako lan eskaintza publikoak, eta lan harremanen ereduan «sakondu» eta soldata arrakalaren aurkako plan berri bat martxan jarri izana. Ubarretxenak nabarmendu du Jaurlaritzak «lan egiteko ilusio handia» duela, eta oraingoz ez dutela «ezer negatiborik» ikusten: «Gaizki hasiko ginateke ehun egunean gauza positiboen ordez negatiboak ikusten hasiko bagina».
Agenda instituzionalari dagokionez, «aurrekaririk gabeko mugarritzat» jo du Pradalesek eta Txibitek EAEko kontzertu ekonomikoaren eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren defentsan elkarrekin sinatu zuten artikulua. Eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin lehendakariak hilaren amaieran egingo duen bitariko bilera ere nabarmendu du Ubarretxenak.
Horri lotuta, hain justu, Ubarretxenak iragarri du Pradales Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentearekin bilduko dela datorren astelehenean, Baionan. Itsas Eskualde Periferikoen Konferentzia bihartik ostiralera bitarte bilduko da, Maltan; Pradalesek ez du parte hartuko, baina Jaurlaritzak iragarri du Ardatz Atlantikoaren Batzordearen buru izateko hautagai aurkeztuko dela lehendakaria.
«Gaizki hasiko ginateke ehun egunean gauza positiboen ordez negatiboak ikusten hasiko bagina. Gobernu honek lan egiteko ilusio handia dauka, eta lan egingo dugu legealdi osoan horrela izan dadin»
MARIA UBARRETXENAEusko Jaurlaritzako bozeramailea
Hamazazpi lege
Jaurlaritza eguneroko lanari begira jarrita dagoela ziurtatu du Ubarretxenak, eta zehaztu du legealdirako helburuak betetzea duela xede. Denbora eskatu du, halere, erronka guztiei heldu ahal izateko: «Gustatuko litzaiguke ehun egun nahikoa izatea dena betetzeko, baina badakigu denbora behar dugula horretarako. Lanean jarraituko dugu egunero, ilusioz eta anbizioz, autoexijentziarik handienarekin eta arriskatzeko beldurrik gabe, lehendakariak lehen egunetik esan zigun bezala».
Gaur jakinarazi ditu, hain zuzen ere, legealdi honetan onartu nahi dituzten legeak. Hamazazpi dira guztira, eta horien artean daude, besteak beste, unibertsitate legea, diskriminazioaren aurkako legea, administrazioa arintzekoa, eta gardentasunaren legea —laugarren saiakera izango du—. Aurreko gobernuarenak baino hemeretzi gutxiago dira, baina Ubarretxenak ez dio garrantzirik eman horri: «Asko edo gutxi diren, hori bakoitzak erabakiko du. Gizarte gisa ditugun erronkei erantzuteko behar ditugunak dira».
Zerrenda horretan ez dira ageri ez Osakidetzaren itunarena, ez eta estatutu berriarena. Horietaz galdetuta, Ubarretxenak esan du zerrendatik kanpo ere beste batzuk onartzeko aukera badagoela, eta lanean ari direla horiek ere egutegian gehitzeko.
LEGEGAIEN EGUTEGIA
Kanpoan den euskal komunitatearen legea (2026)
Dopinaren aurkako legea (2026)
Kulturaren euskal sistemaren legea (2026)
Parte hartze instituzionalari buruzko legea (2027)
2027-2030 Euskal Estatistika Planaren legea (2026)
Administrazioa bizkortzeko eta sinplifikatzeko legea (2025)
Euskadiko gardentasun legea (2025)
Bilboko aduanetako agente eta komisio hartzaileen elkargoa desegiteko legea (2024)
Ingurumen zientzietako tituludunen Euskadiko elkargo profesionala sortzeko legea (2024)
Euskadiko Kriminologiaren Elkargo Ofiziala sortzeko legea (2024)
Tratu berdintasunari eta diskriminazioaren aurkako borrokari buruzko legea (2025)
Gizarte zerbitzuen legea (Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 legea aldatzea) (2027)
Euskadiko trenbide sektorearen legea (2027)
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2003 Legea aldatzeko legea (2027)
Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legea aldatzeko lege proiektua (2026)
Euskadiko merkataritza jardueraren lege proiektua (2027)
Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legea aldatzeko lege proiektua (2027)